argia.eus
INPRIMATU
Seigarren haginkada
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2018ko martxoaren 06a
Santa Calavera. RAT-ZINGER. Autoekoizpena, 2018

Zelatan daude berriro Erromako aita-santuaren sasikumeak Santa Calavera delakoak eraikitako guzti hori profanatu eta eztandarazteko unearen zain. Ustelkeriako Santa Calavera, kapitalaren agindupean, gosea, izurritea, gerra eta diru-gose amaiezina non-nahi barreiatzen duena, sotana, txapeloker, bizardun belaunaldi berri, etiketa jantzi zein gurutzea jantzita mozorrotuta dago. Bilbotarrek seigarren diskoa kaleratu berri dute eta jada inork sinesten ez duen ongizate sistemari eta haren errudunei aurre egiten diete modu gordinenean, egoera zailenetan beti aurre egiten duten eta galtzeko ezertxo ere ez duten arratoi erasokorrenak bezala. Adi haginkada berriari!

Rat-Zinger taldeak tiro egiten du lehenengo, eta gero abestu. Izan ere, zertarako eztabaidatu, hausnartu… bizitza hain gogorra denean eta itxaropenik ez badago. Aukera bakarra da bonzo eran aurrera egitea. Halakoak dira Bilbo Handian erditutako sasikume hauen 12 kanoikada berriak: tralleroak, gitarreroak eta erasokorrak erabat. Iraganean egin ohi zuten bezala barkatzen ez duen abiadurz beteriko hardcore-punka berreskuratu dute (Santa Calavera, Ya no quedan días de gloria, Verbodecer…); Lemmy Kilmister handia ez dute inoiz ahaztuko (Toda forma de poder, Golpeando al hombre muerto…) ez jarreran ezta ahots erregistroan ere. Tarteka musika industrialaren oinarriak jarri zituzten taldeak gogora ekarri dizkigute (Antimental) eta, bide batez, oharkabean pasa ziren Tromatism-en gisako talde handiak errebindikatu dituzte (Zorrotzaurreko garai haiek!). Inoiz metalera ere hurbildu izan dira (Tu pasajero) eta gai dira, baita ere, abiadura itzela eta erritmo aldaketak ezkontzeko (Más allá del límite). Baina diskotik diskora estiloetan nolabaiteko jauziak egin izan badituzte ere, ez dute inoiz inola ere ahaztuko nondik datozen eta nongoak diren, hau da, kalekumeak dira betirako. Horregatik, berezkoa dute rock kaletarra eta, ondorioz, Quemando Ruedas, Porco Bravo eta antzeko gizakumeen tankerako sinesgarritasuna lortzen dute (Tú ya no eres él, No hay mañana eta batez ere, Mil perras). Diskoko azken hatsa edo tiroa Indestructibles-i dagokio. Total, izango da gerorik?n