Aitañi pixontzi


2018ko martxoaren 25an
Udaberriaren soineko hori horri omen egin eta bere burua berritu nahi duenak har beza landare osoaren 60 bat gramo, litro bete uretan egosi eta basokada bat hartu otorduen aurretik. Kontuz ohean!
Udaberriaren soineko hori horri omen egin eta bere burua berritu nahi duenak har beza landare osoaren 60 bat gramo, litro bete uretan egosi eta basokada bat hartu otorduen aurretik. Kontuz ohean! Jakoba Errekondo

Udaberrieroko gogoari ezin eutsi aurten. Neguak gorritutako belaze batzuk berdetzen hasi ordurako urteko lehen soinekoa janzten dute, jantzi ikusgarria, hori-horia. Lore multzo borobil nabarmena irekitzen du txikori-belarrak (Taraxacum officinale) sasoi honetan. Jose Maria de Lakoizketak bere 1888ko liburuan “galkidea” deitzen du eta argibideetan “gariaren kidea” edo “gariaren garaikidea” dela dio, udaberriaren hasieran hazten delako. Txikoria ere deitzen zaiola dio.

Izen ugari du txikori-belarrak. Galkideaz gain orikatxa, txikori orikatxa, txikuri, xikori, zikore eta sorgin-belarra behintzat bai. Aitañi-lili izena ere jasoa dago, Zuberoa aldean, agi danean. Javier Irigarayk 1976an argitaratutako Estado actual de la onomástica botánica en Navarra (II) liburuan “pixakama” eta “pixakamas” jasoak ditu.

Frantsesez pissenlit, pisseau-lit edo pisse au lit deitzen dute, besteak beste. Katalanek ere pixallits deitzen dute. Itxuraz pixa egitea eragiten du, herba urinaria deitzen zioten aspaldi. Udaberrian gorputzaren garbitasuna egiteko hartzen da bere ura, giltzurrunak eta abar arazteko, alegia. Diuretikoa da, pixagalea sortzen du, eta zenbaitek ohean ezin eutsi pixari. Aitañi-lili ere hortik ote datorkio?

Landare osoa jangarria da eta ez nolanahikoa. Udaberriko hosto berriak entsaladan jaten dira, mikatz punttu polita dute; entsaladan azukrearekin hartzeko gomendatzen duenik ere bada. Heldutakoan mikaztasuna areagotuta ia inork ez du jaten. Lore-kuskuak ireki aurretik oso goxoak dira, gordinik entsaladan edo kaparrak (Capparis spinosa) bezala ozpinetan eta gatzetan onduta. Sustrai lodikote bat osatzen du, eta eskasia garaietan kafearen ordezko edo osagarri bezala erabili izan da, ondo lehortu eta eho ondoren. Espainian, adibidez, 1958ko urtarrilean legeztatu zen erabilera hori.

Udaberriaren soineko hori horri omen egin eta bere burua berritu nahi duenak har beza landare osoaren 60 bat gramo, litro bete uretan egosi eta basokada bat hartu otorduen aurretik. Kontuz ohean!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espezieak
2019-06-16 | Jakoba Errekondo
Bearri-karatsa

Bearri-karats esaten diogu hemen belar bati, Asarum europaeum. Lurretik binaka atera eta gehienez ere arrabete luzatuko den hostoak belarri itxura ederra duela ezin uka. Era berean, kirats edo karats nabarmena hedatzen du: mina, kanforra gogorarazten duena, ia okaztagarria. Izen... [+]


2018-07-01 | Jakoba Errekondo
Argia eta ardi beltzak

Urte sasoi hau iristen den guztietan arreta erakartzen didan landare familia da Hypericum-tarrena. Eguzkia bere harroenean den egun hauetan haren antza nabarmena duten loreak erakusten dituzte, tente gora. Sendi horretakoen artean etxekoena milazuloa dut, Hypericum perforatum... [+]


Eguneraketa berriak daude