"Feminismoa ez dago gizonezkoen kontra, baizik eta patriarkatuaren kontra"

  • Bere burua “aktore, zuzendari, feminista eta zonbi-hiltzaile” definitzen du Leticia Dolerak (Bartzelona, 1981). Antzezle gisa ibilbide luzea egin ondotik, 2015ean zuzendu zuen bere lehendabiziko filma eta otsailaren hondarrean publikatu zuen Morder la manzana (Sagarra hozkatu), liburua.

Argazkia: Jordi Borrás

Noiz eta nola erabaki zenuen Morder la manzana liburua idaztea?
Feminismoarekin nuen konpromiso pertsonaletik jaio da Morder la manzana, prozesu natural baten ondorioz. Hein batean hondar ale bat jarri nahi nuen, gaurko gizartean hain beharrezkoa den mugimendu honetan.

Zein da liburu honen jomuga?
Feminismoaz asko irakurri dut azken urteetan. Pertsonalki, Nuria Varela, Ana de Miguel, Kate Millet edo Barbijaputaren liburuak ezinbestekoak izan zaizkit begiak ireki eta patriarkatuan nagusi diren genero desberdintasunaren arrakalak ulertzeko. Idazle horiek guztiek irakurle zehatz bat dute eta pentsatu nuen nik beste irakurle mota batengana iristeko aukera nuela. Azken finean, geroz eta ahots gehiago elkartu, orduan eta jende gehiagorengana iritsiko gara.

Liburuan sarri deitzen duzu gizonezko irakurleen arreta.
Noski, borroka hau eurena ere badelako. Liburuak balio du batetik, feminismoarekin lotura gehiegirik ez duten emakume askorentzat, azaltzen dudan errealitateekin identifikatuta sentitu eta euren kontzientzia pizteko. Baina, bestalde, garrantzitsua iruditzen zitzaidan gizonezkoen interesa erakartzea, gure azalean jarri eta emakumezkoen intimitateetara gerturatzeko aukera emanez.

Zer deritzozu gizonezkoek feminismoan duten partaidetzaz?
Baikorra naiz. Uste dut arazoa sarri izaten dela feminismoaren mamia ez ulertzea. Matxismoak feminismoa galarazi nahi izan du azken hamarkadetan, feminismoa gizonezkoekin haserre dauden emakumeen borroka gisa marraztuta. Horregatik kontzeptua argitu beharra dago: feminismoa ez dago gizonezkoen kontra, baizik eta patriarkatuaren kontra.

Aurtengo zinema jaialdietan tartea hartu du feminismoak. Zein da hemendik aurrera erronka?
Zinemagintzak bakarrik ez, kulturak aitzindaria izan behar du gizarte aldaketetan. Ezinbestekoa da kontakizun anitzagoa eraikitzea eta, horretarako, funtsezkoa da kameren atzean begirada gehiago sustatzea, tartean emakumeona: gizartearen erdia bagara, adimenaren eta irudimenaren erdia ere bagarelako da. Kontakizun kulturala aberastea da hurrengo urratsa.

Argazkia: Jordi Borrás

Eraso sexisten kontrako borrokaren ikurra bilakatu zara, beste hainbat aktore bezala. Zerbaitetan aurreratu al dugu?
Hollywoodeko indar mediatikoari esker, bortxaketen isiltasunaren kultura hausten hasi gara. Hori urrats garrantzitsua da, isiltzen dena ez baitago eguneroko agendan. Orain ikusi beharko da zer egiten dugun hemendik aurrera. Izan ere, biktimen sinesgarritasun ezak indar gehiegi du gaur gaurkoz.

Salaketa ez da sekula erabaki erraza. Behar al da protokolo berririk?
Zalantzarik gabe. Ni ez naiz honetan aditua, baina, funtsezkoa da biktimek halako gertakariak salatzen dituztenean duten zaurgarritasunarekin amaitzea. Izan ere, oso zaila da zure nagusia salatzea, are gehiago emakumea bazara.

Zinemagintzak elikatzen al ditu patriarkatuaren rolak?
Ohikoa da profil zehatz bateko emakumeak bilatzea: ederrak eta sexiak. Gurean, gainontzeko ogibideetan bezala, patriarkatuan nagusi diren patroi berak errepikatzen dira.  Zoritxarrez, lan elkarrizketa batera doan emakumeak puntu gehiago izango ditu nagusiaren erabakian, erakarpena badago.

Nola aldatu daitezke patroi horiek?
Kultura eta komunikabideen bitartez. Ohikoa da hedabideetan agertzen diren pertsonaia publikoen artean gizonezkoak ile-zuridunak, zaharrak eta zimurdunak izatea. Emakumezkoek, aldiz, beti izan behar dute ederrak eta gazteak. Kontakizun honen bitartez hedabideek helarazten duten mezua  da emakumea eta boterea uztartzeko, edertasuna ezinbestekoa dela. Komunikabideen papera ezinbestekoa da. Eta berdin gertatzen da kulturarekin.

Eta hezkuntzak zein toki du guzti honetan?
Noski, hori ere ezinbestekoa da. Kontuan hartu behar da DBHko liburuetan agertzen diren pertsonaien %7,5a bakarrik direla emakumeak. Gaztetxoak garenetik dugu rolen banaketaren presioa, eta horrek gure autoestimua zigortzen du. Erreferenteak lapurtu dizkigute eta, ondorioz, bidea irekitzea zailagoa zaigu.

Sarri pertsonaia publikoek beldurra izaten dute zurea bezalako aldarrikapenetan murgiltzeko. Zuk izan al duzu beldurrik?
[Isiltasuna] Uste dut marra gorria dagoeneko zeharkatu dudala… [irriak] Besterik gabe, nire ogibideak eman didan bozgorailua erabiltzen ari naiz feminismoa bezalako aldarrikapen justu baten alde. Beraz, zintzoki, ez dut orain arte ondorioetan pentsatu. Nik dakidanagatik, kulturan murgilduta gaudenok adierazpen askatasuna defendatzen dugu eta,beraz, baita askatasun ideologikoa ere. Beldurrarekin ez gara inora iritsiko, gizartean merezi dugun tartea aldarrikatzeko garaia iritsi da.

Iraultza feminista

“Gizon eta emakumeon arteko desberdintasuna sistemikoa denez politikoa ere bada eta, beraz, aldatu daiteke. Artea arriskua da: proba eta hutsegitea da. Beraz, kultura ogibide dugunok bozgorailu bikaina dugu gauzak aldatzeko. Ezinbestekoa da emakumeok beldurra galdu, eta, gizartean merezi dugun tartea aldarrikatzeko legitimatuta sentitzea. Morder la manzana adibide argia da: amildegian behera bota nintzen feminismoaren aldarrikapenean eta sekulako erantzun positiboa eta babesa jaso dut”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Gorputz hotsak
"Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude"

Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso... [+]


Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2024-03-17 | Diana Franco
Teknologia
Zirkuitua hackeatu

Martxoaren 8a dela eta, berri eta iritzi ezberdinak irakurri ditut. Berdintasunerako bidean lan handia egiten ari da gure gizartea, eta publikoki berdintasunerako bidean feminismoa onartua den borroka bada ere, gizarteko mikrokosmosetara jaisterakoan, bada oraindik berdintasuna... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Eguneraketa berriak daude