"Ez dago ezer ukiezinik, baldin eta emaitza hobetzen bada"

  • Zabalburuko galerietan egin dugu hitzordua Rafa Ruedarekin (Mungia, 1972), Blade Runner filmeko Roy Battyren bizileku bilbotarra izan zitekeen gunean. Rafa Ruedak bakarkako bosgarren diskoa –Hiri kristalezkoa (Elkar, 2017)– ixten duen Irina kantako zebrabideetan ez dago goizean hiria estali duen elurtzaren arrastorik. Aldaketa handirik ez dakar diskoak; bai, ordea, aldaketa txiki ugari, mungiarraren kantagintza inoizko mailarik gorenera igo dutenak, ezari-ezarian, ate batzuk itxiz eta ate ugari zabalduz: “Aurreko diskoekin leku honetara iristea posible zela ikusten dut orain”. Puntu honetara heltzeko, eramaten utzi du bere burua, eta umiltasun ariketa sakona egin du bere musika sartuta zegoen inertziatik ateratzeko. “Hamaika proiektutan nabil aldi berean. Batetik, musika maite dudalako, eta bestetik, musikaz bizi naizelako (eta horrek zorionez edo zoritxarrez behartzen nau hamaika gauzatan egotera). Jo, grabatu, jo... inertzia horrek harrapatuta nengoen. Hausnarketa behar nuen nire egitekoaz”.

Argazkia: Aritz Loiola.
Argazkia: Aritz Loiola.

Splitt 77 taldeko Aritz Aranburuk eman zion lehenengo astindua. Lan psikologikoa egin zuen, beste abiapuntu batzuk bilatzera eraman zuen Rueda. “Eta aske sentitu nintzen. Nire lehengaia kantua da, eta askotan poparen egituran ahapaldiak zubira eramaten zaitu eta zubiak lelora. Halako batean errail horretatik ateratzen zarenean hau eta bestea proba dezakezu. Ez dut esaten derrigorrez hortik atera behar duzunik. Kontziente izan behar duzu beste bide batzuk ere badaudela. Ez naiz joan prebisibleak ez diren gauzak egitera. Beste barik, aske sentitu naiz eta zerbaitek hona ekarri nau”.

Astinduok eraman dute, esaterako, teklatuetatik abiatzera kantok. “Instrumentu bakoitzak bere berezitasunak ditu, bere inertziak, eta gitarratik ez abiatzeak halabeharrez beste leku batera eraman nau: nik kantatzeko eta melodiak egiteko modu berezia daukat, eta uste dut hori diskoan badagoela, baina beste soinu batzuetatik sortuta. Ez aurreko Rafarengandik ihes egin nahi nuelako, baizik eta ikusten hasi nintzelako horrela gitarrekin iristen ez nintzen lekuetara irits nintekeela. Tresnaz aldatzeak ekarri dit deslotura hori. Ezkontza hori apurtuta askeago sentitzen naiz”.

“Kanta batzuk eternoak diren bezala, beste batzuk hilkorrak dira, osasun txarrekoak”

Gitarra jotzeko moduan izan du eragina horrek, batzuetan sintetizadore bat balitz bezala erabiltzen du, sei sokak batera erabili gabe: “Ez dut ahotsaren lagungarri erabiltzen, hegoak moztu behar izan dizkiot beste tresnek bete dezaten leku hori. Gitarrak eta pianoak aukera harmoniko oso zabala dute. Taldean jotzeko erabili beharreko notak ondo aukeratzera behartzen zaitu. Sei sokak erabilita, talka hori gertatzen da.”

Gerria ere astindu dio gitarrarekiko dibortzioak; badira diskoan dantzagarri izateko sena duten kantak –Little Cowboy, Nahikari–, etorkizunerako bidea zein izan daitekeen iradokitzen dutenak. “Egia esan, nahiko dantzagarri nabil. Astinduak, mugimenduak musikan islatzea ez dago txarto. Gorputzean ere sentitu dut askatze bat, eta mugimendua dakar horrek. Askatasunarekin lotzen dut. Nigatik balitz, gitarra gehiago egongo ziren, ohitura izan baitut beti barroko jokatzeko konponketak egitean. Kanpoko belarri batek esan behar izan dit kanta batek ez duela gehiago behar”.

Jon Agirrezabala ekoizleaz ari da, haren belarrian jarri baitzuen bere musika, apaltasunez, aholku eta, bereziki, hausnarketa bila. “Esango nuke Jonen papera ez dela maila estetikoan horren nabarmena. Entzuten den kutsu hori bazuten kantuek nik berari eman aurretik. Jon bideratzailea izan da. Proposamen asko egin izan dizkit. Nik banekien nora iritsi nahi nuen, eta berak esparru hori argiago ikusten zuen, nik emandako norabide horretan gidari izan da”. Rafa Rueda ekoizleak islatuta ikusi du bere burua Jonen ispiluan. “Asko ikasi dut. Niretzat umiltasun ariketa izan da. Kasu honetan, konturatu naiz Joni esker bilatzen nuen hori nik uste baino gertuago zegoela. Nik lan hori egin izan dut beste batzuekin eta ez naiz izan horren kontzientea, zein zaila den norbere sudurrean euliak ikustea, parekoen sudurrean hain erraz ikusten dituzunean. Nire burua hobeto ezagutzen dut orain”.

