argia.eus
INPRIMATU
Jauzi elektrikoa
Joxi Ubeda Goikoetxea 2018ko apirilaren 18a
Izaki bizidun berriak. Mikel Uraken. Autoekoizpena, 2018

Mikel Urakenen aurreko diskoa –Neguaren ostean, 2015– oso ona da. Berak bakarrik grabatu zuen, bere ahotsarekin eta gitarrarekin. Baina lan berria modu berean egin baino, beste bi lagunekin auzolanean egitea erabaki du eta beste modu batean. Horrela, David Tobal bateria jotzailearekin eta Gorka Pardo baxu jotzailearekin –Sisha Pagma eta Hauts taldeetan aritutakoak dira, hurrenez hurren– erronkari aurre egin dio, eta asmatu egin du, ederra baita lanaren emaitza, zirraragarria.

Aurreko lanean, euskal folkaren sustraietatik abiatuta, molde berri batzuk landu zituen Mikelek. Disko berrian jauzi bat aurrera egin du Daviden eta Gorkaren laguntzaz, jauzi elektriko bat, eta beste giro batzuk sortu dituzte, orain lasaiak eta leunak, orain biziak eta bortitzak, neurrian egindako marrazkiekin eta xehetasunekin ederki jantziak.

Oro har, kanta edo pieza luzeak dira, gure barruko hutsa, ahuldadea, ezintasuna, samina, beldurra eta bakardadea azaltzen dituztenak: “Gizakia naizela amets egin dut, amets, amets, gizakia bere hustasunean” (Gizakia naizela), “Mila hitz galdu, mila bizipen, josten goazen txatal zaharrak; bizi proiektu, amets erditze, heldu gabeko une hutsalak” (Instant bat), “Badakigu besteen lekuari gure lekutik kantatzeak une batez baino ez digula azkura jabalduko; gero, berehala, berriz kantatu beharko diogula gure ezintasunari” (Besteen lekuan), “Arima husten ari da, hasi da oinazea, itota geratu da zor nizun ixilunea” (Ordu herdoilduak).

Izaki bizidun berriak izenburuak berak azaltzen duenez, Mikel Uraken berri bat da, hiru buru dituen izaki berri bat. Kantuak Mikelek berak konposatu ditu –hitzak Gorka Erostarbek, Aiert Goenagak eta Gotzon Barandiaranek idatzi dituzte–, baina moldaketak hiru musikarien artean egin dituzte. Halaber, aipagarria da Ander Barriusok egin duen lana, soinu eta ekoizpen arduradun gisa.

Datozen egunetan jendaurrean ariko dira Mikel, David eta Gorka, Izaki bizidun berriak aurkezten. Besteak beste, apirilaren 19an Bilboko Kafe Antzokian, maiatzaren 5ean Tolosako Bonberenean eta ekainaren 2an Laudioko Orbeko Etxean.