argia.eus
INPRIMATU
Sufragio interesatua
  • New Jersey (AEB), 1776. Historian lehenengoz emakumeen sufragioa legez onartu zen “nahi gabe”. Estatuko konstituzioa idaztean egindako akats bat izan omen zen lege aurrerakoiaren arrazoia; “gizon” guztiek bozkatzeko eskubidea zutela jaso ordez, eskubide hura “pertsona” guztiena zela idatzi omen zuten. Akatsaz (berandu) jabetuta, legea ez zuten bertan behera utzi 1807 arte.

     

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2018ko martxoaren 07a
(Argazkia: AEB-etako Kongresuko liburutegia)
(Argazkia: AEB-etako Kongresuko liburutegia)

Pasadizo bitxia interneteko hainbat gunetan dago jasoa, gehienetan hitz berdintsuekin eta gehiago sakondu gabe. Baina beste iturri batzuetara joaz, esaterako, Jan Ellen Lewis historialariak 2011n argitaratutako Rethinking women’s suffrage in New Jersey, 1776-1807 artikulura, edo legearen jatorrizko testura bertara, ikusiko dugu egia dela 1776an New Jerseyko emakumeek bozkatzeko eskubidea lortu zutela, eta 1807an galdu, baina ez zen akatsik egon.

New Jerseyko konstituzioaren pasarte horrek dio: “That all inhabitants of the Colony (...) shall be entintled to vote”. Hau da, “biztanle” guztiek zutela bozkatzeko aukera; “pertsonak” aipatu ez arren, testua anbiguoa da generoari dagokionez. Baina 20 urte geroago, 1796an, bozkatze prozesua zehazteko dekretu bat onartu zuten: “That every voter shall openly, and in full view deliver his or her ballot”. “His” eta “her”, izenorde posesibo maskulinoa eta femeninoa, biak jaso zituzten dekretuan, 20 urte lehenago idatzitakoan nahi gabe egindako akatsik ez zegoela garbi erakutsiz. Bestela ere, ez da oso sinesgarria 1776an egindako akatsaz 31 urte geroago jabetzea, eta orduan zuzentzea.

Horregatik, egun, historialari gehienek uste dute hizkuntza anbiguo hori jakinaren gainean eta propio erabili zutela. Eta nabarmentzen dute bozkatzeko beste baldintzak biltzerakoan ez zirela batere anbiguoak izan. Testuaren arabera, boto-emaileek adinez nagusi izan behar zuten, konderri berean gutxienez 12 hilabetez bizi behar zuten eta beren izenean gutxienez 500 librako ondasunak izan behar zituzten.

Gutxieneko ondasun horiek izateko senarraren edo aitaren baimena zuten emakumeek soilik eman zezaketen botoa –eta ezkongabe edo alargun aberats gutxi batzuek–. Menpeko izaten jarraitzen zuten. Baina probetxugarriagoa da bozkatzeko aukera –zuk nahi duzunari bozkatzekoa– duen menpekoa, hauteskundeetan erabili ezin duzun menpekoa baino.

New Yorken eta Massachusettsen ere antzeko hauteskunde legeak ezarri, baina bizpahiru urtetan atzera bota zituzten. New Jerseyn gizon aberatsek zuku gehiago atera zioten emakumeen bidez berriro bozkatzeko eskubideari.