Iraganetik etorkizunera

Mainamikirri. Castillo Suarez. Ilustrazioak: Josemari Morcillo, Morkots Fanietorri argitalpenak, 2018

Bi herri ipuin jasotzen dira Mainamikirri izeneko liburu eder honetan: Erregeren alaba eta Katu beltzak izenekoak; biak, kredituetan ageri den bezala, Burundako herri ipuinak eta Izaskun Etxeberriak 1986an eginiko grabazio batetik jasoak.

Ipuinak ahozko kontakizun idatziak ditugu, ozenki irakur daitezkeen istorioak, eta herri ipuinetan gertatu ohi den bezala deskribapen gutxi, ekintza asko eta elkarrizketaz osatuak. Erregeren alaba honela hasten da: “Baziren behin bost garbitzaile errotara joaten zirenak arropak garbitzera. / Haietan txikiena Mainamikirri zen, eta sorginena./ Goiz batean, errotan zeudela, batek galdetu zuen: / – Neskak, hemen gara denok? / – Ez, Mainamikirri falta dun –erantzun zuen beste batek. / –Betikoa. Hura beti azkenekoa.”  Baina Mainamikirri agertu bezain pronto akabo bertako lasaitasuna; Mainamikirri-k erregeren alaba oso gaixo dagoela esaten die baina berak badakiela zer egin behar den hura sendatzeko (zaldi baten bitsa izaran batu…). Kontua da emakumeak hizketan ari diren bitartean kuxkuxero batek dena entzun eta erregeren alaba sendatu zuela, bai eta dirutza ederra jaso ordainean.
Hurrengo batean Mainamikirri-k eta lagunek, kontu kontari hasi aurretik, inguruak arakatu zituzten eta kuxkuxeroa harrapatu eta errotan ehotzeko imintzio ere egin zuten. Gizontxoa-k korrika ihes egin zuen… eta badirudi oraindik ere lasterka ari dela!

Katu beltzak ere sorginkeriarekin erlazionaturiko euskal ipuin tradizionala dugu; eta, aurrekoa bezala, oso erraz irakur eta entzun daitekeen istorioa.

Morkots-en ilustrazio handiek are gehiago erakartzen dute irakurlea istorioak jarraitzera. Irudiekin eta hutsuneekin jolasten du ilustratzaileak irakurlearen arreta areagotzeko eta irudietan, aspaldiko giroa islatzen duen arren, lortu du gaurkotasuna ere agertzea.

Bai kontakizunengatik bai ilustrazioengatik Mainamikirri oso liburu erakargarria egiten da, iragana gaur egunera ekarriz, etorkizuna eraiki dezagun. Eta alde horretatik pena bakarra daukagu, liburu hau sorturiko eskualdean bakarrik eskura daitekeela eta oso zabalkunde txikia duela.

Txalogarria da Fanietorrikoek eginiko lana, hainbat udalek eta erakundek egin duten bezala; egongo ahal da lan hau eta hau bezalakoak Euskal Herri osora zabalduko dituen argitaletxea!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu kritikak
Autorrealizazioa irakasgai

Irakaskuntzan "aniztasuna" aski ezaguna den kontzeptua da, eta irakasleok (ez zara harrituko Bestiak liburutegian ere irakasleak badaudela jakitean) aniztasuna bermatzeko, askotan, ikasle talde heterogeneoak egiten saiatzen gara. Baina badugu desberdinen arteko... [+]


Beldurra gogoko

Beldurrak airean
Aitor Arana
Ibaizabal, 2023

--------------------------------------------------

Zazpi ipuinek osatzen dute Aitor Aranak gazteentzako idatzi duen liburu hau. Ugaria eta ezaguna da Aranaren produkzioa; 125 liburutik gora idatzi ditu, horietako zenbait... [+]


Pagoa, zuhaitza

Altxa, hildakoak!
Fred Vargas
Txalaparta, 2024

------------------------------------------------

Egun batetik bestera, ordu batzuen buruan gertatu da gertatu dena: zuhaitz bat agertu da Sophiaren lorategian. Pago bat.
Hasiera horrek hartzen ditu liburuko lehen orriak... [+]


Emariari idatzitakoak

JAUSIZ
Alain Mendizabal Diaz
1545 argitaletxea, 2023

---------------------------------------------------

Itxuraz tente eusteari utzi eta behea jotzea zail egiten zaigu, grabitate indarrak zein soinean daramagunaren zamak lurrera erakarri arren. Hondoarekin topatzea,... [+]


Etorkizun utopikoen zirrimarrak

Zirriborroak eta gero
Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Lucía Baskaran, Harkaitz Cano, Gabriela Damián Miravete, Belén Gopegui, Karmele Jaio, Danele Sarriugarte, Iban Zaldua eta Patxi Zubizarreta
Consonni, 2023

[+]


Eguneraketa berriak daude