argia.eus
INPRIMATU
Rock ekaitz bortitza
Joxi Ubeda Goikoetxea 2018ko martxoaren 20a
Tenpluak erre. Liher. Autoekoizpena, 2018

Iluntasuna. Trumoiak, tximistak, sua. Ekaitz bortitza. Distortsioa, energia handia, doinu gordinak eta basatiak entzun daitezke Liher taldearen azken lanean. Stoner rock eta rock-and-roll kutsuko kantak dira, hardcore, blues eta soul ukituekin.

Gitarra indartsuak, erritmo biziak, astunak, lasaiagoak diren beste batzuk ere bai, eta bat-bateko erritmo aldaketak daude kantetan. Leloak, koruak, moldaketak eta xehetasun eta ñabardura guztiak zehatz eta arreta handiarekin egin dituzte, Iñigo Etxarri eta Karlos Osinaga teknikarien laguntza estimagarriarekin. Nahiz eta kanta batzuek giro leunxeagoa izan, diskoko lehen kanta hasi eta azken kanta amaitu arte ez dago atsedenik edo arnasa hartzeko astirik. Aipagarria da Lide Hernandoren ahotsa eta kantatzeko modua: oihuka, kemen handiarekin, edo gozo, melodia politekin. Grina handiarekin aritzen da, bere taldekideak bezala.

Kantekin salaketa eta kritika zorrotza egiten dute, hitzak bizi garen mundu honen ispiluak dira: “Ereindakoaren ustela gordinik jango duzue” (Nor da piztia?), “Bizitza motza dela esan ziguten, motzegia zoriona lortzeko, zizareak dira bakarrak hemen, ez dutenak inoiz goserik pasako” (Penitentzia), “Jaiotzetik zupakiaz gain oparitzen digute gure hobia aitzurtzeko pala” (Zamalagun), “Azpimundu honetan pozoia jana da, gosea lana da” (Oskol gogorrena), “Iluntasunak ematen dit adorea, ukitzeko begiek ikusi nahi ez dutena” (Beltz gara), “Garai honen zigorrik handiena gure azalari kateaturik gaudela” (Erostrato).

Hasiera batean, Liher taldea Lideren proiektu bezala ezagutu genuen, 2015ean Arrazoi gutxi denbora asko maketa kaleratu zuten eta 2016an Hauts diskoa, baina pixkanaka, entseguz entsegu, emanaldiz emanaldi, kantuz kantu eta diskoz disko, talde izaera gauzatu egin dute. Horrela, Tenpluak erre diskoa talde oso baten lana dela nabarmena da. Halaber, urratsez urrats, beren soinua lantzen eta fintzen aritu dira, sendotzen, eta orain hasieran baino gogorragoa, gordinagoa eta indartsuagoa da.