"Aita hil zuten, bera izan zen biktima, ni kaltetua naiz"

  • 1961eko martxoaren 27an hil zioten aita –Javier Batarrita Elexpuru–, Espainiako guardia zibilek Boluetan (Bilbo) ipinitako kontrolean. Kulparik ez aitak, “zoritxarreko istripua” izan ei zen, garaiko agintari frankisten arabera. Aitaren izen bereko semea, bederatzi hilabeteko haurra orduan, dugu memoriaren zaindari.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Javier Batarrita Gaztelu (Bilbo, 1960)

Abokatu da. Bederatzi hilabeteko zela hil zion guardia zibilak aita Boluetako Aginaga gasolindegian, bi lankiderekin batera Gasteizetik Bilbora zihoala. Bata larri zauritu zuten, onik irten zen hirugarrena. Gertatua desitxuratu, informazioa ezkutatu eta isilarazi nahi izan zuten orduko agintariek. Urte askoan ahaztua, argitara dator egia eta horrekin batera aitortza. Mina, ordea, sendaezina.

1960an jaioa zu, ondoko urtean, martxoaren 27an hil zuten aita.

Bederatzi hilabete nituen aita hil zutenean. Betidanik jakin izan dut aita hil egin zutela, poliziak hil zuela, zein polizia suertek hil zuen jakin gabe ere. Baina zirkunstantziak jakinak ziren. 1961 zen, diktadura frankistaren garaia, eta zelan gerra denboran gure etxean hildakoak izan ziren, bada, dena bat zelakoan nengoen, lotu egiten nituen heriotza denak, hala gerrakoak nola gure aitarena, etxean ere antzera bizi zutelako gauza. Geroko baten konturatu nintzen ez zela gauza bera.

Noiz bereizi zenituen heriotza batzuk eta besteak?

Aitaitak hainbat berba egiten zuen gerraren gainean. Familiaren barruan eta inguruan zenbait hildako izan ziren. Aitaitak kontatzen zuen historian, berriz, aitaren heriotza gehigarri moduko bat zen. Aitaita, izan ere, komunista izana zen, Gipuzkoa batailoian ibilitakoa. Iparraldeko kanpaina osoa egin zuen. Santoñan (Santander, Espainia) aurrera egitea lortu zutenen artean izan zen. Avilesera iritsi eta arrainontzi batean sartu zen. Frantziako itsasozainek jaso eta Bordelera eraman zuten. Han, trenean sartu eta Kataluniara egin zuten. Bartzelonan egon zen, nazioarteko brigadak ere ezagutu zituen eta ibili ere egin zen haiekin. Hala ere, Errepublikaren karabinero izan zen. Kataluniako muga zaintzen jarri zuten; batean, Lleida eta Andorra artean; bestean, Gironan. Gerra amaitu arte. Amaitu zenean, Frantziara jo zuen, Mediterraneoko hondartzetara. Harrapatu egin zuten, eta Gursera bidali.

Nola izan zen zure aitarena?

Martxoaren 27an gertatu zen Boluetakoa. Bezperan, Zadorra aldean dabilela, morroi batek, zeharo betea ez nonbait –Vicente García Aguado da izenez–, baten batzuk berbetan ari direla ikusten ditu, eta bonbak aipatzen dituztela entzuten du. Ekintzaren bat prestatzen ari ote diren, alegia. Poliziari esaten dio, baina ez diote sinesten, burutik dagoelakoan. Biharamunean, Zadorra aldean, bezperako inguru berean, Indauto enpresako guarda Gregorio Porcel Carrillok auto bat datorrela ikusten du. Autoa bazterrean gelditzen da, eta hiru gizonezko irteten dira. Handik pixka batera, beste auto bat dator, Gasteiz aldetik, eta lehengo autoaren ondoan gelditzen da. Txoferra jaisten da, lehengo hiru gizonezkoekin berba batzuk egiten ditu eta ondoren laurak bigarren autoan sartzen dira eta Gasteizerantz zuzentzen dira, lehenengo autoa bertan utzita. Indauto enpresako guardari susmo txarra eragiten dio eta guardia zibilari hots egiten dio. Guardia zibilak operazioa egitea erabakitzen du, joaten da Indauto aldera, baina iristen direnerako han ez dago autorik, joanak dira biak, bata Gasteiz aldera, bestea Bilborantz. Operazioa erabaki duen guardia zibileko teniente koronelak ondoko probintzietako kideak jakinaren gainean jartzen ditu, eta Bizkaiko Poliziako arduradun nagusiak Boluetako operazioa antolatzen du.

Martxoaren 27ko iluntzeko 7:30ak jota, zure aitaren Peugeot-a dator Boluetako Aginaga gasolindegira.

Hantxe guardia zibilak. Geratzeko agintzen diote autoari. Eta autoa geratu. Aita txofer, Martin Ballesteros ondoan jezarrita, atzean Larizgoitia. Autoa geratzean, Ballesterosek mugimenduren bat egiten du, eta guardia zibilari susmagarri iruditzen zaio. Aitari autotik irteteko agintzen diote, eta irten denean, ahots batek –polizia armatua, inondik ere–, “bera da! bera da!” hots egiten du, eta aitari geratzeko agindu dion guardia zibilak tiro egiten du. Guardia horrek Mauser bat du eskuetan, eta tiro harekin kasik burua kentzen dio nire aitari. Ondoren, tiro zaparradak datoz. Autopsiaren arabera, 49 tiro jaso ditu aitak. Hala ere, lehen tiroak akabatu du, buruaren alde batean sekulako zuloa egin diona. Aitaitak kontatzen zuen aita identifikatzera joan zela, ez zeukatela guztiz tapatuta ere, eta buruko zulokotea ikusi ahal izan zuela. Lehen tiroak akabatu zuen nire aita.

Argazkia: Javier Batarrita Gazteluk utzia.
Argazkian Javier Batarrita Maria Antonia Gaztelu emaztearekin.
Kotxe horretan zihoazela tirokatu zituzten Batarrita eta bi lankideak.

Zure aita hila, Martin Ballesteros larri zauritua.

Bala batek jo zuen Martin Ballesteros, baina bizkarrezurrean. Betiko elbarritu zuen. Larizgoitia beste inor ez zen onik irten. Autoaren atzeko aldean zihoan eta nonbait autoak ezkutu lana egin zion.

Diote polizia indarrek bertan utzi zituztela zure aita, Ballesteros eta Larizgoitia.

Orduko Gudari aldizkariak kontatzen du jendeak eraman zituela ospitalera.

Pertsianak jaitsita dituzten auzoek? Gudari-k dio Izpizua batek eraman zituela ospitalera, Basurtura.

Por quién no doblan las campanas dokumentalean bi ziren produktoreak: Maite Esparza eta Maite Ibañez. Honen aitak, dokumentala ikusi eta alabari esan ei zion Boluetakoaren lekuko izan zela. Gogoan zuela zelan esan zieten poliziek pertsianak eraisteko. Haiek, berriz, etxetik irten, ondoko mendi kaskora igo eta dena ikusi zuten. Inondik ere, EGIko jendeak jaso zituen aita eta bi lagunak, eta eraman zituzten Basurtuko ospitalera, izen faltsuen azpian. Izpizuarik ere ez dago, EGIko militante batek nekez emango zukeen benetako izena. Militante haiek kontatuta agertu zen informazioa Gudari-n, Lan-Deya-n (Emboscada sangrienta en Bilbao, zioen) eta harrezkero argitaratu diren lanetan, dela polizia gehiegikerien biktimen balorazioari buruzko Eusko Jaurlaritzaren batzordearen txostenean, dela Iñaki Egañak Gara egunkarian publikatutakoan, dela Kike Santarének Deia-n idatzitakoan, edo Correo-n, edo Arkadi Espadak El Mundo-n egindako zutabean. Besterik da garai hartako egunkariek, La Gaceta del Norte, El Correo Español eta ABC-k atera zutena.

Egia osatu duzu?

Batzuen eta besteen informazioa bildu eta irudia osatzeko moduan garela uste dut. Batak bestearen kontrakorik ez du esaten. Zeinek bere bertsioa du, desitxuratuak denak, baina denen artean bertsio bat osatzen laguntzen dute. Bertsio guztiak dira egia, baina denak dira partzialak, eta subjektiboak ere bai. Bertsiorik sinesgarriena denen artean osatzen da. Nire interpretazioaren arabera, hau eta hura leitu ostean, polizia konbentzituta zegoen hura komando bat zela. “Bera da! Bera da!” esaten duenak badaki noren atzetik dabilen. Fernández Soldevillak ukatu egiten du hori, dio ez zebiltzala ETAkoen bila, baina zer edo zeren bila zebiltzan, nire aita, hila zegoela ere, ostikoz jo zuten eta! Larizgoitia atxilotu egin zuten, nire aita eta Ballesteros hantxe utzi zituzten. Jendeak eraman zituen ospitalera.

Zein ondorio ekarri zituen zure aitaren heriotzak?

Ez dakit, bada. Aitarik gabe hazi naiz. Ez daukat gomutarik, uste bat besterik ez, bizipenik ez daukat eta. Horretan beti sentitu naiz gainerako umeak ez bezalakoa. Pentsatzen jarrita, ikastetxean lagunak hasten zirenean, “Eta zure aitak zer?”, aita hila nuela esaten nuen, baina ez zitzaidan gaiaz berba egitea gustatzen.

Berba egiten zenuten etxean?

Berba egin behar bazen, berba egiten zen. Batzuetan, berez etortzen zen gaia, baina mingarria zitzaigun, ez zen egunero berba egiteko kontua. Ez genuen saihesten, baina ezta berbara ekarri ere, mingarria zelako; amarentzat, batik bat. Aita hil zutenean, amamari –amaren amari, Ramona Oiarzabal–, ondoeza egin zitzaion. Iktus bat izan zuen, inondik ere, ahoa okertu zitzaion eta; hala ere, bere onera etorri zen… Oso modu traumatikoan bizi izan zen etxean aitaren heriotza.

Mingarri zaizue oraindik gaiaz berba egitea?

Amari oso mingarri zaio. Auto judizialak, esate baterako, aipatu ere ez dizkiot egin. Beldur naiz. Egunkarietan ezer argitaratzen dutenean ez dut kezkarik izaten, amak egunkaririk ez duelako leitzen. Baina telebistan gaiari buruz ezer  ikusten duenean, ondoezik egoten da bizpahiru egunetan. Maria Antonia Gaztelu dut ama.

Argazkia: Zaldi Ero.

Pentsatu ere ez, orduan, nik harekin hitz egitea.

Estimatuko nizuke ez saiatzea. Eusko Jaurlaritzaren Giza eskubideen bulegoko zuzendaria, Ines Ibañez de Maeztu, etxean izan zen, amarekin berbetan. Ondo konpondu ziren. Hala ere, amak batzordearen aurrean agertu behar zuela esan ziguten, eta joan ginen, eta hantxe, batzordeko kideen aurrean ama. Penagarria izan zen. Ama negarrez lehertu zen. Manuela Carmena zen batzordeko presidente, eta berak kontsolatu zuen, amaren ondora joanda.

Zuri, mingarri zaizu?

Ez. Ez dut bizipenik. Gauza pertsonala da, familiakoa, eta inportantea familiari dagokionean, baina, oroz gain, gertaera historikoa zait. Neurri batean orain ari da zabaltzen kasua, ari da publizitatzen, baina nik hala-moduzko neutraltasun emozional batekin bizi dut. Esateko moduan. Inork ezer jakin nahi duenean, ez dut eragozpenik informazioa emateko. Baina amarekin gai honen gainean berba egitea, ezinezko zait.

Neutraltasun emozional hori gorabehera, zer sentimendu sorrarazten dizkizu aitaren heriotza hark?

Errepresioaren atala izan zen. Nahi beste errepresio izan da herri honetan. Batzuetan batzuei egokitu zaie, besteetan besteei. Aitaren heriotzak beste heriotza askoren antza du. Tamalez, guri egokitu zitzaigun. Baina badiotsut, asko dira horrelakoak.

Aita hil zizuten. Nor da biktima?

Hildakoa, zauritua, elbarritua… horixe da beti biktima. Gainerakook, kaltetuak gara. Gure kasuan, etxeko senideok kaltetuak gara, pertsona hura galdu genuenok, harekiko harremana, haren erreferente pertsonala galdu genuenok. Baina ez gara biktima, kaltetu baizik.

Bolo-bolo dabilen diskurtsoaren arabera denak dira biktima.

Berba egiteko modua da. Beharbada gure hiztegia ez da behar bezain aberatsa, ez gaude gauzak ondo zehazteko eran, eta egunean egunekoaz berba egiteko daukagunaz baliatzen gara. Biktimen senideak biktimatzat hartzen dira, biktima haiei dagozkien aitortza, ordain eta gainerakoak jaso ahal izan ditzaten. Hortik dator biktima berba zabaltzea. Ni biktima naizen galdetuz gero, ezetz esango nizuke, ni ez naiz biktima, kaltetua baizik. Nire aita hil zuten, bera izan zen biktima, ez ni. Ni, kaltetua.

Zer diozu lelo horretaz: “Gu, biktima garen aldetik…”.

Terrorismoaren Biktimen Elkarte AVTren diskurtsoa duzu. Nire ustez, alderdi politikoek erabili egin dute elkartea, eta elkarteak ere utzi egin du erabil dezaten. Hor da diskurtsoa, baina ez da zabaltzeko modukoa. Martxoaren 11ko biktimen elkarteak ez du diskurtso horrekin bat egiten, adibidez.

Zer diozu Eusko Jaurlaritzak egin zizuen aitortzaren gainean?

Ez genuen espero. Nik ez, behintzat. Esker oneko hartu genuen; ez dakit atseginez hartu genuen, baina esker oneko bai. Bestalde, iraganeko bizipenak orainaldira ekarri zituen –amaren kasuan, batik bat–, eta amak txarto pasatu zuen. Hala ere, esker oneko agertu zen ama, aitortzak esan gura zuenagatik.

Aitortza hori tarteko, ezagutu zenituen beste biktimen senideak? Txikirenak, Antxone Telleria, Otaegiren izeba…

Bai, baina kafe bat hartu bitartean egiten diren berbak egin genituen. Bataren anaia, bestearen alarguna… eta inoiz ez genuen aipatu iraganean gertatutakoa, datorrena baino, etorkizunean zer izango den ibili ginen berbetan.

Aita hil zizueten, eta heriotza hark buruz beheiti jarri zuen familiaren bizimodu osoa, ordukoa eta gerokoa…

Bai…

Aitaren aita, aitaita

“Antonio Batarrita, 48 urte zituela hil zen. EAJko kidea zen, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izan zen zer edo zertan, eta Iparraldean babestu zuen bere burua. Gaixotu, eta Jaurlaritzak Bidarteko La Roseraie hotelean jarritako ospitalean operatu zuten, urdailetik. Egun berean, aleman gudarosteak sartu ziren herrian, eta korrika alde egin zuten mediku eta erizainek. Aitaita, operatu berri, hantxe, bestelako laguntzarik gabe, odolustu egin zen. Hil”.
 

Aitaren ama, amama

“Concha Elexpuru Arbillaga zen, lehen Eusko Jaurlaritzaren garaian Bilboko hezkuntza arduraduna, Indautxuko eskoletako zuzendaria izana, eta Euskal eskolaren burua. Nire gurasoekin bizi zen. Aita hil zenean, ordea, amama alabarenera joan zen bizitzera. Ama eta biok, berriz, nire amaren gurasoenera. Amama Conchari oker handia egin zion aitaren heriotzak, bihotzetik ibili zen harrezkero, eta nik hamalau bat urte nituela, hil egin zen, bihotzeko eritasunaren ondorioz”.

Azken hitza: Gabriel Arestik Javier Batarritari

Nire laguna zen, nire lagun maitea
Bizikleteroa, denon adiskidea,
Ideologietan etzen inoiz sartu.
Bakean bizi zen mundu guztiarekin,
gorriekin eta berde eta zuriekin.
Orok estimazio handia zioten.

Iluntze batean zetorren Bituritik
Automobilean. Bihotzean zekarren
Andrea laztantzeko gurari bizia.
Oraindik eztiot entzun inoiz inori,
bekatua dela, edo bidegabea,
esposari senarrak mosua liola.
(…)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude