argia.eus
INPRIMATU
Ni neu
IƱaki Murua 2018ko apirilaren 18a

Niak maiz eskatzen dit “teknologia”-n eguneratuago egoteko: Iphone-aren azken bertsioa erosita beharko nuke eta auto berria, bigarren eskuko ia 350 mila kilometro dituen horren ordez!

Neuk erabakitzen dut, ordea, eta mugikorra 2.0 izanagatik eta modelo zaharrena, balio didala erabaki dut. Gauza bera autoarekin, eskua hartua diot eta ezagutzen ditut bere zirrikitu gehienak, akatsik ohikoenak, eta abar. Teknologia gure aurretik joatea aspalditxo onartu nuen, baina egunero erabili behar izaten dudan teknologia, ahal badut, ezagutu eta menperatu nahi dut. Aurretik joatea bat da eta aurrean hartuta berak nahi gisara eramatea bestea. Behin gure auzo herriko batek, garai hartarako oso aurreratua zen erloju digital bat erosi zion saharar bati eta, haserre bizian hau bota zigun koadrilan: “Hala esan zidan [saharar saltzaileak]: ‘honekin dutxatu ere egin zaitezke!’. Ba, dituen botoi denak behin eta berriz sakatu arren, ez du ur tantarik ere botatzen! Kabroia halakoa, harrapatzen dudanean…”.

Niak “osasun” alorrean izugarri estutzen nau, inon diren birus eta bakterietatik isolatuta, erlojuaren eta pastillen mende; medikuak, lagun minenak zer aginduko; ezagun piloak, bakoitzak bere sendagile hoberena bisita dezadan edo mirarien pareko tratamenduak egiten has nadin…

Neuk, berriz, aholku denak intentzio hoberenez eginak direla pentsatuz, errespetu osoz entzun eta sendagileen helbideak eta txartelak patrikaratuz eskertu eta pentsatu ohi dut, beste gabe dirua dugulako, kontsulta horiek denak bisitatzea eta diagnosia entzunik hainbeste tratamendu egiten saiatzea, ez litzatekela justua izango. Burutik jota bukatzeko arrisku galanta! Eta aseguru on horietakoa badaukazu, gainera, bizirik baino hilda ia-ia gehiago balio duzula otuko balitzaizu…
Horiek horrela, entzun beharko diozu betikoa eta betirakoa dirudien, mahaspasa bezain ximel bizi guztian ezagutu duzun amonari “hemen norbera da bere buruaren medikurik onena”.

Niak “denbora” niretzat hartzeko eskatzen dit besteentzat hainbeste aritu gabe!

Baina neuk badakit ez dudala denbora bat niretzat eta beste bat besteentzat. Denbora bakarra baita. Beraz, besteentzat sortzen eta lortzen ari naizen denboran, ni neu ere elikatzen naiz, besteak hobetzen ikusteak ni neu hobeto sentiarazten bainau!

Zenbat eta ni neuago eta neu niago, orduan eta geuago sentitzen ditut ingurua eta ingurukoak. Gutik ikusi, sentitu, bizi nahi dut nia ere, ahal dudan neurrian eta onartzen zaidan mailan. Horrela entrenatu naiz/naute!

Denbora faltarik ere ez dut izango, gainera, egungo euskaldun berrienei esker. Hau mauka! Gu denbora pasa ibiltzen ginen zereginik ez eta, hauek denbora egiten aritzen dira. Eskerrak! Badut denbora zernahitarako!