"Zergatik ez da saihestu Reyren heriotza?"

  • Euskal gizarteko jende askori ukitu dizkio barrenak 2017ko egun arrunt batean euskal preso gazte batek bere buruaz beste egitea espetxean. Horixe egin zuen Xabier Rey iruindarrak martxoaren 6an. Nekez jo daiteke heriotza normal gisa, are gehiago gertatutako dispertsio baldintzetan, eta ETAk bere jarduera utzi zuenetik ia zazpi urtera.


2018ko martxoaren 12an - 08:14
Xabier Reyren dantza taldekoek ireki zuten manifestazioa bere argazki batekin. (Arg.: X. Letona)

Hori guztia islatzen zen nolabait larunbat arratsaldeko Iruñeko mobilizazioan. Galdera airean zegoen manifestazioaren ibilbide osoan: heriotza hau saihestu bazitekeen, zergatik ez da saihestu? Eta galdera horren albokoa da Iruñean bildutakoen edo euskal gizarteko gehiengoaren buruan dagoen galdera sinplea: zergatik ez da dispertsioa amaitzen?

10.000 bat pertsona izan ziren manifestazioan antolatzaileen arabera. Dolua eta amorrua agerikoak ziren aurpegi, hitzaldi eta oihuetan. Golem Zinematik hasita Donibane auzoan eman zuen itzulia manifestazioak eta Azuelo Monastegiko plazan amaitu zen. Denbora guztian Espainiako poliziaren zaintza zorrotzaren menpe, ohi baino zorrotzago, kaskoa jarrita, armak eskuetan, hildako preso baten irudiaz armatutako manifestarien aurka oldartzeko prest.

Espainiako Gobernuko ordezkaritzak egina zuen oharra: “Gertutik jarraituko dugu ekitaldia, biktimen aurkako irainik egiten den ikusteko”. Eta adi, inoiz ez baita ziur jarraipenaren emaitza zein izango den; esaterako, bere ongi-etorrirako “aurrera bolie” idazteagatik estraditatu baitzuten preso ohi ezagun bat Irlandatik urte batzuk geroago.

Hiru oihu nagusi: “Xabi, gudari, gogoan zaitugu”, “Herriak ez du barkatuko” eta “Euskal presoak etxera”. Reyren argazkiak irekitzen zuen bidea, eta jarraian doluz jantzitako ikurrina, bere taldeko dantzariak, joaldun mutuak, mugimendu politikoa, familia eta jendetza eta tartean preso ohi ugari ere bai. Hego-haize zakarrak lagunduta iritsi zen manifestazio burua ekitaldi politikoa egin zen Azuelo Monastegiko plazara. Isiltasuna nagusi zen herritarren artean, Sorozabalen hileta-martxa ozen airean eta zirrara dantza erraietan.

Lehenik familiari sostengua emateko baliatu zen ekitaldia. Zirrara amorru bilakatu zen: “Herriak ez du barkatuko”. Oholtzara igotzean amak muxu eman zion semearen erretratoari eta anaia bikia espetxean zendu berri zen anaiari zuzendu zitzaion, unerik hunkigarrienetakoak sortuz: “Nola animatzen gintuzun bisitetan… minez baina batuta gaude familian, inoiz baino gehiago… espetxeak eraman du… eta hala ere, ez gaude amorruz, betirako maitasuna izango dugu”.

Dantzari bikoteak aurreskua eskaini zion familiari, eta gainerako dantzariek klabelinak, besarkadak eta muxuak.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia izan zen azken hizlaria, eta luzeen jardun zuena. Lehenik argi utzi zuen Reyren heriotza espetxe politika kriminalaren ondorio izan zela, Espainiako Estatuak hil duela. Etorkizuna begira ere jarri zen: “Min handia egin digute, baina herri honetan milaka pertsona daude askatasunaren alde eta ez dugu etsiko”. Gatazkaz, finkatu nahi den kontakizun ofizial bakarra ez dutela inoiz onartuko eta badela ordua gainerako eragileek ere autokritika egin dezaten, ezker abertzaleak bezala, honek dagoeneko onartu baitu gatazkak eragindako sufrimenduan izandako erantzukizuna”. Urkullu lehendakariari galdetu zion ea Reyren heriotza ez ote zen injustua eta Barkos lehendakariari ea noizko antolatuko zen ekitaldi instituzionala harentzat.

Eusko Gudariak abestu zen ondoren. “Gora Euskaldi Askatuta” eta “Gora Xabier” oihuek eman zioten amaiera oroimen, elkartasun eta salaketa ekitaldiari.

Hemen Ekinklik-ek egindako argazki gehiago (CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri ditugu ARGIAra):

Ahotsa.info-ko bideo honetan ikus liteke hilerrian emandako azken agurra:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude