argia.eus
INPRIMATU
Afrin: kurduak inperialismoaren kolpe-zakua
Aitor Aspuru Saez 2018ko martxoaren 14a
YPGko gerlari kurduak Afrinen

Urtarrilaren 20an Turkiako armadak eta hainbat talde yihadistek Afrin Siriako kantoi kurdu autonomoa inbaditzeari ekin zioten Errusiaren baimenarekin. Geroztik 200 zibil baino gehiago hil dituzte bonbardaketetan eta ehunka borrokalari zendu dira bi aldeetan.

Bataila hasi zen Estatu Islamikoaren eta Siriako gobernuaren aurkako oposizioaren porrota bistakoa zenean. Orduan, zergatik piztu da berriro gudaren sugarra eta, gainera, kurduen aurka?

Siriako Gerra munduko potentzien eta Ekialdeko herrialdeen xake partida odoltsu bilakatu da, eta egoera horretan estaturik gabeko herriak dira oro har galtzaile, kurduak esaterako. Zentzu horretan, kurduek bere biziraupen politikoa bermatzeko hirugarren bidea abiatu zuten Sirian; Konfederalismo Demokratikoaren alde egin zuten, lerrokatu gabe Assadekin, ezta oposizioarekin ere. Horrez gain, bi potentzia handiekin akordioak lortu zituzten 2016an; Ameriketako Estatu Batuekin Eufrates ibaiaren ekialdean Estatu Islamikoa garaitzeko, eta errusiarrekin mendebaldean, Afringo kantoi isolatuan inbasio turkiarra ekiditeko.

Hortaz, zergatik okertu da dena orain? Alde batetik, kurduek bere eragin eremua asko zabaldu dute Siriako ekialdean (Mambij, Raqqa, Shadadi, Deir Ez Zour) eta, dagoeneko, borrokalari gehienak arabiarrak dira Siriako Indar Demokratikoetan (kurduek lideratzen duten aliantzan). Litekeena da AEBek lurralde hori guztia baliatu nahi izatea, ahal duten neurrian, Iran eta Errusiaren eragina murrizteko. AEBek kurduak babesteak izugarri larritu du Turkia, NATOn AEBek duten bazkide nagusia Ekialde Hurbilean. Horregatik, turkiarren lehentasuna bilakatu da kurduen aurka jotzea eta ez Bashar Al Assaden gobernuaren kontra.

Errusiaren estrategia
Turkiarren helburu aldaketa inork baino hobeto kudeatu dute errusiarrek. Hasteko, Alepoko batailan turkiarrekin adostu zuten indar yihadistak hiri garrantzitsu horretatik mugitzea Siriako iparraldera, kantoi kurduen lotura saihesteko. Kasu horretan lehenengo aldiz ireki zion Errusiak aire eremua Turkiari. Behin lotura eragotzi eta gero, errusiarrek kurduekin akordioa erdietsi zuten Afringo kantoia defendatzeko. Horrela, guztiek irekita utzi zuten aukera etorkizunean akordio horiek handitzeko. Geroztik, Errusiak harremanak sakondu ditu Turkiarekin (aire defentsarako misilak saldu dizkio eta, gainera, gas hodia erabiliko du bertan, Ukrainaren gaineko mendekotasuna leuntzeko) eta, ikusita kurduek ez ziotela Bashar Al Assadi Afringo kontrol politiko eta militarra ematen, Turkiari erraztasun osoak eman dizkio kurduen aurka jotzeko.