Asko dugu ikasteko guztion bizitza –eta ez soilik talde batena– kontuan hartzen duten haiengandik, naturaren oparotasuna eta jarioarekin harmonian bizi diren komunitateengandik. Eta, aldi berean, guk ikasitako gauza asko deseraikitzeko daukagu.
Lolita Chavez (Ixim Ulew; Guatemala, 1971) K’iche’ Herrien Kontseiluko ordezkaria da; ama naturaren, lurraren, eta giza eskubideen defendatzailea eta ekintzaile indigena. Komunitateko ageriko lana egiten hasi zenean, erasoak eta mehatxuak pairatzen hasi zen eta Abya Ayalatik ihes egin behar izan zuen; besteak beste, gure inguruko transnazionalek eragindako presio bortitzarengatik. Hala kontatu zigun Oreretako hitzaldian. Ez dator karitate bila, beraien egoeraren berri eman eta mugaz gaindiko elkarrekikotasuna aldarrikatzera baizik.
Arazoak ez dira soilik hango buruzagiek sortuak, gure inguruan oinarrizko kate-begiak daude. Transnazionalek, armek eta kolonizazioak hemen dute jatorria, eta Lolita Chavezek hala interpelatu digu
Arazoak ez dira soilik hango buruzagiek sortuak, gure inguruan oinarrizko kate-begiak daude. Transnazionalek, armek eta kolonizazioak hemen dute jatorria, eta Lolitak hala interpelatu zigun. Enpresa hidroelektrikoek ibaiei mugak jartzen dizkiete, energia “berdea” sortzeko. Gutxi batzuen mesedetan, ibaiaren bizitza eta haren ingurukoa merkatu-gai bihurtzen da, baina urtegien inguruko herriek argi-indarrik gabe jarraitzen dute. Titularretako energia “berdea”-k ingurune berdea suntsitu egiten du. “Jendeok ez-jende moduan tratatuak gara”, adierazi zigun zorrotz, bertakoen bizitzak ez baitira kontuan hartzen.
Merkatu-gai bihurtze horren atzean, sistema kapitalistaren jabetza eredu bortitza dago, zeinean pertsonak eta natura salerosketarako objektu hutsalak diren. Baina dena ez zen hor hasi: inbasoreek lurrak hartu eta salerosketarako erabili zituzten duela ez hainbeste denbora. Lurraldeen eta pertsonen jabetza sakonago markatzeko, bertakoak kolore batekin janztera derrigortu zituzten. Gaur egun, kolonizazio mota hori guztiz barneratu eta egun folklore moduan jasotzen dute.
Eta, bitartean, komunitateak Ama Naturarekin egiten du bat, elkarrekin aurkitzen dizkiete arazoei erantzunak, beraien arbasoen hitzak dituzte presente, lurraren jabetzaren aurka borrokatzen dira, elkar sendatzen dute eta elkartasun kolektiboan mugak gainditzen dituzte.
Haiengandik asko dugu ikasteko. Gu ere pertsona kolonizatuak gara, eta aldi berean, beste lurralde batzuetako kolonizazio prozesuen barruan kokatzen gara. Kontzientzia hori izatea beharrezkoa da, baldin eta bizigarria den mundua nahi badugu. Kolonizazioaz ohartzeko, jabegabetze prozesuak abiarazteko eta irudizko mugak gainditzeko tenorea da.