"Zuzendari artistikoak istorioa aberastu behar du, baina estali gabe"

  • Goya sariarekin batera etorri zaio elkarrizketa zaparrada Mikel Serranori (Iruñea, 1975), eta nekatzeraino aritu da Handia filmaz batean eta bestean. Akaso horregatik, eskertu du pelikulaz harago ofizioaz ere hitz egitea. Mantso mintzo da, esatera doana ongi irudikatu beharko balu bezala. Ez du alferrik pentsamendu bisuala lanabes nagusi.

Argazkia: Dani Blanc

Mila aldiz galdetuko zizuten, baina, zein da zuzendari artistikoaren lana?  
Film batean ikusten denari aktoreak eta haien lana kentzen bazaizkio, geratzen denaren erantzunkizuna da nirea, argia izan ezik, argiztapen lan bat baitago, eta argazki zuzendaritzaren lana da hori. Pantailan ikusten denaren inguruko erabakiak filmaren zuzendariak eta zuzendari artistikoak hartuak dira. Sinplifikatuz, dekoratuaren diseinua, atrezzoaren aukeraketa, koloreen aukeraketa... Hori da gure lana.

Zinema iruzurra bada, beraz, zu zara iruzur horren konplize?
Zinema iruzurra da, berez, magia hori duelako. Gure lana, gehien bat, filmaren zuzendariak bilatzen duen estilora moldatzea da, ezin da inoiz gainetik egon. Azken finean, zuzendaria da denaren erantzunkizuna daukana. Beraz, aurrean duzun filmaren estiloa zein den, zuzendari artistikoaren lana izan daiteke iruzur hori bilatzea, edo errealitateari ahalik eta gehien eustea. Nik egindako lanetan denetarik egon da.

Oharkabe pasatzen dena omen da zuzendari artisikorik onena.
Horren alde nago ni, bai. Zuzendari artistiko batentzat, interesgarria da film batek nolabaiteko mundu pertsonal bat sortzeko aukera eskaintzea, baina filmak ez badu eskatzen, eta hala ere zuzendari artistikoa horretan tematzen bada, azkenean, lan hori gehiegi nabarmenduko da, eta hori ez zait batere gustatzen. Zuzendari artistiko batek eta hark diseinatzen duen dekoratuak istorioaren parte izan behar du, eta berau aberastu behar du, baina benetako istorioa estali gabe.

Zuenak, izan ere, eragin zuzena du istorio eta pertsonaiengan. Ez da dekoratu hutsa.
Guk, dekoradore moduan, ez ditugu ohiko dekoradore batek erabiltzen dituen tresnak erabiltzen, azken batean, sortzen dugun estetika pertsonaia batera moldatu behar delako, eta pertsonaia horri buruz gauza pila bat esan behar dituelako. Oso interesgarria da, egoera bera aberasten duelako. Pertsonaia bat ezagutu daiteke bere atzekoa ikusita, eta egoera bat ulertu daiteke atzeko hori horretarako diseinatuta dagoelako, eta ondo diseinatua dagoelako.

Argazkia: Dani Blanco

Zein da zuen lan prozesua?
Lehenbizi, ideiaren irakurketa eta hausnarketa pertsonala egiten da, eta ondoren, zuzendariarekin aztertzen da gidoia, eta istorioaren zein pertsonaien estiloa finkatzen da. Horrekin hasten gara pelikula bera eraikitzen, bai koloretan, bai testuretan, eta baita espazioaren ezaugarrietan ere. Bide horretan argazki zuzendariarekin ere lan egiten da, eta beste film edo artelanetako erreferentziak erabiltzen dira, ideiari forma emateko, zer bide jarraitu jakiteko.

