Historia berrikusten

  • “Zinemak gezurrak esan ditzake, kirolak ez”. Hauxe da Julien Faraut zuzendari frantsesaren L’empire de la perfection (2018) pelikularen ardatza. Ideia Godarden elkarrizketa batetik dator: “Giza gorputzak gezurrik esan gabe jarraitzen duelako ikusten dut oraindik kirola. Politikak, zinemak eta literaturak gezurrak esan ditzakete, kirolak ordea, ez”. L’Équipe kirol aldizkarian aurkitutako hitz hauek bihurtu zituen bere pelikularen oinarri Farautek. Kasu honetan, gezurrik esan gabe jarraitzen duen gorputza John McEnroe tenislariarena da. Garai hartako jokalari onena ikusiko dugu koloretako 16mm-tan 1984. urtean. Ikusi edo, hobeto esan, berrikusi.

John McEnroe tenislariaren mugimenduak, keinuak eta begiradak baliatzen ditu 'L’empire de la perfection' dokumentalak.
John McEnroe tenislariaren mugimenduak, keinuak eta begiradak baliatzen ditu 'L’empire de la perfection' dokumentalak.

Pelikula hau joan den otsaileko Berlinale zinemaldiko Forum sailean estreinatu zen eta zinema aretoa ia zutik jarri zen Parisko lur gorrian McEnroe-ren tantoak ikustean. Ikustean edo, hobe esanda, berrikustean. Farauten saiakera zinematografikoak hainbat lotura proposatzen ditu zinemaren eta tenisaren artean: mugimendua eta denbora; tenislari eta fikziozko pertsonaia baten antzekotasuna; edo jokalari batek pistan drama eraikitzeko daukan boterea. Badirudi Tom Hulce aktorea McEnroerengan oinarritu zela Milos Formanen Amadeus prestatzeko eta Serge Daneyk, itzal handiko zinema kritikariak, hamar urtez idatzi zituela tenis kronikak Libération egunkarirako. Izan ere, Daneyren idatzi batek jasotzen duen gertaera aurkituko dugu L’empire de la perfection pelikulan ere: 1984. urteko ekainaren 5ean Roland Garrosen parte hartzen ari ziren tenislariak kexatu ziren kamerek eta argazkilarien flashek egiten zuten zarataz. McEnroeren kasuan, ez zen berria medioekin iskanbila sortzea: “Bezperan telebista kamera baten kontra jaurti zuen pilota eta begirada batez birrindu zituen garabi baten gainean munduan bakarrik zeudelakoan ozen hitz egiten ari ziren bi teknikari”, azaltzen du Daneyk. Begiratu funditzaile hau Farauten pelikulan ikus dezakegu. Ikusi edo, hobeto esan, berrikusi. Zuzendariak hamabost urte eman zituen Frantziako Kirol Institutu Nazionalean lanean eta bertan Gil de Kermadec dokumentalgilearen irudiak aurkitu zituen. Artxibo irudiak. Kermadec-ek tenisa irakasteko filmak egiten zituen eta McEnroe-ren jokatzeko erarekin hain obsesionatuta zegoen, tenislaria behin eta berriro filmatu zuela. Ez zituen tenis partidak filmatzen, tenislaria bakarrik filmatzen zuen: ezkerraz eginiko sakeak, hanken eta besoen mugimenduak, arbitroekin eztabaidak, bai eta Kermadec-en Arri SR kamerak egiten zuen zaratari botatako begirada birrintzaileak ere. Iraganeko keinuen artxibo irudiak.

Austriako iragan politiko iluna berrikusteko aukera ematen du 'Waldheims Walzer' filmak.

Waldheim ez! Waldheim ez! Waldheim bai!

Artxibo irudiekin egindako zenbait filmek arreta deitu dute Berlingo zine jaialdiko Forum sailean, tartean dokumental onenaren saria irabazi duen 'Waldheims Walzer'

L’empire de la perfection ez da izan aurtengo Berlinaleko Forum sailean ikusi diren filmen artean artxibo irudiekin egindako pelikula bakarra. Izan ere, dokumental onenaren saria Ruth Beckerman austriarrari eman diote Waldheims Walzer filmagatik. Proposamen honetan ere, 80ko hamarkadako artxibo irudiak ditugu baina, kasu honetan, zuzendariak berrikustarazten dizkigun keinuak Kurt Waldheimenak dira, Austriako presidente oiharenak: “Kurt Waldheim eta bere begitarte sorra. Bere eskuak oroitzen ditut, bere irribarrea eta lehen andrea izango zenaren perlak. Armonia aldarrikatzen zuen apaiz keinuak eginez. Telebista frantsesa ere obsesionatuta zegoen bere eskuekin. Austriako jendea besarkatu nahi zuela zirudien, liluratu”.

Artxibo irudi hauek beste berezitasun bat daukate, batzuk Beckermanek berak filmatu baitzituen. 1986. urtea zen, Waldheimek bere burua aurkeztu zuen Austriako presidente izateko eta Beckerman hautagaiaren aurkako mugimenduko aktibista zen. Protestak eta manifestazioak hasi ziren Kurt Waldheim, 1972tik 1981ra Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia izan zen Waldheim bera, nazien kolaboratzailea izan zela frogatzen zuten dokumentu eta irudi batzuk argitaratu zirenean. Hautagaiak behin eta berriro ukatu zuen eta eman zuen erantzun bakarra ezezko biribila izan zen. Dirudienez, politikarien gorputzak badira gauza gezurrak esateko. Aurtengo Berlinalen aurkezturiko filmak zuzendariaren artxibo pertsonala nahasten du artxibo kolektiboarekin, nazioarteko medioek 1986. urteko martxotik ekainera bitartean egin zuten kasuaren jarraipena ere erakutsiz. Waldheims Walzer-ek muntaketa bizkor eta askotan umoretsu baten bitartez, herrialde baten historia eta memoria birpasatzera gonbidatzen gaitu. Iraganeko aztarnei jarraituz, iraganeko irudiak berriro ikusiz, egungo Austria neofaxista sortzen joango da gure begien aurrean. Azken finean, 1986. urteko ekainaren 8an hauteskundeak irabazi zituen Waldheimek eta Beckermanen panoramika bikain batek erakusten duen bezala: “Waldheim ez! Waldheim ez! Waldheim ez!” garrasi egiten duten manifestariekin hasten den plano luzea, “Waldheim bai!” esaten duen gizon batekin bukatuko da. Iraganeko irudiek oraina ikustarazteko ahalmena daukate.

Diktadura osteko Uruguain hartutako irudiekin osatuta dago 'Unas preguntas'.

Boto txartel horia ala berdea?

“Zer da bakea zuretzat?” galdetuz, Uruguai zeharkatu zuten Kristina Konradek eta
María Barhoumek diktadura bukatu zenean. 32 urte geroago berreskuratu ditu irudiak, herrialde baten memoriari ekarpena eginez

Ruth Beckermanek plano hori filmatu zuen urte berean, Kristina Konrad Uruguaiko kaleetara atera zen María Barhoumekin batera, U-matic kamera batekin jendeari bakea zer zen galdetzera. “Zer da bakea zuretzat?”. Hamabi urteko diktaduraren ondoren (1973-1985), 1986. urtean amnistia lege berri bat ezarri zuten Uruguain. Hori zela eta, diktaduran parte hartu zuten eta giza eskubideen aurkako krimenak egin zituzten militarrak inolako zigorrik gabe gelditu ziren, inpunitatea eman zieten eta. Herritar batzuen haserreak eta mobilizazioek lortu zuten erreferendum bat egin zedin. “Zer da bakea zuretzat? Eta justizia?”. Unas preguntas pelikula ere estreinatu da aurtengo Berlinaleko Forum sailean. Pelikula ikaragarria da. Izugarrizko dokumentu historikoa. Legea ezarri zutenetik 1989. urtean erreferenduma egin zen arte Konrad eta Barhoumek filmatutako irudi guztiak ikusiko ditugu, gordinean, garaiko kanpaina politikoekin tartekatuta. Lau ordutan Uruguai zeharkatuko dugu: landatik hirira, auzorik aberatsenetik behartsuenera. Klase, arraza, genero eta adin guztietako pertsonak ikusiko ditugu kameraren aurrean hizketan. “Zer da bakea zuretzat?”. Eta hain erraza dirudien galderak ez die gorputz horiei gezurrik esaten utziko. Elkarrizketa trebe batzuetan zalantzak ziurtasun bilakatzen ikusiko ditugu, gorputz iheskorrak geldirik gelditzen eta errespetua eragiten. Elkarrizketa trebe hauetan mina, manipulazioa eta mendekua ikusiko ditugu, Montoneroak eta desagertuak, historia eta memoria. Ikusi edo, hobeto esan, berrikusi. Eta bukaeran beste zerbait ikusiko dugu, beste zerbait berrikusiko dugu: 1989. urteko apirilaren 16ko erreferendumaren derrigorrezko botazioan hori koloreko boto txartelek berdeei irabazi zieten, amnistia legea onartuz eta Uruguairi hamabi urteko diktaduraren errepasoa ukatuz.  

Zorionez, Kristina Konradek, irudi hauek filmatzen hasi eta 32 urte geroago, Unas preguntas pelikula egin du Uruguaiko historia bere erara birpasatuz eta ikusgai eginez. Eskerrak orain dela 32 urte filmatu zituen irudi horiek ez zirela galdu, ezabatu, usteldu, desagertu; irudien desagerpenarekin batera, herrialde oso baten historiaren zati bat desagertu zitekeen eta. Hona hemen artxiboaren garrantzia eta artxibozainen berebiziko ardura. Herrialde baten memoriaren, irudien eta soinuen zaindari, babesle, eragile. Ogibide liluragarria eta boteretsua da benetan.

Gurera etorrita, pozgarria da egun, artxiboen prekarizazio eta utzikeria garaian, Elías Querejeta Zine Eskolak eskaintzen duen graduondoko bat Artxiboa izatea. Dudarik gabe, erresistentzia keinu bat da. Datorren urtean taldea osatuko duten hamabost ikasleek irudiak eta soinuak zaharberritzen ikasiko dute, materiala aztertzen, proiektatzen, gordetzen. Batek daki haietako nork egin nahiko ote duen artxibo pelikula bat. Agian, hilabete honetan 40. urteurrena ospatzen duen Euskadiko Filmategiak ikasle horri gordeta daukan materialen batekin lan egiten utziko dio. Edo agian, EITB-ren artxiboan murgiltzeko aukera izango du. Nork daki. Agian datorren urteko Berlinaleko Forum sailean hemengo artxibo irudiekin egindako pelikula bat ikusteko aukera izango dugu. Horrela bada, hemengo historia ikusiko dugu. Ikusi edo, hobeto esan, behingoz, berrikusi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude