"Negoziazioak ondo badoaz, Mandela bihur zaitezke, baina gerra galtzen baduzu, zure bila etorriko dira"

  • Askatasun Tigreak gerrillaren amaiera izan zen 2009ko maiatzeko sarraskia. Sri Lankako armada sinhalarraren garaipenak amaiera eman zion de facto independentea izan zen Tamil Eelam-eko estatu saiakerari. Genozidioa ere izan zen hura, Viraj Mendis eta Ahilan Waradarajah ekintzaileen arabera. Sinhalarra bata, tamil etniakoa bestea, hori azaltzera etorri ziren otsailean Euskal Herrira Alemaniatik.

Mapan India handiaren azpian ikusten den arrautza formako irla dugu Sri Lanka, garai batean Zeilan zeritzona. Sinhalar edo zingalesak Sri Lankako 21 milioi biztanleen %70 inguru dira eta irlaren erdialde eta hegoaldean nagusi dira. Colombo hiriburuko gobernua kontrolatzen dute independentziaz geroztik eta erlijioz budistak dira. Tamilak, bestalde, biztanleen %15 inguru dira, irlaren ipar-mendebalde, ipar eta ipar-ekialdeko kostaldeak hartzen dituen zerrenda estu eta luze batean bizi dira eta hinduismoa dute erlijio. Biztanleen %10 Sri Lankako musulmanak dira eta beste %5 inguru plantazioetako tamilak dira, XIX. mendean irlaren erdian te landaketetan lan egiteko, britainiarrek Indiatik eramandako tamil talde baten ondorengoak. Izan ere, Sri Lankan baino tamil populazio handiagoa dago Indian, 60 milioi inguru, India hegoaldeko Tamil Nadu eskualdean.

Ezezagun xamarra zaigu Sri Lankako egoera, baina hizkuntzaz, kulturaz eta erlijioz oso ezberdinak diren etnia handi bien arteko gatazka luzea izan da azken ehun urteotan. Britainia Handiak 1948an eman zion Zeilani independentzia mugatua, domeinu moduan eta Commonwealth barruan geratuta, baina hasieratik sinhalarrak izan ziren gobernuan nagusi. 1972an Sri Lankako errepublika aldarrikatu eta sinhalar nagusitasuna estatu politika ofizial bihurtu zen, tamildarren hizkuntza zokoratu eta euren botere apurra suntsitzeko helburuz. Errepresio giro hartan, 1976an Tamil Tigreak sortu ziren, Tamil Eelam estatu independentea lortzeko helburuarekin. Eremu nahiko zabala kontrolatzea lortu zuten ia 30 urtez.

2002 eta 2006 artean, Norvegiak eta Alemaniak bultzatuta, su-etena egon zen indarrean eta bake negoziazio gorabeheratsuak izan ziren. 2004an tsunamiak nagusiki tamilen kontrolpeko guneak jo zituen eta haren ondorengo desadostasunek eragina izan zuten bake prozesuaren porrotean. 2006tik aurrera, Tigreen kontrolpeko eremua gero eta txikiago bihurtu zen eta 2009ko maiatzean Tamil Eelamen akabera heldu zen: 50.000 tamil inguratuta zeuden zazpi kilometro koadroko lur zerrenda txikian. Sarraski bortitza izan zen Tamil Tigreen suntsiketa, genozidioa tamilen eta hainbat erakunderen arabera. Operazio militarrean 70.000 tamil hil zituztela adierazi zuen NBEk. Beste iturri batzuek kopuru hori askoz handiagoa dela diote. Halere, nazioarteko komunitatearen erreakzioa oso epela izan zela salatzen dute tamilek. 2013an Herrien Auzitegi Iraunkorra (ptsrilanka.org) nazioarteko ekimenak, gaia ikertu ostean, genozidioa izan zela ebatzi eta AEB zein Britainia Handiaren konplizitatea salatu zuen.

Argazkia: Aritz Loiola

Hondartza batean amaitu zen tamilen estatu saiakera, Tigreen presidentea, soldadu gehienak eta milaka zibil hilda. Ondoren, tamil egitura guztiak desegin eta euren guneen okupazio militarra etorri zen, atxikitze guneak, kasta sistemaren berrezartzea, sinhalar toponimoen ezarpena, populazioaren hezurretarainoko umiliazioa... Ahilan Waradarajahek irudi grafikoa erabiltzen du: “Tamilentzako futbol txapelketa antolatu eta saria whisky botilak izan ohi dira, alkoholismoa sustatzen ari da gobernua tamilen artean”.

Viraj Mendis, sortzez sinhalarra izanik ere, tamilen aldeko ekintzaile nekagaitza da: “Tamalez oso gutxi gara tamilen aldeko sinhalarrak, nolabaiteko babesa bai, baina baldintzarik gabe tamilen autodeterminazioa oso gutxik onartzen du. Adibidez, Turkiako ezkerrean bada jende asko kurduen eskakizunei irekirik, zenbat eta erradikalagoa izan, orduan eta aukera gehiago dago kurduen alde egoteko. Sri Lankan, ordea, sinhalarren artean ezker erradikala ere tamilen aurka dago. Antiinperialismoa sinhalar nazionalismoari lotua ikusten dute, marxistak direla diote, baina chauvinismo handiarekin, estatua irauli nahi dute baina bere izaera sinhalarra erabat mantenduz. Marxek esan zuen beste nazio bat zapaltzen duen nazioak bere kateak forjatzen dituela. Benetan estatua irauli nahi baduzu, egitura osoa irauli behar duzu”.

“Suitzako bankuek
tamilei dirua uztea negozio ona izango zela uste izan zuten”

1973an heldu zen Britainia Handira Mendis, ikasle bisa batekin, baina han geratu eta ekintzaile politiko moduan nabarmendu zen. 1986an, deportazio agindua jaso eta Manchesterreko eliza batean hartu zuen babes. Haren aldeko kanpaina sonatua antolatu zen, baina 1989an, poliziak elizara indarrez sartu eta Sri Lankara deportatu zuten. “Deportazioak zerikusi handiagoa izan zuen nik Britainia Handian egindakoekin, izan ere, jendearen deportazioen kontra ari nintzen, arrazismoaren aurka funtsean, eta nire bila etorri ziren esanez ‘nola aritzen zara jendearen geratzeko eskubidearen alde zeuk ez baduzu hemen geratzeko eskubiderik?’. Barne kontua zen, baina deportatuz gero erregimenak hilko ninduen beldur ziren britainiarrak. Beraz, akordio batera heldu ziren erregimenarekin eta urte batez Sri Lankako pertsonarik babestuena izan nintzen, denek bizirik nahi ninduten, baina iraungitze data zuen segurtasun hark, beraz, Alemaniara ihes egin nuen”.

Alemanian errefuxiatuen aldeko lanean dihardu, Bremengo International Human Rights Association elkartea sortu zuen eta humanrights.de webgunea editatzen du egun. Hor informazio ugari aurki dezakegu azken asteotan Suitzako Bellinzona hirian izan den epaiketaren inguruan. 13 lagun epaitu dituzte Tamil Tigreei 13 milioi euro inguru helaraztea leporatuta. Zortzi aste iraun duen prozesua martxoaren erdialdean amaitu da eta epaia ekainean emango du Suitzako Auzitegi Federalak. Sri Lankako 50.000 lagun bizi dira Suitzan, gehienak tamil errefuxiatuak, eta oihartzun handia izan du auziak.

Tamila da eta Tamil Eelamen jaio zen Ahilan Waradarajah 1975ean, baina bederatzi urte zituela Alemaniara mugitu zen familiarekin. “Aita kazetaria zen eta Colombon bizi ginen, baina 1983an tamilen matxinadak izan ziren, ondoren errepresio handia izan zen eta erbesterako bidea hartu behar izan genuen”.

“AEBek Sri Lankako
bake prozesua zapuztu
eta tamilen suntsiketa gogoz bultzatu zuten”

2010ean tamil ugari atxilotu zuten Alemanian, Waradarajah bera tartean, eta Suitzan bezala, Tamil Tigreei dirua helaraztea leporatuta. “Estatubatuarren eraginez, 2007az geroztik Europan debekatuta dago tamilentzat dirua batzea, baina bi urtez Alemaniako Poliziak ez ikusiarena egin zuen. Guk 2009an dirua batzeari utzi genion, genozidioaren ondoren lurraldearekiko konexioa galdu genuelako”, azaldu du berak. Gerra galdu ostean etorri ziren atxiloketak, izan ere, bake prozesua babestu zuen Alemaniak, baina gerora aldaketa sumatu du Mendisek: “Irtenbide negoziatua erdietsiko zelakoan, baikortasuna zegoen, nazioarteko komunitateak irtenbide politikoa nahi zuen, baina AEBek presio handia egin zuten. Bide militarrak irabazi ostean, garaileen posizioa ere nagusi bihurtu zen eta galtzaileena zigortu beharra zegoen”. Hor kokatzen du berak Suitzan amaitu berri den epaiketa eta Alemaniak ere tamilekiko jarrera AEBen eraginez gogortu duela uste du: “Negoziazioak ondo badoaz, Nelson Mandela bihur zaitezke, baina gerra galtzen baduzu, zure bila etorriko dira”. Suitzako bankuen jarrera ere kritikatzen du: “Bankuak ez dira inozoak, momentu hartan tamilei dirua uztea negozio ona izango zela uste izan zuten, aldi berean Colomboko gobernuari ere dirua ematen zioten, ez baitzituzten arrautza guztiak otzara berean jarri nahi”.

AEBek “bake prozesua zapuztu eta tamilen suntsiketa gogoz bultzatu” zutela argi du Mendisek: “AEBek uste zuten bake negoziazioetan jendea erosi ahal izango zutela. Tigreek ‘saia daitezela, bada’ esan zuten. Hauteskundeak egin eta bozken %80 lortu zuten Tigreek. Azkenean estatubatuarrek tamilak boterea bereganatzen ari zirela ikusi eta gerraren hautua egin zuten”.

Argazkia: Aritz Loiola

Tigre sozialistak ez zituen begi onez ikusten George Bushen gobernuak, baina bere jarreran arrazoi geoestrategikoak izan zirela uste du Mendisek: “Irakeko gerran, Trincomalee portua erabili nahi izan zuten AEBek Iraki eraso egiteko, baina tamilek ez zieten helburu horretarako utzi nahi izan eta Diego Garcia irla urrun eta isolatua erabili behar izan zuten plataforma moduan. Bushen ‘gurekin edo gure aurka’ hartan Tigreak aurka zeuden, eta Colomboko Gobernua, aldiz, alde”. Bere irudiko, kanpoko indarrak izan ziren bake prozesua zapuztu zutenak. “Bazen barne elementu bat, amerikarrek irla barruko eskuineko indarrak mobilizatu zituztelako. Europa eta Suitza Tigreak legez kanpo uztearen aurka zeuden, baina Condolezza Ricek behartu zituen”.

Komite Internazionalistak taldeko kide Gontzal Martinez de la Hidalgak ondo ezagutzen du tamilen borroka. Haren eskutik etorri dira Mendis eta Waradarajah Euskal Herrira eta, nazioartean Tamil Tigreen inguruan zabaldu den irudi bortitza gorabehera, Tamil Eelamekoa “oso esperientzia interesgarria” izan zela dio, “ezkerreko politikak ezarri ziren eta lorpen sozialak izan baitziren arlo askotan”. Mendisek horien artean kasta sistemaren suntsiketa eta emakumeen askapenerako urratsak nabarmendu ditu: “Emakumeek gehiago irabazi zuten, horregatik emakumezkoen miliziek azkeneraino borrokatu zuten, hilko zituztela baitzekiten”.

Egungo estrategiaz galdetuta, Waradarajahek ez du erantzun argirik eman: “Jendeak oroitzen ditu Tigreen garaiko lorpenak, badakite zer galdu zen. Gauzak antolatzen saiatzen ari dira, baina atsekabe handia dago tamil gizartean”.

2015ean gobernu aldaketa egon zen Sri Lankan: Tamil Tigreak garaitu zituen Mahinda Rajapaksak hauteskundeak galdu zituen eta horren ordez, AEBek eta britainiarrek babestutako Maithripala Sirisenak hartu zuen boterea. Adiskidetzearen aldeko mezua zuen Sirisenak tamil askoren babesa jaso zuen, baina tamilek aldaketarik ez dute sumatu. Nolabaiteko autonomia baten aukera ere urrun ikusten du Mendisek: “Genozidioaren aurretik baino demokratizaziorako aukera gutxiago dago orain, sinhalarrek irabazi dutelako. Nagusi sentitzen dira eta, beraz, ‘zergatik eman ezer garaile atera bagara?’ pentsatzen dute”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tamil herria
Waran Kangeyan
"Tamilek gogotik eusten diote hizkuntza transmisioari"

Waran Kangeyan (Brent, Londres, Erresuma Batua, 1991) udan izan zen Euskal Herrian. Gaztea da bera eta HIGA, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketara etorri zen.  Tamila da, baina ez da ez Sri Lankan ez Indian jaioa. Londrestik bidaiatu zuen Gasteiza hizkuntza... [+]


2005-01-30
Indian ikasi dute hondamendiei aurre egiten

Pello Zubiria zubiria@argia.eus 2004ko Eguberri bigarreneko tsunamiaren ondoren Indiak atzerriko laguntzari uko egin zionean asko izan ginen harrituak. Hori ordea hala izan da Indiako Gobernuz Kanpoko Erakundeak inguruko besteei laguntza eskaintzeko bezain sendoak direla ez... [+]

2000-06-25 |
SRI LANKA
SRI LANKA, INDIAREN MALKOA
Tea, Buda, elefantea, kontraste handiko paisajeak, bukaerarik gabeko gerra, biztanle zoragarriak... Indiaren malkoa, Holanda, Portugal eta Ingalaterraren kolonia izandakoa, deskafeinatua dela esan daiteke.

Eguneraketa berriak daude