Perfekzioa ez da ederra

Nafarroako Zinema Dokumentalaren 12. Nazioarteko Jaialdiko sarituak.
Nafarroako Zinema Dokumentalaren 12. Nazioarteko Jaialdiko sarituak.

Erbia ez zen ageri. Martxoaren 10ean amaitu zen Punto de vista, Nafarroako Zinema Dokumentalaren 12. Nazioarteko Jaialdia. Aurtengoan ere, ia astebetez, begiraden topaleku bilakatu da Iruñeko Baluarte, eta amaierako ekitaldian ikusitakoaren arabera, Hiri Buruzagiko hainbat zoko-mokok ere jaso du so-egileen bisita.

Norberak bere soa. Jaialdian ezer iradoki diguten horiek ekarriko ditugu. Sail ofizialak ia osorik kapitalizatu zuen gure ikuspuntua. Hona gure begiradak ederretsi txatalak: Detroiteko irri odoltsuak, Trinh Min-ha vietmandarraren atzera begirakoa, O Peixe sarituan enbor baten lehen planoa ikusi eta “naturarekin bat izan eta arrainak harrapatzea” esaldia otu zitzaiguneko unea, Yours Truly-ren egiazaletasuna, eta ezeren gainetik zeinen baikor utzi gintuen Optimism filmak, horren gutxirekin horrenbeste kontatzeko abilezia hori.

Norberak bere mugak. Flores ez zitzaigun gustatu eta aitor dezagun, ez gara Elohim bezalako filmez gozatzeko gauza. Domaia, ez genuen Young and Beautiful ikusteko paradarik izan, denetariko iritziak jaso ditugu, ikuslea hotz utzi ez izanaren seinale. Bestalde, Adams Sitney makila eskuan ikusi, bai, ikusi genuen, baina ez ginen haren oldarren lekuko izan.

Norberak bere egitasmoak. Elias Querejeta Zine Eskola aurkeztu ziguten jaialdian, ez alferrik bai Punto de vista bai Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa graduondoko horren kidetzat hartu ditzakegu. Ederregia ote.

Norberak bere ametsak. Bizipoza hedatu zuten Lisa Marrek eta Paolo Davanzok pasa den larunbatean Baluarteko Ganbara aretoan. Echo Park Film Center-ekoek The sound we see tailerra zuzendu dute, egitasmoa jaialdiaren ertzetako bat izan da, izan ere, eta aurreko edizioen moldeari jarraiki, ez dira filmak izan gure begiraden itu bakarra, ezta Baluarte jokaleku apartekoa. The sound we see egitasmoaren karietara, 24 lagunek, postari bat barne, bi astez landu filma mustu zuten. Estrenaldi mundiala inondik ere, Mursegok eta Harkaitz Canok, inprobisazioaren mugetan murgildu eta soinu eta hitza jarri zioten  Iruñeko Hiri Sinfonia filmari. Iragankorra, guztiz iragankorra izan al zen Ganbara aretoan ikusi genuena? Batzuek bederen manray moldean gozatu genuen ikuskizunaz.

Erbia ez zen Baluarten ageri, baina haren arrastoa sumatu genuen.

Palmaresa

Film Onena: Flores, Jorge Jacome.
Zuzendari Onena: Jean Vigo saria: Elohim, Nathaniel Dorsky.
Film Laburrik Onena: Optimism, Deborah Stratman.
Ikusleen Sari Berezia: Young and Beautiful, Marina Lameiro.
Aipamen berezia: O Peixe, Jonathas de Andrade.
Proiektua (X films): La via flotante, Zazpi t’erdi.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude