Erromantizismo hutsa

Errusiako Rostov Estatuko Orkestrako bakarlariak.

Opera erromantiko bakar bat aukeratu behar badugu, zalantza dezente izan dezakegu, baina Verdiren La Traviata aipatzen badugu, ez dugu huts egingo. Alexandre Dumasen Kamelien dama obran oinarritutako lan distiratsu honek den-dena dauka hunkigarria suertatzeko eta sentimenduak azalera ateratzeko: benetako baina ezinezko maitasuna, zoritxarra, patua… XIX. mendeko nobelen osagai guztiak ditu publikoaren opera kuttuna izateko.

Alde musikaletik ikusita, Verdiren onena eskaintzen da obra honetan. Musika eta libretoa urtu egiten dira. Esan dezakegu opera honen musika nolabaiteko musika programatikoa dela, melodiak berak deskribatzen baititu lan honetan zehar agertzen diren sentimendu desberdinak.

Interpretazioari buruz, inpresio ona hartu nuen. Eta sorpresa izan zen niretzat. Azken urteotan munduan zehar dabiltzan Errusiatik ateratako orkestra eta abeslarien taldeak, horrelako muntaia klasikoak eginez, kalitate eskasekoak dira orokorrean. Kasu honetan, Errusiako Rostov Estatuko Orkestrak, Abesbatzak eta Bakarlariek produkzio erabat klasikoa ekarri zuten, ondo zuzendua eta ondo abestua, dudarik gabe.

Esan bezala, eszenaratze hiperklasikoa ikusi genuen, zaindua. Bestalde, ondo mugitu ziren abeslariak taula-gainean, nahiz eta momentu batzuetan akats nabarmenak egin. Adibidez, Violettak, hilzorian zegoenean, publikoari bizkarra emanez kantatu zuen eta, horren ondorioz, detailerik gabe entzun zen bere aria (pena).

Elena Zolova sopranoak Violetta sentitua egin zuen. Hirugarren ekitaldiko Addio del passato aria, beste batzuen artean, zinez hunkigarria iritsi zitzaigun. Victor Mendelev tenoreak ere momentu distiratsuak izan zituen, De miei bollenti spiriti arian bezala. Baina txalo guztiak eraman zituena, dudarik gabe, Valerii Khraponov baritonoa izan zen. Giorgio Germonten papera egin zuen (Alfredoren aita) eta uneoro seguru-seguru abestu zuen, tinbre garbi eta orekatua erakutsiz. Rostoveko orkestra, Mikhail Pabuzinen batutapean, doitasunez aritu zen, nahiz eta batzuetan ahotsak zapaldu.


ASTEKARIA
2018ko apirilaren 15a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude