"Europarrak lapurretaren espirituak janda bezala zaudete"

  • Guatemalatik ihesi heldu zen iragan udan gurera Lolita Chávez, kitxe herrien kontseiluko liderra. Bizia, natura, lurra, territorioa eta emakumeen duintasuna ditu irabazi beharreko borrokak. Transnazionalak eta oligarkiak, etsai, behin baino gehiagotan jarri dute ataka gaitzean Lolita Chavez.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Lolita Chávez Ixcaquic (Santa Cruz de Quiche, Guatemala, 1971)

Irakaslea da, militantea, eta kitxe herrien kontseiluko buru. Euskal Herrian izan dugu iragan urteko ekainetik, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Baterako Babesteko Programaren barruan. Aurtengo urtarrilaren amaieran, bestalde, Ignacio Ellakuria garapenerako lankidetza saria jaso zuen.

Guatemalara itzultzeko garaia duzularik, durduzaturik zaitugu, emozioak eta kirioak dantzan.

Hango egoera ez baita batere erosoa herrien eta lurraren defendatzaileontzat. Oraintxe, defendatzaile-ehiza garaia duzu. Talde kriminalak inpunitate osoz ari dira batzuen eta besteen kontra. Baita kazetarien kontra ere. Ez legoke gaizki zuk haiekin bat egitea, elkartasuna adieraztea. Hasteko, bi kazetari hilak dituzte, batera, orain dela ez asko. Territorioetako berri eman ohi zuten, hau da, jatorrizko herriak gauden lurraldeak. Zaila dago han bizitzen.

Iragan ekainaz gero zaitugu Guatemalatik kanpora.

Azken erasoa jaso ondoren etorri nintzen. Bizia, Ama Natura, Lurra eta Territorioaren Defentsarako Kontseiluko kide naizenetik, maia kitxe herriaren ordezkari, behin baino gehiagotan eraso didate. Kontseilutik, transnazionalen kontra saiatzen gara borrokan, meategiak eta hidroelektrikoak beren esku dituzten korporazioen aurka. Oraintxe sekulako egurra jasotzen ari gara, [Espainiako enpresaburu] Florentino Pérezen ACS transnazionalaren partetik. Bozeramaile izendatu nindutenean, 2007an, hasi ziren nire kontrako erasoak. Nire kontra etorri ziren, zuzen-zuzen, transnazionalekin lotura estuak dituen jendea zen.

Atentatuak eta heriotza mehatxuak, irakurri dudanez.

2012an, adibidez, ni nindoan autoa gerarazi zuten. Sikarioak ziren, soldatapeko hiltzaileak. Hil egin nahi izan ninduten, baina emakume taldea ginen, eta nola edo hala libratu nintzen. Hala ere, gurekin zihoan bat kolpatu eta hortzak atera zizkioten. Beste bat, hebain-hebain egin zuten, odoletan utzi arte. Jo eta su ari ziren, komunitatea gu erreskatatzera etorri zen arte. Egia esateko, komunitateek salbatu gaituzte erasoetatik, territorioetako jendeak.

Zeinen soldatapeko dira sikarioak?

Enpresaburuenak, lurjabe handienak eta oligarkiarenak, izan oligarkia kreolo tradizionala, izan azalera datorrena. Azalera datorren hau, oroz gain, militarrekin bat eginda ari da, talde paramilitarrak, narkoa eta sikarioak barne. Bestalde, hor dira beti marak, gainerakoen eskulan zikina egiteko prest, jomuga nor den batere axola ez zaiela. Guztien gainetik, ordea, enpresa transnazionalak dituzu, haiek dira buru, haien esanetara ari dira gainerako guztiak. Oligarkia, berez, transnazionalaren morroi baino ez da. Eta transnazionalak badaki oligarkiak krimen antolatua gidatzen duela.

Ekonomia eta politika, eskutik doazela salatu duzu behin baino gehiagotan.

Halaxe da eta. Familia oligarkak ez dira asko, zortzi dira, edo hamar. Bosch Gutiérrezen familiak, edo Alvaro Arzu Irigoienenak –euskal deiturak dituzu–, kontrolatzen dituzte lurrak. Legearen arabera, jabe dira, kontuan hartu gabe gerra garaian laborariak desjabetu zituztela, AEBetako Gobernuaren konplizitatearekin. Lehenengo, gobernu iraultzailearen kontrako estatu kolpea jo zuten oligarkiek eta, ondoko gerran, era guztietako krimen eta txikizioen artean, laborariak lekuak hustera behartu zituzten, lurrak uztera. Tarte horretan, beren izenean erregistratu zituzten lurrak. Hargatik daude jatorriko herrien lurrak familia handien eskuetan.

Geurea dugu kulpa, europar zuriona.

Guztiz. Korporazio patriarkal neoliberalen botere mafiosoa Europari sakon lotuta dago. Europak, hemen esango zenuketenez, “aditu” sorta bat badu, benetako adituak jatorriko herriak lapurtzen, desjabetzen, hiltzen eta suntsitzen. Jaiotzatikoa balitz bezala da, sakona. Europari ez zaio mingarri, beti egin duena baita. Odoletan daramazue. Inbasioa bultzatzen duen eredu intergenerazional bat daramazue barruan. Horixe gertatzen da, barruan daramazuela, ezin ikusia zaizuela, zeuen osagai delako, ez duzuelako zeuen izatea deskolonizatu hemen, hemen ere kolonizazioa gertatu baitzen. Zeuen barrura begira hasiko bazinete, eta ikusi nola torturatu zituzten hemen zuen arbasoak, hemengo amatxi jakintsuak, Zugarramurdin erre zituzten emakumeak… analisi kritikoa egiteko gai izango zinatekete.

Zer emango luke analisi horrek?

Eredu makroekonomiko jakin baten azpian hazi zarete hemen, eta horrek zuen izaera itoarazi du. Gezurrezko garapenaren ideia sartu dizuete, gezurrezko eskubideen ideia, eta ongizatea. Estatu neoliberalek “izan behar” bat ezarri dizuete, eta haraxe zoazte, buruz, “izatea” bera osatu gabe. Lapurretaren espirituak janda bezala zaudete, zuek baino gutxiago bagina bezala ikusten gaituzue. Supremazia horrek “izan behar” denaren burbuilan sartu zaituzte, eta hortxe zaudete.

Inbasio espainolaz gero, zuen historia sarraskia, genozidioa, idokitzea, arpilatzea, bortizkeria ugari gorputzetan… izan omen da. Hitz asko dira…

Ez dira, bakarrik, hitza, horixe bizi dugu, etengabe, belaunez belaun: nire amatxik bizi izan zuen; ama, horren kontra borrokatu zen; ni, horren kontra ari naiz borrokan, eta oraintxe, nire alaba borroka horretatik edaten ari da, ez dezaten sarraskitu, gu sarraskitzeko planak baitaude, ez da halabehar hutsa, gu sarraskitzeko plan ondo burututakoa baino. Guatemalan gertatu dena exekuzio-planak dira: sarraskia, idokitzea, arpilatzea, gure gorputzen kontrako sexu-bortxaketa sistematikoa, genozidioa… Frogatuta dago gauza planifikatua dela.

Argazkia: Zaldi Ero.

Guatemalaren kasua da, bakarrik, edo dira Guatemala, Ekuador, El Salvador, Honduras…

Da Abya Yala [Amerika]. Hargatik ari gara internazionalismo berri batez hitz egiten, gu txikitzeko planek orain arteko internazionalismo guztiak gainditu baitituzte. Mundu mailako potentziek, oligarkiek, transnazionalek, egitura militarrek… internazionalismo guztiak gainditu dituzte, baina, modu berean, jatorriko herriek ere gainditu egiten ditugu mugak, oraindik bagarelako, erresistentzian eta borrokan. Oligarkiak alde batera, gu bestera, eta erdian zer? Europako herri ustez demokratikoen hiritarrak, ez arre ez iso egiten dutenak. Gu sarraskitu nahi gaituztenen aldera egingo balute, “ez ditugu lagun!”, esango genuke, baina alde horretara jotzen ez dutenez, hitzarmenak egiteko aukera dagoela uste dugu. Hitzarmenak eginagatik ere, ordea, itunak ez dira behar bezala errotzen, ongintzan bezala ari delako hemengo jendea, elizan bezala… Zein da, bada, hitza?

