Iruñea, c. 848. Oneka Orti jaio zen, Iruñeko Orti I.a Gartzez Begibakarra erregearen eta Auria erreginaren alaba, Aritza leinukoa. Haren berri Rodako Kodexak eta Al-Andaluseko historialarien kronikek jaso zuten, bain a ezer gutxi adierazten dute bere izaeraz eta, hala, Oneka bere ezkontzek izan zuten eragin politikoarengatik da nagusiki ezaguna.
Orti Gartzez aita 860. urtean atzeman zuten musulmanek Muhammad I.a Kordobako emirra buru zuen espedizio batean. Kordobara eraman zuten eta han eman zituen hurrengo bi hamarkadak, urrezko kaiolan preso. Luxuzko gatibualdi luzean Oneka alaba izan zuen lagun; ez dakigu aitarekin batera harrapatu zuten edo gerora bidali zuten emirraren gortera, baina handik bi urtera Oneka nerabea emirraren seme Abdullahrekin ezkondu zen –edo ezkondu zuten–. Esklabo kristauen eta agintari musulmanen arteko ohaidetzak ohikoak ziren; duela bi urte, atal honetara bertara, kalifaren kutun bihurtu zen Subh esklabo baskoiaren kasua ekarri genuen. Baina errege familia kristau eta musulmanen arteko ezkontza bakarrenetakoa izan zen hura. Gainera, Omeia eta Aritza dinastiak batu zituen ezkontzak eta horrek bide eman zion Iberiar penintsulako bi erresuma nagusien arteko kolaborazioari.
Onekak hiru seme-alaba izan zituen. Muhammad semea tronuaren oinordeko izendatu zuten, baina 891n hil zuten eta, azkenean, Abd ar Rahman Onekaren bilobak lortuko zuen postua.
Baina hori baino lehen, 882an, Oneka Iruñera itzuli zen aitarekin, seme-alabak atzean utzita. Berehala bere lehengusu Azeari Antso Larraungoarekin ezkondu zen/zuten, eta harekin ere hiru seme-alaba izan zituen. Tota eta Antsa alabak Semeno leinuko kideekin ezkonduko ziren eta hala, Nafarroako Aritza eta Semeno dinastiek bat egin zuten.
Rodako Kodexak kronologia hori guztia zalantzan jartzen du; Oneka lehenago jaio zela dio, lehen ezkontza Azeari Antsorekin izan zela eta gero ezkondu zela Abdullahrekin. Baina faktoreen ordenak ez du produktua aldatzen: hari esker hiru leinuek bat egin zuten.
Hurrengo mendean, Kordobara esklabo ohaide gisa iritsitako Subhek gerora eragin handia izango zuen, praktikan erregeordetza lanak eginez. Oneka printzesa, ordea, tresna hutsa izan zen. Hori bai, oso tresna eraginkorra.