Segregazioa elikatzen

  • EAEko ikasleek ez dute lortzen; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu eta gaztelaniaz moldatzen dira, baina erdiak euskaraz ez. Hau da, A, B, D... letra zopa ereduak ez duela lortu gazteak elebidun izatea. Aitor Idigoras Steilaseko kideak ikastereduei buruzko eztabaida landu du eta beste hainbat faktorek eragiten duten ikasleen arteko segregazioaz ere aritu gara.

Argazkia: Juanan Ruiz / Foku
Argazkia: Juanan Ruiz / Foku

Eusko Jaurlaritzak EAEko Hezkuntza Legea aldatzeko eztabaida-prozesua abiatua duen garaian, iragan urtarrilean, Hezkuntza esparrua eta euskalduntzea EAEn (1983-2016) ikerketa-lana aurkeztu zuten Euskal Herrian Euskarazek eta Aztiker Soziolinguistika Ikerguneak. 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea eta ondoko 138/1983 Dekretua indarrean sartu zirenetik oraingo egunera arteko bidea aztertu zuten delako lanean. 35 urte dira EAEko hezkuntzan irakastereduen sistema ezarri zenetik, eta besteak beste, ikerketaren egileek sistema horren emaitzak baloratu nahi izan dituzte. Ondorio nagusiari dagokionez, jira eta buelta ibili gabe esan dute: irakastereduen sistemak porrot egin du.

Porrota

“EAEn irakastereduak indarrean egon diren 33 urteetan [2016 urte arteko datuak eskuetan], 1978-2001 urteen artean jaiotako 206.263 herritarrek derrigorrezko hezkuntza amaitu dute euskara maila nahikoa lortu gabe. (…) Hain zuzen ere, derrigorrezko hezkuntza garaia euskara ezagutu gabe edo nahikoa ezagutu gabe hasi zuten 409.031 herritarren % 50,43ak”. Asko dira, beraz, euskaraz ez dakitenak. Aldiz, guztiek dakite gaztelaniaz, irakurtzen, idazten eta hitz egiten.

Ondorioak bistakoak dira. Lehenik, euskaraz ikasi ez dutenak dira kaltetu, A edo B ereduan aritu direlako, jakinda eredu horiek ez direla gai ikasleak euskalduntzeko: “Euskara ezagutzeko eskubidea urratu zaie [herritar horiei], hezkuntza legeak berak ere ezartzen duena bete gabe”. Izan ere, 1982ko Legearen arabera, euskara eta gaztelania menperatu beharko zituzketen ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza bukatu aitzinetik, delako legearen 17. artikuluan idatzirik ageri denez: “Jaurlaritzak, derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara [ikastetxeetako] barne- nahiz kanpo-jardueretan eta administrazio-ekintza eta -dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz”.

Ikerketaren egileek Eusko Jaurlaritzak 35 urtez prebarikatu duela salatu dute, eta adierazi euskarazko irakaskuntzak herri ekimenari eta familien hautuari esker egin duela aurrera. “Eusko Jaurlaritzaren politikak aztertuta, ez da egon borondate politiko zintzorik ikasle guztiak euskalduntzeko. Bestelako interes politikoek gaina hartu diete herritar horien euskara ezagutzeko eskubideari”.

EHE-Aztiker ikerlana:
“EAEn irakastereduak indarrean egon diren 33 urteetan, 1978-2001 urteen artean jaiotako 206.263 herritarrek derrigorrezko hezkuntza amaitu dute euskara maila nahikoa lortu gabe”

Dena den, prebarikazio salaketa gorabehera, bada bestelako ondorio larririk ere: “Irakastereduen ondorioz ikasleen arteko segregazioa elikatu da hamarkadetan”, hezkuntzaren egiteko nagusietakoa gisa guztietako segregazioak galaraztea eta herritar guztiei –eta ikasle guztiei, kasu honetan– aukera berdintasuna eskaintzea den arren. “Datuen gordintasunak eta eguneroko esperientziak argi adierazten digute irakastereduen sistemak segregazioa elikatzen duela. (…) Ereduen araberako banaketa bereizkeria sortzeko tresna izan da hamarkadetan”. Bitariko bereizkeria, ikerketaren egileen esanetan: derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek hizkuntza ezagutza ezberdina izateak ezberdintasuna eragiten duelako, batetik, eta bestetik, ereduen araberako klase eta ikastetxeen arteko bereizkeria sortzen delako. Eta zerutik jakina denez, toki askotan etorkinen seme-alabak A ereduko matrikulazioaren kopuru handiena dira. Alegia, ez dago klase edo ikastetxeen arteko banaketa orekaturik. Helburu ere ez da.