Atzeraezinezko erabakiak, inondik ere: esaterako, kanten estrukturen inguruko lana –Maryana kantak ondo erakusten duenez–, edota bereziki, kantatzeko modua: gutxien aldatu dela dirudienak du atmosfera honen giltza. “Halako batean Jonek komentatu zidan tentsioa kendu beharko niokeela kantaerari. Horretarako zer egin, melodia aldatu, ala tonua jaitsi? Eta tonu grabean kantatzen hastea beste planeta bat lehen aldiz zapaltzea bezalakoa izan zen. Frekuentzia grabe horiek frogatzea. Ariketa guztiz fisiologikoa da. Konturatzen zara kantatzeko ez dela horrenbeste aire bota behar. Birdeskubritzen duzu zure instrumentua, ahotsa kasu honetan. Zelako indarra duen erlaxatuta kantatzeak nire musikan. Hori da lortu dudan garrantzitsuena. Hori deskubritu izan banu aurreko lanetan, emaitza guztiz diferentea izango zatekeen. Gauza interesgarriak egin ditudala uste dut, baina ez dira biribildu kantaeraren erabileragatik. PiLTren sasoitik beste esparru estilistiko bat hasi nintzen jorratzen, hori ondo landu gabe. Lehen diskoetako kantei tonua jaitsi izan banie… Ze, disko bat grabatzen duzunean eternitatearekin jolasten duzu. Hor egiten duzuna betiko gelditzen da”.

Argazkia: Aritz Loiola.

Baina kanta guztiak ez dira eternitatera iristen, baditu hil zaizkion kantak. “Hala ez balitz kantagile perfektua nintzateke. Nire kanta guztiak ez dira onak. Bizirik daudenak soilik. Gustu kontua da. Agian niretzat daude hilda, eta beste batentzat ez. Kanta batzuk eternoak diren bezala, beste batzuk hilkorrak dira, osasun txarrekoak. Abortuei buruz ere zerrenda luzea egin genezake”. Zuzenekoak ematen al die bizitza? “Edota gustura entzuteak ere, hurbil sentitzeak. Entzuleak ere ematen die bizitza”.

Baina, kantak hil badaitezke, noiz jaiotzen dira kantak? “Nik beti esaten dut kanta bat ez dela kanta testua jaso eta ondo uztartuta egon arte”. Baina erakusteko premia sentitzen den unea izan ohi da mugarria kantarentzat, ziurgabetasunezko une hori. “Besteen erreakzioaren esku uzten dut eternitaterako geratzea”.

“Inguru bakoitzak bere folka du. Nireak ez du gogora ekartzen belarra, baina badu gurea ere baden folk bat”

Oraingoan lagunen belarriek atzeman zioten kanton sonoritateari kutsu urbanoa, eta jaramon egin zien lagunei. “Hiria hitzetan dago, musika hiria baino lehen existitzen zelako. Hiria aitzakia izan da pertsonei buruz, guri buruz, hitz egiteko. Baina musikan ba omen zegoen kutsu hori, folk urbano gisa defini litekeen zerbait. Ez dira paisaia bukolikoak, baina berdin existitzen dira mendiak, basoak, neoiak eta tabernak. Inguru bakoitzak bere folka du. Nireak ez du gogora ekartzen belarra, baina badu gurea ere baden folk bat”.

“Orduan erabaki nuen kanta guztiek pertsonen izenak eta istorioak eramango zituztela, eta ahalik eta ikuspuntu anitzenekin. Horretarako zabaldu nuen idazleen abanikoa (5-6 idazle). Oso ezberdin idazten duen jendea dago, baina denek idatzi dute ni buruan nindutela. Ondorioz, euren idazkera ere aldatu egiten zen, eta askotan zaila da jakitea norena den testu bakoitza; batasun bitxi bat lortzen da hala”.

Idaztearekin ere dibortziatu al zara? “Idazten ez dut disfrutatzen musika egiten bezainbeste. Ez dut trebetasun maila hori. Nire testuak askotan ez dira egon musikaren maila berean. Bi aukera nituen. Batzuek diote zintzoena dela norberak idaztea barruan duena. Baina emaitzari zer letorkioke hobeto? Nik idaztea eta emaitza hain ona ez izatea? Ala lan hori proposatzea nik baino askoz hobeto idazten duen jendeari? Eta emaitzaren alde jokatu dut, kantaren alde. Garrantzitsua ez naiz ni, kanta da”.

Eternitate horren xerkan, ortodoxia guztiak ezabatu behar dira. “Nire ustez dena da aldagarria. Ez dago ezer ukiezinik, baldin eta emaitza hobetzen bada. Sortzearen hautuak dira. Badago jendea musika lehenengo hartzean baino ez duena maite. Badu bere xarma. Baina 20. hartzea ontzat emateak ere badu xarma, zerbaiten bila joan eta lortzen bada. Biak dira balekoak. Momentu batean jolas naiteke horrela izatera, ariketa modura. Baina hautua kontzeptuaren aldekoa izango litzateke, ez emaitzaren aldekoa. Ez dut halako ariketarik planteatu. Beti nago prest aldaketetarako, emaitzaren aldekoak badira”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude