Aiaraldea Ekintzen Faktoria bizitza egitera doa

  • Bizitzeko proiektu baten aterpea izan asmo du. Aiaraldea Komunikazio Leihoak hauspotu du ekimena, eta komunikabide izatetik komunitate izateko jauzia ematen ari dira. Hezkuntza, feminismoa, kultura, ekonomia sozial eraldatzailea eta elikadura burujabetza ardatz, eta euskara bilgarri eta ibilgailu, bizitzeko alternatibak eraikitzen ari dira Aiaraldea Ekintzen Faktorian.

(Argazkia: Aiaraldea Komunikazio Leihoa)
(Argazkia: Aiaraldea Komunikazio Leihoa)

Erdaraz galdetzen duenari euskaraz erantzun. Aiaraldea Ekintzen Faktoria “martzianokeria” bat izan daiteke, Gartzen Garaio proiektuko kideak dioen gisara, euskararen kaleko erabilera %4koa den eskualde batean bizitzako esparru guztietarako alternatibak euskaraz eraiki nahi baititu. Nola edo hala, talaia berean ziren orain zortzi urte Aiaraldea Komunikazio Leihoa –Aiaraldea Gaur atariak eta Aiaraldea Hemen paperezko hamabostekariak osatzen duten elkartea– sortu zutenean, eta egun Aiaraldea.eus euskak komunikabideetatik bederatzigarren kontsumituena da sarean, azaldu dutenez.

Laudioko industrialdean kokatuko da Ekintzen Faktoriaren epizentroa. Bazkideen ekarpen ekonomikoari esker eskuratutako 750 metro koadroko pabilioia orrazten ari dira bertan, baina egoitza Laudion izanagatik ere, proiektuak eskualde osoan eragin nahi du. Orobat, hedabidearen lerro berean, proiektua ez da eskualde administratibora mugatuko. “Hedabidea sortu genuenean, ez ginen Aiarako eskualde politikora –Aiara, Okondo, Artziniega, Laudio eta Amurrio– mugatu. Aiaraldea eskualde soziologikoa litzateke”, dio Gartzen Garaiok. Hau da, Aiarako herriei Orozko, Urduña, Arakaldo eta Arrankudiaga batu zaizkie.

Izar mendiguren (Aiaraldea.eus):
“Guk alternatiba bat planteatzen dugu, pertsona eta komunitate bezala, suntsitzen gaituen sistema sozial eta ekonomikoaren aurrean biziko eta heziko gaituena. Eragiteko modu bat nahi dugu eta ekintzen bitartez egingo dugu guztia, euskaraz”

Hastapenak

Aiaraldea Gaur 2010ean sortu zen. Euskarazko tokiko hedabideen presentzia murritzari erantzun asmo zioten sortzaileek, eta ehundik gora boluntariok hauspotu zuten aiaraldea.eus ataria. 2013an paperera egin zuten salto, eta Aiaraldea Hemen hamabostekaria kaleratu zuten, biak ala biak Aiaraldea Komunikazio Leihoa markaren pean. Horrenbeste ziren proiektuak erakarri zituen boluntarioak eta atariak jasotzen zituen bisitak, ezen soldatapeko izaera hartu baitzuten batzuk, eta hedabidea gorpuzten hasi zen. 2015ean Aiaraldea 2020 izenpetu zuten gogoeta estrategikoa abiatu zuten etorkizunari begira, eta urte eta erdi iraun zuen hausnarketa egin zuten. “Ordu arte komunikazio arloa landu genuen, eta gazteleraz bizi den eskualde baten berri euskaraz eman dugu, baina planteatu genuen beharrezkoa zela bizitzako esparru guztietan eta balio eraldatzaileen arabera bizitzeko aukera berriak sortzea”, azaldu du Garaiok. Horrela, Aiaraldea Komunikazio Leihoak Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren bidea hasi zuen.

Eusko Jaurlaritzak Gizarte Ekimeneko izendapena eman baitzion, elkartearen izaera juridikoa irabazi asmorik gabeko kooperatibara aldatu zuten iazko martxoan, eta hedabideaz arduratzen den Komunika sozietate mugatua ere kooperatiban integratzeko lanean dihardute orain. Halaber, kooperatiba “berezia” dela dio Garaiok: “Erabakimenaren erdia langileek dute, eta beste erdia bazkide erabiltzaileek. Hortaz, proiektuaren helburu sozialak bermatzeko, erabaki bat hartzeko ez da nahikoa kooperatibaren erdia baino gehiago ados egotea, langileen erdiak eta bazkideen erdiak ados egon behar dute”.

Bestalde, Laudion kokatutako pabilioia askotariko proiektu eraldatzaileen bilgunea izango da. Kooperatibaren barneko enpresak eta proiektuak, Komunikak kasu, etorkizunean indibidualki emantzipatzea dute helburu.

Jakina da tamaina honetako proiektuen arazo nagusia finantzazioa izan ohi dela. Proiektuak bazkideak eta diru-laguntzak ditu euskarri, baina “askitasuna” dute helburu. “Askitasuna lortzeko eta areagotzeko, Komunika sortu zen bezala, etorkizunean proiektu gehiago sustatu nahi ditugu”, dio hedabideko zuzendari Izar Mendigurenek. Egun, diru-laguntza publikoak Faktoriaren %30a finantzatzen dute.

Urte eta erdiko hausnarketaren ondoren hasi zuten Ekintzen Faktoria sortzeko egitasmoa eta 750 metro koadroko pabilioia orrazten ari dira horretarako (arg. Aiaraldeko Komunikazio Leihoa)

Balioen arkitektura

Laudioko pabilioia proiektuak garatu nahi dituen balio nagusien arabera eraikiko da. Garaiok dioenez, “hezkuntza proiektua garatzeko espazio bat izango da, haur eta gurasoentzako batez ere; elikadura lantzeko ekonomato bat bere sukaldearekin; kulturari lotutako oholtza, hedabidearen proiektua…” Hori guztia pabilioiaren lehenengo pisuan kokatuko da eta edozeinentzako espazio irekia izango da. Hedabideari dagozkion bulego eta espazioak, aldiz, bigarren pisuan eraikiko dira.

Proiektuaren sortzaileen asmoa da bertan egiten dena “publikora zabaltzea”, eta Aiaraldea Komunikazio Leihoak egingo du hori. Hala, hedabideak antolatuko ditu Faktoriako ekitaldiak, eta webgunearen edo paperaren bitartez zabalduko ditu. Bestalde, 2019an tokiko telebista pizteko asmoa dutela iragarri du Garaiok.

Balio horiek garatuko dituzten lan taldeak osatu dituzte. Hezkuntzako lan taldea, kasu, hezkuntza proiektua garatzen ari da, eta haurren ahalduntzea eta parte hartzea sustatzea du helburu, gurasoentzako formakuntza tailerrekin batera. Izar Mendiguren feminismoaren lantaldean dago, eta esan du feminismoak “proiektu guztia” bustiko duela. Ildo beretik, Ekintzen Faktoria euskararen etxea izango den bezala, emakumeen etxea ere izango da, baina eskualdeko eragile feministen lan independentea errespetatuz. “Gaur egun, inguruko herrietan badira emakumeen elkarteak eta talde feministak. Artikulatuta daude, baina ez daukate elkartzeko gunerik. Ziur asko denek edukiko dituzte arazo komunak, eta horri erantzungo liokeen espazioa izan daiteke Faktoria”, azaldu du Mendigurenek.

Pabilioiaren barrutiak eraikitzeke daude oraindik. Hustu egin dute eta paretak margotu, baina asko dago egiteko. Horregatik, boluntario-saldo berri baten beharra daukate, dena auzolanean eraiki asmo baitute. Crowfunding kanpaina bat abiatu dute, baina ez diruarena, “denbora eta jakintzarena” baizik. Mendigurenek zehaztu du boluntariotza “modu parte hartzaile batean, bakoitzak gustuko duen hori ahal duen neurrian” emanez egin nahi dutela.

Laudioko pabilioiak proiektuaren balioei leku egingo die: hezkuntza, kultura, feminismoa... Goian, arkitektura hori erakusteko diseinatu duten irudietako bat.

Bestalde, proiektuaren espazio bat izango da Faktoria, espazio nagusia, baina ez bakarra. Faktoriaren eragin-eremua eskualde osora zabaldu nahi dute eta deszentralizazioa bultzatu, tokian jada lanean diharduten proiektu sozialak zapaldu barik.

Hau guztia lortzeko, harreman sare indartsua jostea beharrezkoa deritze kooperatibako kideek. “Nola eragin eskualde baten eraldaketa sozialean modu integralean? Bada, Izarkom, Goiener, Olatukoop, eta antzeko proiektuak bertara hurbilduz eta euren bazkidetza sustatuz”, esan du Garaiok. Elkar zapaldu beharrean, elkar boteretzean dagoela muina dio Mendigurenek: “Aliantzak bilatu eta denok bide berdinean eta balio eraldatzaileekin komunitatea eraiki”.

Azoka soziala

Otsailaren 24an eta 25ean Azoka Soziala antolatu zuten Faktorian, Kontsumitzen duguna gara, bizitzeko alternatibak lelopean. Lehenengo egunean kontsumo alternatibak, era ekologikoan lan egiten duten tokiko ekoizleak eta ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak aurkeztu zituzten, tartean Olatukoop, Talaios Kooperatiba eta Izarkom, kasurako. Hurrengo egunean, truke azoka egin zuten.

Faktoria izango denaren zantzurik aurkitu zuten azoka sozialera hurbildu zirenek, eta urte eta erdian egindako hausnarketa palestrara igo zuten. Gartzen Garaiok aipatu du eskualdeko askok ez zutela ezagutzen ekonomia sozial eraldatzailearen filosofia, Arabak ez duelako “Gipuzkoak besteko esperientziarik” afera horretan, eta azoka “gauza hauetaz guztietaz hitz egiten hasteko ekitaldia” izan zela. “Balioen lanketa egin genuen –dio Mendigurenek–: haurrek sukaldaritza tailerra izan zuten, eta baserritarrekin harremandu ziren. Larunbatean tokiko ekoizleen azoka egin genuen, ekoizleek euren espazioa ireki zuten hemen. Igandean, truke azoka izan zen”. Ez zen truke azoka arrunta izan: norberaren denbora, gaitasuna edota jakintza trukerako moneta bilakatu ziren.

Otsailean Azoka Soziala egin zuten. Hala ere, faktoriaren eragin-eremua eskualde osora zabaldu nahi dute eta deszentralizazioa bultzatu.

Larunbatean, ordea, bestelako moneta bat erabili zuten. Aikoa izeneko moneta sortu zuten, errenta gaitasunaren araberakoa, hots, irabazi ekonomiko gutxien zutenek Aiko gehiago lortu ahal izan zituzten Euro batzuen truk, eta, kontrara, gehien irabazten zutenentzako garestiagoa zen moneta soziala. Errenta maila baxua, ertaina eta altua bereizi zituzten. “Nahi genuen Aikoaren baliokidetasuna ez izatea lineala denentzako. Norberaren pribilegioez kontzientzia hartzeko balio izan zuen, eta baten batek eraso egin geniola sentitu zuen arren, ondo hartu zuen jendeak”, esan du Garaiok. Orobat, Mendigurenek dio moneta sozialak aitortzen ez diren lanen inguruan gogoeta indibiduala egitera ere bultzatzen zuela. “Bada bestelako ekonomia bat, eta bestelako sistema bat eraikitzeko modurik”, diote. Moneta sozialaren proiektua etorkizunean ere sustatzea aztertzen ari direla esan dute.

Etorkizunera begira

Ekintzen Faktoriaren helburu bat da aurten ekonomato proiektua osatzea. Ez bakarrik Faktorian bertan produktu agroekologikoak saltzeko, baizik tokiko elikagai ekologikoak bertatik banatu, kontsumo eredu berriak bultzatu eta formazioa eskaintzeko. Izan ere, eskualdean badira ekologikoan ekoizten duten nekazariak, Urduñan batik bat. Ekonomatoa ekonomia sozial eraldatzailearen bidez kudeatzeko eredu ugariren bila aritu dira, eta Zarautzeko Lakari proiektua izan da antzeratu nahi duten bat.

Gartzen Garaio
(Ekintzen Faktoria):
“Komunikazio arloa landu eta gazteleraz bizi den eskualde baten berri euskaraz eman dugu, baina pentsatu genuen beharrezkoa zela esparru guztietan balio eraldatzaileen arabera bizitzeko aukera berriak sortzea”

Ekintzen Faktoria Aiaraldean berritzailea izanagatik ere, Euskal Herrian eta atzerrian badira ekonomia soziala eta bestelako balioen bidez bizitza eredu ezberdinak bultzatzen ari diren proiektuak, eta Aiaraldeakoek handik eta hemendik hartu dituzte ideiak. Bartzelonako Ciutat Invisible da horietako bat, zeina kapitalismoaren lan ereduekin apurtzen duen kooperatiba autogestionatu bat baiten. Bestalde, kooperatibaren ahalmenaren dibertsifikazioa bilatu nahi dutela dio Garaiok, eta Kataluniako Més Opcions kontsumo arduratsuaren alde lan egiten duen kooperatibak lez, Aiaraldea Ekintzen Faktoria lagun dituen kooperatiben bazkide izatea nahi dute, horrela Faktoriako bazkide direnak gainontzeko ekonomatoetan erosi ahal izateko.

Sistema hegemoniko batean arduratsu jokatzeko zeharbidea izan nahi du Ekintzen Faktoriak, bizitzeko proiektu integral baten orube. “Sistema hau zulatuta dago, eta zulatzen gaitu. Guk alternatiba bat planteatzen dugu, pertsona eta komunitate bezala, suntsitzen gaituen sistema sozial eta ekonomikoaren aurrean biziko eta heziko gaituena. Eragiteko modu bat nahi dugu eta ekintzen bitartez egingo dugu guztia, euskaraz”, azaldu du Mendigurenek. Garaiok, bestalde, esan du toki askotan demostratzen ari direla horrelako proiektuak “posible” direla: “Badago masa bat beste modu batean bizitzeko eredu bat sortzen ari dena. Ez da sistemarekin guztiz apurtzen, baina kalitatezko proiektuak egingo ditugu, noizbait hegemoniko bihur daitezkeenak”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


Eguneraketa berriak daude