Irakastereduak izozmendi

Orain baino lehen ere hamaikatan jarri izan dira ezbaian irakastereduak. Ez dute euskararen irakaskuntza bermatzen. Steilas sindikatuko kide Aitor Idigorasek gogoeta egin du: “Eredu linguistikoek EAJren eta beste zenbait eragile politiko eta sozialen eskaerari erantzun diote, hain zuzen arazoaren muinean dagoen kontuari: familiek beren seme-alabentzat hezkuntza modeloa eta hizkuntza eredua aukeratzeko duten eskubideari”. Paradigma neoliberaltzat jo du Idigorasek: “Administrazioak aukera berdintasuna bermatzeko obligazioa dauka, baina, horren gainetik, nahi duen hezkuntza eta hizkuntza aukeratzeko eskubidea aitortzen dio familiari. Horixe da eredu linguistikoak ez aldatzeko sakoneko arrazoia”. Alegia, horrela nahi duen familiari, A eredua aukeratzeko eskubidea bermatu behar zaio. “Eta bitxia da, A ereduan maila apaleneko familietako seme-alabak biltzen dira, baina baita maila gorenekoak ere”. Jakina, A eredu dira biak, baina ez dute A letra horixe besterik partekatzen. “Goreneko horien A eredua malgua ohi da, ingelesa sartzea errazten duena, adibidez”. Atzerriko hizkuntza adibide Idigorasen gogoetan, eta atzerriko hizkuntzaren sarrera indartsua ondorio Euskal Herrian Euskaraz eta Aztikerren ikerketan. “Une honetan, haur eta nerabe askok ordu gehiago igarotzen dituzte ingeles hizkuntzarekin harremanetan euskararekin baino. Eskolaz kanpoko jarduerak, kultur kontsumoa, akademiak eta beste kontuan hartuta [ingelesa hobetzeko atzerrira bidaiak], herritar askok astean zehar ordu dezente igarotzen dituzte ingelesean murgilduta”. Behin eta berriz eta askotan, euskara –alegia, euskaldunak– galtzaile, euskara ikasgai zehatz batzuen hizkuntza besterik ez baita.

Sakonean

Ereduen gaineko eztabaida sinplifikatu egiten dela uste du Idigorasek. “Ez zaio sakoneko arrazoiari heltzen. Familiak ikastetxea aukeratzeko eskubidea du, baina eskubide hori gauzatzeko osagai ezinbestekoa da eredu linguistikoa. Ume guztientzako eredu komun bat bermatu beharko luke Administrazioak, curriculum eta araudiek jaso beharko luketen gutxienekoa, zentralizatuta beharko lukeena”.

Beste korapiloa ikastetxearen autonomia dela uste du Idigorasek, delako autonomia horren izenean, hezkuntza sistema desarautzen ari da. “Paradigma neoliberal hori abiapuntu hartuta –hau da, familiek ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea–, sistema desregularizatu egin nahi da. Administrazioa hezkuntzaz gero eta gehiago arduratu beharrean, gero eta gutxiago arduratzera igarotzen ari gara. Horixe da diskurtsoa, eta ikusten ari garena: Administrazioa arduraz gabetzen, ikastetxeak erantzukizunez betetzen”. Autonomiaren izenean, betiere. Eta delako autonomia horrexen izenean, besteak beste, “ikastetxe bakoitzak nahi duen eredu linguistikoa aukera dezan baimentzen”. Eta, bide horretan, baita ikastetxe publikoko zuzendariak bertako langileak kontratatzeko eskumena izatea ere...

Aitor Idigoras, Steilas:
“Ez zaio sakoneko arrazoiari heltzen. Familiak ikastetxea aukeratzeko eskubidea du, baina eskubide hori gauzatzeko osagai ezinbestekoa da eredu linguistikoa. Ume guztientzako eredu komun bat bermatu beharko luke Administrazioak, curriculum eta araudiek jaso beharko luketen gutxienekoa, zentralizatuta beharko lukeena”

Desarautze horren ondorio da, esaterako, ingelesak dena delako ikastetxearen proiektuan izan dezakeen presentzia. Idigorasek gaztigatu gaitu: “Duela bi hilabete onartutako dekretua duzu! D ereduko ikastetxeak ingelesa nahi besteko ikasgaietan erabil dezake, hizkuntza ardatz gisa. Beraz, ereduak aldatu dituzte. Eredu linguistikoak aldarazi dituzte, zenbait ikastetxek ingelesa nahi duten moduan ezar dezaten. Eta badira H eredua asmatu duten institutuak”. Hein batean, alarma jo du Steilaseko kideak: “Euskarak orduak galdu ditu leku askotan. Bertan behera geratzen ari da ikastetxe eta gela askotan”.

Segregazioa

Irakastereduak izozmendiaren punta baino ez dira, Idigorasen gogoetari jarraiki. Matrikulazioa da koxka. “Administrazioaren aurrean izan beharreko erantzukizunari dagokionez, parametro berdinetan jarri nahi dituzte sare publikoa eta pribatua. Eskuineko alderdi politikoek eta beren burua aurrerakoitzat duten mugimendu askok horixe aldarrikatu izan dute, modu deigarrian, Euskal Herrian. Steilasi ulertezina egiten zaio. Arazoaren muinari, aldiz, matrikulazio kanpainari, ez dio heldu nahi Eusko Jaurlaritzak”.

Hezkuntza sistemara sartzeko matrikulazioaz ari eta iruzur hitza darabil Idigorasek Administrazioaren jokabidea definitu nahirik. “Haurra ikastetxean matrikulatzeko, dela sare publikoan nahiz pribatukoan, bakarra da araudia, baina bakarra izanagatik ere, Administrazioak bi agindu atera ohi ditu, desorekak sortuz”. Eta, menturaz, betikotuz. “Sare pribatuan, 0-2 urteko gelak ez daude itunduta, diruz lagunduta baizik; ez dute zertan doako izan. Haurra gela horietako batean matrikulatzen dela, ordea, ikastetxeak hezkuntza ibilbide osoa bermatzen dio. Administrazioak erraztu egin du hori. Sare publikoan ezinezkoa den gauza: haur eskolen partzuergo batean matrikulatzen duenak, haurrak bi urte betetzen dituenean, ohiko matrikulazio prozeduran parte hartu behar du; aldiz, sare pribatuan ari den haurrak, ez. Horrek sare pribatuaren alde egiten du, nabarmen. Eta badira haurtzaindegi pribatuak, ondoko etapak dituzten ikastetxeei atxikita daudenak. Opusekoak, kasu”. Ez da, soilik, irakasteredu gorabehera, dena delako ikastetxean baliatzen duten eredu linguistikoa baino gehiago da. Horretan da, behinik behin, Steilas sindikatuko kide Idigoras. “Afera poliedrikoa da, ereduen gorabehera gainditu behar dela esatea ondo dago, baina hori baino gehiago ere badago hor atzean. Segregazioa, adibidez. Uste dut eragile askok oso irakurketa sinplea egiten dutela. Interesak hainbat dira”.

“Hezkuntza esparrua eta euskalduntzea EAEn (1983-2016)” ikerketaren egileek Eusko Jaurlaritzak 35 urtez prebarikatu duela salatu dute, eta adierazi euskarazko irakaskuntzak herri ekimenari eta familien hautuari esker egin duela aurrera.
Soluzioa, erroetan

Eragile askoren proposamena izan da soluziotzat irakasteredu bat eta bakarra, komuna, ezartzea, nahiz eta hori gure artean sakon errotuta dagoen uste baten kontra joan, alegia, eredua aukeratu ahal izateko eskubidearen aurka. Irakasteredu bat, bakarra? “Gurean, eredu jakobinoa esanez kritikatzen dute proposamena Katalunian murgiltze eredua besterik ez dute.Bestalde, EAEn, datuek esaten digute eredu linguistikoen eta Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakunde ISEIren araberako gizarte zatiketa dugula: A ereduko ikastetxe pribatuetara, gizarte maila jasoko familien seme-alabak doaz. Ikastolen Elkartearen ikastoletara, D eredukoetara, gizarte maila ertain edo goragokoa duten familienak. Datu objektiboak ditugu, ikerketaren ondoriozkoak. Bataz besteko horren azpitik ageri dira sare publikoko ikastetxeak, eredu linguistikoak zeinahi direla ere”. Alde horretatik, zatiturik dago gizartea eta, akabuaren akabua, segregazioa dugu: “Eta segregatuta dauden ikastetxeen %95, sare publikoan ditugu. Are gehiago, ikastetxe estigmatizatu eta baztertuenek ere, kasu gehienetan, itundutako ikastetxe elitista bat dute ondoan. Ez da, beraz, hirigintza kontua. Ez hirigintzaren nolakoak ez eredu linguistikoek erabakitzen dute gurasoek haurra non matrikulatuko duten”. Oraingo egunetan lantzen ari diren Hezkuntza Legeak gauza aldatuko ote duen jakin behar…

Hezkuntza Legea eta inguruneak

Hasteko, euskararen lorpen adierazleak ingurune soziolinguistikoaren araberakoak izateko proposamena egiten du lege zirriborroak. Ideia ez du begi onez ikusi Idigorasek: “Ingurune soziolinguistikoak ikaslearen euskara maila baldintzatzen du, jakina. Hori bezain jakina da, ordea, ingurune sozioekonomiko baztertuetan matematikaren lorpen maila ere txikiagoa dela. Inork ez du pentsatzen, hala ere, Administrazioak matematikaren lorpen maila ingurune sozioekonomikoaren arabera egokitzea. Astakeria itzela litzateke”. Euskararen lorpen maila ingurunearen baitan egokitzea ez da bidea. “Hezkuntzak jatorrizko ezberdintasunak konpentsatzea bermatu behar du, baita hizkuntzari dagokionean ere”. Eta, ezberdintasun horiek konpentsatzeko, hor dira, adibidez, aldian aldiko gela bikoizketak egiteko baliabide gehiago jartzea eta gisako neurriak. “Negoziazio kolektibo eta konfrontazio fasean gauden honetan –bost greba egun daramatzagu, eta gehiago aurreikusten ditugu–, gaia behin baino gehiagotan jarri du Steilasek mahai gainean: hizkuntzen lanketan laguntzeko, behar gehiago duten ikastetxeei baliabide gehiago eskaintzea. “Gipuzkoako eskola publikoek eta Arabakoek behar ezberdinak dituzte, eta baliabideak ere ezberdinak behar dituzte. Euskararen lorpen mailari eutsi behar zaio, eta maila horretara heltzeko behar diren baliabideak jarri ikastetxeen eskueran”. Inguruneak zeinahi direlarik ere.

Kuotak

Segregazioari aitzi egiteko bidea den kuotak ezartzea ez dakigularik, argibideak baditu Steilas sindikatuko kide Aitor Idigorasek: “2009an, oker ez banago, kuoten gaineko interpelazioa egin zioten EAEko gobernuari. Eta kuota ezarri zen, %30ekoa. Baina horrek ere ez du iruzurra saihesten: matrikulazio modua, sare pribatuko ikastetxeek egiten dituzten kobrantzak… Kuotarik ezartzea ez litzateke beharrezkoa izango, erroetara joz gero, afera ez baita etorkina, klase gatazka baizik. Klase gatazka erakusten du gure hezkuntza sistemak. EAEn, hasteko, ikastetxeen %30 baino gehiago Eliza Katolikoaren esku daude, eta gobernu honek nahi dutena egiten uzten die. Elizara joan behar bada, joan egiten dira. Alferrik da Administrazioak arabiar jatorriko neska edo mutikoa horrelako ikastetxe batera bideratzea. Hilabetea ere ez du bertan iraungo, alde egingo du. Kristau eskolak, berriz, ikastetxean matrikulatutakoen artean konputatuko du etorkin hori. Kuotak baino lehen, pribilegio sistema hau hautsi behar da”. Pribilegiorik gabe, kuoten gainean hitz egin beharrik ez genuke izango, Steilaseko kidearen iritziko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude