Oaxakatarrei ekonomia berdeak bortizkeria iraunkorra eraman die

  • Mexikoko Oaxakan Tehuantepec istmoa bilakatu da munduko haize-errota parke handienetakoa, erregai fosilak kiskaltzea gutxitu gabe energia berriztagarrietan txapeldun agertu nahi duten korporazio handien erakusleiho. Ekonomia ustez berdeak hor erakusten du, ordea, itzalpeko aurpegi itsusia: natur baliabideen lapurretaz kexu diren herritarrei konpainiek, gobernuak eta militarrek intentsitate apaleko gerraz erantzuten die. Kontrainsurgentzia zaharraren aplikazio berriak.

Mexikoko ‘El Hormiguero’ hedabideak zabaldutako irudian, zapoteka etniako emakumeak protestan beren itsas hegian atzerriko korporazioek eraiki nahi dizkieten haize-erroten eta haientzako azpiegituren –tartean portu berri bat– kontra. Agindutako aurrerapen
Mexikoko ‘El Hormiguero’ hedabideak zabaldutako irudian, zapoteka etniako emakumeak protestan beren itsas hegian atzerriko korporazioek eraiki nahi dizkieten haize-erroten eta haientzako azpiegituren –tartean portu berri bat– kontra. Agindutako aurrerapen ekonomikoaren ordez, arrantza lekuak hondatu eta bizimodua lehenaz gain gogortu dietelako kexu dira.

“Suntsiketak aurrera darrai. Ingurumena bakarrik ez dute suntsitzen: jende indigena eta ez indigenek beren ekosistemak, kulturak eta bizitzeko modu alternatiboak industrialen esku hartzearen aurrean defenditzeko dauzkaten egiturak ere suntsitu nahi dituzte. Gobernuek eta sozio dituzten enpresariek gerra deklaratu diete. Marcos komandante-orde zapatistak Laugarren Mundu Gerra deitu duen honek aurrera jarraitzen du, mundu osoan bezala”. Alexander Dunlap unibertsitario holandarraren hitzak dira, berrikitan  “Wind Energy: Toward a ‘Sustainable Violence’ in Oaxaca” titulupean plazaratutako txosten akademiko batean.

Amsterdameko Vrije unibertsitatean Antropologia Sozial eta Kulturalaren sailean ari den Dunlapek egonaldi luzeak egin ditu Tehuantepec istmoko herrietan barrutik ezagutzeko energia eolikoaren sustatzaileen eta herritarren arteko gatazkak eta baita Alvaro Obregon –zapoteken hizkuntzan Gui’Xhi’Ro’)–hiriko gobernu indigena komunitarioaren sorrera eta garapena ere.

Tigre Basatia delako batek honela laburbildu dio egoera Dunlapi: “Diote haize-erroten garapenaren zergatia beroketa globalean datzala, baina iruditzen zait enpresaburuek aitzakiatzat darabiltela. Gure hizkuntzan beroketa globalari esaten diogu lurraren gaixotasuna. Ama Lurra eri da, baina dirua daukaten horiek Ama Lurraren eritasunari etekina ateratzen diote lehen nazioetako jendeari natur baliabide guztiak lapurtzeko. Osten ari zaizkigu gure ura, gure haizea, gure lurrak, gure oihanak”.

Munduko Bankuak aspaldi idatzi zuenean Mexikoko Tehuantepec itsas bazterrak dauzkala “munduko haize baliabiderik onenak”, Ipar aberatseko kapitalari non inbertitu erakusten ari zitzaion. 2000. urtetik 2016ra bitartean 27 parke eoliko eraiki dituzte bertan 1.800 haize-errota baino gehiagoz. Hasieran iparralde menditsuan zutitu zituzten errota erraldoiak, funtsean konpainia iparramerikarrek eta espainiarrek: Iberdrola, Acciona, Endesa, Gamesa... Primeran zetozkien 1992an Mexikok ezarritako Elektrizitate Legearen aldaketa eta AEBekin sinatutako NAFTA itun berria.

La Venta, La Ventosa, Santo Domingo Ingenio eta Union Hidalgo udalerrietako lekuko eliteek, pozarren sustatu zituzten parke berriak, konpainiei bide guztiak erraztuz ustez langabezia eta txirotasuna arintzera omen zetozen proiektuetan. Laster ikusi zen promesa gehienak gezur hutsak zirela eta aberastasunaren ordez eraso gero eta gogorragoak zetozkiela haize-errota berrien inguruan oztoporik jartzera ausartzen ziren bakanei.

Energia berdeak, ordea, gero eta etekin hobeak ematen zizkietenez, konpainiek eta gobernuak ekin zioten bigarren faseari, Tehuantepec istmoko hegoaldean. Zapoteka eta Ikoot etnietako jendeak bizi dira bertan, asko arrantzatik. Ez zieten ongietorririk egin. 2006an Mareña Renovables –orain Eolicas del Sur– hasi zenean Bii Hioxo parkea eraikitzeko planekin, ordurako abisua pasea zieten aurretik iparraldeko mendialdean haize-erroten miraria probatuta zeukatenek: “Guk pobre izaten segitzen dugu baina orain haize-errotaz inguratuta”.

Izenez iraunkor, izanez jasan ezinezko

Herritarrei baimenik eskatu ez izana, ustelkeria politikoa, negozio berriaren etekinak ez banatzea, arrantzaleei beren lana eragoztea, eraikuntza berriek egindako suntsiketa ekologikoak... denak pilatuta lehertu zen jendearen haserrea Alvaro Obregon (Gui’Xhi’Ro’) herrian. Konpainiak eta agintariek antolatutako erantzun bortitzak (jipoiak, mehatxuak, hilketak...) ez zuen konpondu egonezina.

2013ko otsailaren 2an borrokatu zen Barrako Gudua, zeinetan matxinoek badia barruko barra defenditzeko blokatu zuten barrikadaz, alde egitera behartuz erasoan etorritako 500 poliziak. Hartatik sortu zen matxinoen polizia komunitarioa. Eta 2013ko abenduaren 8an bortizkeriarik gabe lortu zuten Gui’Xhi’Ro’ko udaletxea berenganatzea.

Geroztik bi bloke eta bi botere bizi dira elkarren ondoan ahal bezala Alvaro Obregonen. Alde batetik orain arte Mexiko osoan bezala hemen ere agindu duten alderdietako kide, funtzionario eta kazikeen bandoa, Constitucionalistas deituak –jende gehienentzako Los Contras– aginte zentralaren eta haize-erroten konpainiaren babesarekin. Bestetik Comunitarios jendea, klase askotako militante eta herritarrez osatutako blokea, polizia propioarekin eta indigenen ohiko ohitura eta legeen araberako elkarbizitza antolatzen saiatzen direnak. Honek ekarri du, Dunlapen analisian, intentsitate apaleko gerra zibil bat.

Intentsitate apaleko gerraz edo kontra-intsurgentziaz ari da, gobernu eta korporazio handiek matxinoen kontrako borroka asimetrikoa kudeatzeko erabiltzen duten tresna multzo zabala: operazio psikologikoak (PSYOP), hedabideen manipulazioa eta baita politika sozialen erabilera ere. 90eko hamarkadan, kanpaina polizial eta militarrak gero eta garestiagoak direla eta, neoliberalak garrantzia handia hasi zitzaizkion ematen gizartearen oniritzia lortzeari. Jendeen onarpena lortzeko estrategien artean aipatzen ditu Dunlapek Korporazioen Erantzukin Soziala (CRS ingelesezko sigletan) eta Proiektuen Aldez Aurreko Kontsulta (FPIC).

“CRS eta FPIC horiekin–dio Dunlopek–, Oaxakan ikusi den moduan, ahalegintzen dira gatazka goxatzen harreman publiko eta komunikazio sofistikatuen bitartez, diru garden eta ezkutuak erabiliz gizartea zatikatzeko eta herri galdeketak erabiliz proiektu estraktibo gatazkatsuei legitimitatea emateko. Askok bestela uste arren, ez CSR eta ez FPICek baimentzen diete ez indigenei eta ez beste ezein giza talderi martxan dauden proiektuak gelditzerik. Oso alderantziz, jendeak derrigortzen dituzte hautatzera: edo negoziatu, konpainiaren eskaintzak onartuz, edo borroka egin proiektuak gelditzeko”.

Euskaraz garapen jasangarri eta iraunkor itzuli izan den sustainable development ideiak bere bidea egin du 1987an Brundtland txostenean aurkeztu eta 1997an Kyotoko gailurrean kontsakratu zutenetik: “Hitz batez, ekonomia berde deitua ez da Laugarren Mundu Gerraren jarraipena baizik, bestelako baliabidez. Oaxakan haize energiaren garapenarekin hala ageri da”.

Guregandik hurbilago, Bretainiako Notre Dame Des Landesen inguruan ikusten ari garena Reporterre aldizkarian Herve Kempf kazetariak lotu du Gerra Zibil Mundiala deitzen duenarekin: “Funtsean mundu mailako gerra zibil bat ari da gertatzen, agintean diren klaseek daramatena mundializazioak zorabiatuta dauzkan herrien kontra, eta kapitalistek ezarritako shock estrategiari oraindik aurre egitea lortzen duten taldeen kontra”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Globalizazio neoliberala
Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


Berriz mahaigaineratu dute Mercosur-EB merkataritza askerako akordioa, klima larrialdirik ez balego bezala...

Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]


Ez adiorik, Tuvalu

2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]


2023-02-13 | ARGIA
“Supermerkaturik gabeko otsaila”, hurbileko jatetxe, komertzio eta baserriei kontsumitzeko

Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]


2022-12-16 | Sustatu
Amazonen kutxatila-biltegi baten kontrako trollgintza

Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]


Eguneraketa berriak daude