Baztango herritarrek agroekologiaren inguruan ikasteko aukera izanen dute Agroekologia Eskola Herritarraren bidez. Iaz sortu zuten ekimena, Baztango hainbat herritako zortzi erakundek elkarlanean egitarau bateratua aterata. “Dibulgazioa du helburu eskolak, herritarren kontzientzia pizteko, baina ez dugu horretarako bakarrik sortu”, azaldu du Joseba Otondo alkateak ekimenaren aurkezpen prentsaurrekoan.
Iazko eskolen balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, egitarauko ekimenetan 120 pertsona baino gehiagok hartu baitzuen parte. Aurtengoan eskaintza ia osorik berritu dutela eta antolatzen elkarte eta erakunde gehiagok bat egin dutela azaldu du Aitor Azkarate Hazitik Hozie elkarteko kideak.
Baratzeko haziak prestatzeko ikastaroarekin ekin zioten otsailaren 24an ikasturte berriari, Oronozen. Martxoaren 10ean, berriz, Haziaren Eguna antolatu zuten Zigan: hazien trukea egin zuten goizean eta Jakoba Errekondoren hitzaldia izan zuten gero. Martxo bukaeran glifosatoaren inguruko hitzaldia antolatu dute Elizondon, eta bertako zuhaitz espezie eta barietateak ezagutzeko ibilaldia Berroetan. Eskola Herritarreko ekimenek abendu arte jarraituko dute: garagardoa, gazta eta ogia egiten ikasteko ikastaroak, sagardotegi eta sagardi ekologikora ateraldiak edota aste mikologikoa izanen dituzte, besteak beste.
Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe berrian euskaraz erdi mailako agroekologia zikloa eskaini dezaten eskatzeko baliatu du Joseba Otondo alkateak Eskola Herritarraren ikasturte berriko prentsaurrekoa. “Eskualdearen garapenerako agroekologiaren formazioa estrategikoa da. Heziketa horrek, gainera, Baztanen gaurgero abian diren proiektuekin bat eginen luke”, adierazi du. Arduradunei jada eskakizuna helarazi dietela jakinarazi du alkateak.
Eredu intentsibo, industrial eta produktibistaren aurrean bestelako ereduak bultzatzearen beharra azpimarratu du Otondok. Auzo eta herri txikien etorkizuna bermatuko duen nekazaritza ereduaren alde egin beharra dagoela. “Ipar Euskal Herriko nekazariek egunero lantzen duten nekazaritza herrikoi eta iraunkorra behar dugu”.