Karitatea?

Horixe! Karitatea! Horixe da plana, karitatea, “behartsuei” laguntzea, “azpigaratuei”, “hirugarren mundukoei”. Ez da pentsatzen “hirugarren mundukook” honako ere baliagarri diren modelo alternatiboak ditugula. Anbiguotasun horretan josita bizi da hemen jende asko. Baditugu lagunak, herri kideak, baina tartean bada jende asko anbiguotasunaren burbuilan sartuta, nora haize hara aise egiten duena, karitatearen izenean. Ez da erraza.

Kontzientzia garbitzeko balio digula esan nahi duzu?

Kontzientzia garbitzeko, eskuak garbitzeko... Supremazia ekintza da beti. “Niri ez zait gertatzen zuri gertatzen ari zaizuna”, pentsatzen dute, baina oker daude, jakina gertatzen zaizuena. Sumintzekoa da gazteen esplotazioa hemengo lanean, sumintzekoa da belaunaldien arteko etena, harreman eza: eskolara eramaten dituzue haurrak, txikitatik, komunitatean bizitzeko aukerarik eman gabe; zaharrak egoitzetan sartzen dituzue, ez haurrak ez adinekoak zaintzen dituzuela, lanak galarazten dizuelako. Sistema da kulpa, sistema kakazu hau, komunitateak eta territorioak usteltzen ari dena. Eta ez duzue horretaz hitz egiten. Hiritarrak frustratuta bezala daude, baina frustrazio horretatik irteten asmatu gabe, problemaren jatorria non den ikusten ez duela.

Inoiz esan izan duzunez, Guatemalan, 36 urte iraun zuen gerra eta gero, bestelako gerra bat etorri da, jatorriko herriak suntsitzen segitzen duena. Megaturismoa, esate baterako.

Bere armak baititu megaturismoak. Besteak beste, horra non datorren turista, kamera eskuan, niri, zuri eta denoi argazkiak egiten. Horretan ari denak ez du bere egoa puztea beste helbururik. Neoliberalismoak horixe sartu dizue kaskoan, direlako herri “exotiko” horietara –horrelaxe esaten baitiguzue, “exotiko”–, bidaiatzea. Baina ez zatozte bat, ez bi, jende olde handiak baizik. Eta, tartean, goi mailako turismoa, luxuzkoa. Estatuek jende horren dirua nahi dute, alemanak dira, edo estatubatuarrak, eta haien gogora antolatu behar da herrialdea: lekuak, jatekoak, errepideak… eta, azkenean, baita gure bizi eta gorputzak ere. Gu eskaparate batean jartzea besterik ez zaie falta, gu irribarrez, bisitariari agur eginez, gauzaki bihurtuta. Megaturismo horrek galarazi egiten du komunitate baitako harreman autonomoa, librea.

Zer esan nahi duzu?

Parkean ere ezin garela jarri, bakean, atol [artozko edaria] bat hartzen ere, han etorriko baita jendetza eta hasiko zaizu klik! eta klik!, argazkiak egin eta egin. Paisajearen parte omen gara. Ni paisajearen parte naiz, beraz. Eta, sinistu, gero! Hegazkinak bata bestearen atzetik datoz, jende modu honetaz bete-beteak. Eta hegazkinak gutxi ez, eta berdin itsasontziak. Diru parrasta duen jendea da, gizateria bost axola zaiona, bere buruari atsegin ematea, gozaraztea –sexualki nahiz dirua eralgiz–, gure biziaren kontura. Bada, ez! Salatu egiten dugu, bizi duina nahi dugu, gizakoiagoa, libreagoa, berdinen arteko harremanetan. Eta horrexen alde borrokatuko gara.

Bizi duina esan duzularik, emakumearen duintasuna duzu lehen borroka. Jatorriko herrietatik kanpotik datorkizue erasoa, baina baita barrutik ere.

Egia da. Ez da zuzena, ez gure biziarentzat, ez gizateriarentzat ere, eraso horiek ikusezin izatea, erasoak inpunitatez gauzatzea. Komunitateko batzarretan ez dugu horretaz gutxi hitz egiten. Bai, meategiak hor dira beti, erasoka, baina ez gaituzte bakarrik meategiek erasotzen, baita gure kideek ere, gizonezkoek. Hasteko, ohean bertan, bortxaz hartzen nauenean. Zer da orduan, etsaiaren konplize? Oligarkiaren bozeramaile? Zer pentsatu behar dugu, meategien kontra gogor ari den horixe, ohean joka ari bazaizu? Zer?

Borroka bat bera zelakoan nengoen…

Egiten ari den borrokaren kontra ari da, hipokrita huts jokatzen ari da, sexu bortxa da. Horixe gertatzen da emakumeak gizonari ezetz esaten dionean: “Gaur ez”. Gizonak ez du emakumearen ukoa errespetatzen, bere gorputzari satisfakzioa ematea besterik ez du buruan, bere kalentura apaltzea. Horrelaxe hasi ginen klitoriaren gainean hitz egiten, gizonari bost axola zaiolako gu nola gauden… Maia herriak badu esaera bat, “Zu nire beste aldea zaitut”, hau da, “ni zu naiz, zu ni zara”, “gara”. Baina gure lagun askok ahaztua dute hori. Horregatik hasi ginen emakumeok hitz egiten botereari buruz, ohetik bertatik abiaturik: goizeko lana, arratsaldekoa, komunitatekoa, eta iluntzean, atseden hartu nahi duzunean, gizona zain, sexu harremanetarako. Eta bai edo ez, norberaren erabakia da, ez beste inorena. Horrez gainera, laneko rolak, etxeko lanen banaketa… “Tortillak nahi ditugu, xigortuak eta bero-beroak!”. Ongi!, eta nork egingo ditu? Etxeko eskalan gertatzen dena, komunitatean ere gertatzen da. Horixe da errealitatea, eta horretaz ere ari gara komunitateko kontseiluetan, horretaz ari gara komunitateko mugimendu feministetan.

Aitzakia kakazuak

“Geure buruak duin ikusi nahi ditugularik, geure buruak nola izendatu pentsatu behar izan dugu, eta herri indigenak baino areago, jatorriko herriak gara, antzinakoak, eta geure kosmobisioak eta bizierak ditugu. Indigena, azken finean, kolonizazioari lotutako terminoa da, ‘indio’ esateko modu goxoa. Nazioarteko erakundeek ‘indigena’ erabiltzen irauten dute, Errege Akademiak eta gisako aitzakia kakazuak emanez”
 

Flipatu

“Gu akabatzen ari dira, eta mundua ez da jabetzen. Euskal Herrian ikasi dudan hitza erabiliz, ‘flipatu’ egiten dut horretaz konturatzen naizenean. Hedabideek ezkutatu egiten dute gertatzen ari dena. Internet eta sare sozialak hor dira, baina berriemaileak bere baitako bahea gainditu behar du berri emateko. Oso latza da, baina premiazkoa da egoerari aurre egitea”

Gaztaroa

“Txikitatik naiz errebelde. Ezertara behartzen nindutelarik, zalantzan jartzen nuen. Eskolan nire hizkuntzan hitz egitea galarazten zidaten, haur ‘indio’-tzat tratatzen ninduten, zorritsu eta hankokerra. Gaztetan jabetu nintzen nire eskubideez, feminismoa ezagutu nuen, eta nire herriarekin batera hasi nintzen oinez, geure buruak berrosatzen”
 

Zor

Sarraskia, genozidioa, idokitzea, arpilatzea, eta emakumeen gorputzen kontrako nahi beste biolentzia… Entziklopedia bana osa liteke Lolita Chavezek kitxe komunitatearen egoera deskribatzeko ibiltzen duen hitz bakoitzarekin. María Mies soziologoaren hitzak bere egin eta esan zigun Imanol Olabarria Bengoak oraintxe hilabete hemen bertan: “Gizon zuriak natura, hirugarren mundua eta emakumea esplotatzeari zor dio bere izatea”. Guk.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kitxe herriak
Eguneraketa berriak daude