Sahararrok

  • Mdou Moctar-en kontzertua. Gasteizen, EHUko unibertsitate pabilioian, martxoaren 14an.


2018ko apirilaren 01an
Argazkia: DosPorDos.
Argazkia: DosPorDos.Argazkia: DosPorDos.

Bide luzea egin zuen, itxura denez, Mdou Moctar musikariak asteazken batez Arabako EHUko campusean agertzeko. Bere jaioterritik, Abalak (Niger), Sahararen hego ertzetik, Sahel igarobidetik irten zen garai batean basamortua zeharkatzeko karabana. Gaur egun, han batzen omen dira Europara etorri nahi duten afrikar asko, Sahara gurutzatzeko asmoz.

Berak bide luzea du egina, baita bere musikak ere. Tamaxek hizkuntzan kantatzen omen du maitasunaz, hezkuntzaz, bakeaz eta Islamaz. 2000ko hamarkadan grabatu zituen lehenbizikoz bere kantuak, Nigeriara joanda, eta lan hari Tahoultine deituko zion. Zabaldu, ordea, diskoa batean eta bestean saltzen ibili beharrean, Sahelen ohikoa izan den moduan, antza, sakelako telefonoen eta SD txartelen bitartez zabaldu ziren bere kantuak, baita ederki zabaldu ere: inguru hartako musikaririk arrakastatsuenetako moduan etorri zaigu geure belarrietara, Tinariwen, Bombino eta Tamikrest-ekin batera.

Tuarega da Mdou, eta euren herriko janzkerarekin igo ziren taula gainera taldeko bi gitarra-jotzaileak; bateria-jotzailea, janzki mendebaldarrez. Hirukotea osatuta, argitaratuta dituen lau bildumetako kantuak jo zituzten ordubete pasatxoan. Egituraz oso kantu berdintsuak guztiak: gitarrarekin jolasean hasi, eta inor konturatzerako eraikita zuten kantuaren bizkarrezurra; tarteka kantuan, gehienetan gitarrarekin melodiak eginez; taldekideek, berriz, bakarlariaren laguntza soila –eta dotorea– egin zuten.

Gitarra jotzen ezkerra, instrumentuarekin iaioa zela nabarmen zitzaion Moctarri: gehienetan melodiko eta patxadaz, batzuetan Yngwie Malmsteen-en abiaduraz harro eta urduri aritu zen kontzertu guztian. Jarreraz umil, ikusentzuleoi behetik gora begira, tartekako Thank You Merci-ez gain ez zuen beste hitzik egin.

Badute kantuek halako mantra kutsu bat, batez ere, erritmoak eta behin eta berriz errepikatzen diren melodiek hartara eramanda, gerririk gogorrena ere dantzan jartzeko modukoa. Ez zen, ordea, asteazken horretan dantza saio labur batetik haragokorik izan.

Sahara Rock jartzen zion gitarran itsatsita zuen pegatina batek. Halaxe definitu izan dute estilo hau, edota Sahel Rock. Ez naiz halakorik egitera ausartzen. Gehiegizkoa iruditzen zait Europa halako bi edo hiru den lurralde bateko musika guztia izen bakarrarekin definitu nahi izatea.

Kontatzen dute AEBetako bluesman zahar bati jarri ziotela behin Ali Farka Toure musikari maliarraren kanturen bat, eta berea baino lehenagoko bluesa zela iruditu zitzaiola. African Blues deitu zioten, esklabotzaren bidea zein izan zen ahaztuta-edo. Sahara bera baino handiagoa da “lehen munduko” deitutakoon zilborra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude