Gure garaia Mr. Wonderfull garaia da. Triste, amorratua edo angustiatuta baldin bazaude, lasai egon, hartu arnasa, joan zaitez yogara eta emaiozu besarkada bat zuhaitz bati. Bai, zu, hiritarra, emaiozu besarkada zuhaitzari, bere izena ezagutzen ez baduzu ere. Zure esku dago nola sentitzen zaren eta zure esku nola kudeatzen duzun datorkizuna. Zure arazoek ez dute zerikusirik turbo-kapitalismoaren legearekin, indarkeria matxistarekin edo lesbofobiarekin. Ez duzu inoiz entzun albokoa baino gehiago izan behar duzula, inoiz huts egingo ez dizun hori zure familia dela eta, lagunak, izatekotan, gutxi izango direla, oso gutxi. Lagunen aurretik, familia. Familiaren aurretik, dirua. Lotura afektiboez gain, elkartasunez gain: zoaz kanpora dirua biltzera.
Zure esku dago nola sentitzen zaren eta zure esku nola kudeatzen duzun datorkizuna. Zure arazoek ez dute zerikusirik turbo-kapitalismoaren legearekin
Zu, zure erdigunea, orain arte besteentzako izan zarela eta orain zu. Lehendabizi zu. Foru ogasunarentzat, gurasoentzat eta gehiengo zabal batentzat bakarrik bizi den emakume bat zara, bikoterik eta familiarik gabe. Hortaz, sare afektibo ikusgarri eta zilegirik gabe. Praktikara joanda, maite dituzun pertsonek zaintza beharrak dituztenean ezin dituzu zaindu, zure enplegu orduetatik kanpo ez bada. Aplikatzen zaizun lan hitzarmenak onartzen dituen senidetasunak santu eta fede publikoak zigilupekoak dira: familia-liburua, ezkontza edo izatezko bikotea. Sexu hitzarmenak, “legeak horrela behartzen duelako”, santifikatuak. Zuenean, ordea, lagunen erresistentzia sare apokrifoa da, merkatuaren legea eta odolaren kaiolari aurre egiteko lubakia: aitortza publikorik gabeko senidetasun soziala.
Besteekin bagara eta besteek ez bagaituzte ikusten ez gara nor. Norekin zaintzen duzu elkar? Hari horren amaieratik tiraka hasi zara eta konturatzerako zurrunbilo anitz dituzu eskuartean. Akorduan duzu zaintza eta arreta berezia behar izan zenuen azken aldia. Ospitalean ingresatuta egon zinenean, lagun bat joan zitzaizun alboan egotera eta beste bat zure etxera joan zen, itzulitakoan afaria egina eduki zenezan. Ostegunero bezala barazki otarraren bila joan ezin zenuenean, lagun bat joan zen zure partez. Hotzak zetozela eta butanoaren bila joan ezin zenuenean, espero ez zenuen beste kide batek ekarri zizun. Hor diruaren aurretik, lagunak zeuden. Familiaren aurretik, lagunak ere bai. Sexu hitzarmena, familia-liburua, oinordekotza edo jabetza pribaturik gabeko harremanek eman zizuten osatzeko sostengua. Fikzio arautu hark bakardade autonomo eta buruaskian bizi zinela bazioen ere, errealitateak apurtu dizu fikzio hura. Elkarren arteko dependentzia sarea behar duzu, zaintzarako aliantzak, bizirik eta libre izateko.