Handian, zein izan zen erronka?
Soiltasuna da filmaren ezaugarri nagusia, eta hori izan zen erabakirik onena ere. Istorioak berak halako zerbait eskatzen zuen, eta produkzio kontuetan ere lagungarria izan zen halako erabaki bat hartu izana. Oso proiektu zaila zen, XIX. mendeko giro bat sortu behar genuelako, eta Europako puntu ezberdinetan gertatzen zelako istorioa, baina Euskal Herritik atera gabe lortu behar genuen toki horiek erakustea. Oroitzapen bikaina dut, batez ere, parte hartu genuenok proiektuaren alde egin genuelako. Elkarri erraztu genion lana.

Hamar Goya sari eskuratu ditu filmak, eta zuretzako izan da horietako bat. Nola bizi izan duzu arrakasta hori?  
Ilusio handiarekin, poztasun handia eman digulako, pertsonalki eta kolektiboki. Nik sorpresa handia hartu dut, Handia egin genuenean ez genuelako horrelako helbururik, ez genuen horretan pentsatzen. Pelikula on bat egin nahi genuen, baina ez zegoen beste anbiziorik, eta alde horretatik,  harrigarria izan da. Bestalde, asko poztu nau jendearentzako oso film inportantea bihurtu dela ikusteak. Pelikulak lortu dituen sariak eta aitortzak garrantzitsuak izan dira jendearentzat; euskaraz egindako pelikula bat puntu horretaraino iristeak harrotasuna eman dio jendeari, eta polita izan da hori.

Jendeak filma bere sentitu izan balu bezala, nolabait?  
Bai, hori da. Gainera, pelikula honek euskaraz ez dakien publikoa ere hurbildu du euskal zinemara, eta hori oso ondo dago. Azken finean, jende batek galdu du euskarari zion nolabaiteko beldur hori. Agian asko esatea da, baina orain arte euskaraz egindako film batek hainbat harresi zituen apurtzeko. Orain, tira, zeozer apurtu egin da. Pentsa dezagun ondoren datozenek ez dutela arazo hori izango, edo ez behintzat hainbestekoa.

Ofizioaren prekarioaren aurrean, aringarri ote dira sariak?
Oso inportantea da sariaren neurriaz jabetzea. Sariak zinemaren industriaren parte diren askoren erabakien ondorioz eman dizkigute, eta hori inportantea da. Baina egia da eguneroko errealitatea hor dagoela, eta sariak ez du hori ezabatzen. Beraz, jarraitu behar dugu lanean, telefonoak noiz joko zain. Pelikulak ez dira sarien bitartez egiten.

Aktoreen ingurukoari so

“Zientzia fikzioaren mundua izan dut gustuko txikitatik. Agian horregatik, beti jarri dut arreta pelikuletako alderdi estetikoetan, dekoratuetan, irudietan. Arte Ederrak ikasten nenbilela, laburmetrai batean lan egiteko deitu zidan lagun batek. Han hasi nintzen zineman profesionalki ari ziren batzuk ezagutzen. Geroztik, lanean ikasi dut ikasi dudana. Atrezzista modura hasi, eta arte zuzendari laguntzaile aritu nintzen gerora, 80 egunean filmean, adibidez. Horren ostean eskaini zidaten zuzendari artistiko izatea. Loreak, Amama eta Handia pelikuletan aritu naiz zeregin horretan. Azken honekin eskuratu berri dut Goya saria, zuzendaritza artistiko onenagatik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


2024-03-03 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunak

Otsaila da iaz ekoiztutako pelikula uzten sari banaketaren hilabetea. Zinemara joateko aitzakiarekin, arkitektura eta hiria oinarri dituen Wim Wenders-en Perfect Days ekarri nahi dut hizketaldira.

Pelikularen sinopsi zabalduan irakurri daiteke komun publikoetan garatzen dela... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-19 | Euskal Irratiak
Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»

Hizkuntza gutxituak eta eta Frantziako zine-sistema hartu ditu ikergai Graxi Irigarai baigorriarrak bere tesian. Abenduan aurkeztu zuen bere ikerketa, eta ordutik hamaika mintzaldi eskaini ditu. Oro har, Euskal Zinemak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasun eta oztopoak eman ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude