Zer minek hil zuen Higuemota?

  • Hispaniola, 1522. Guarocuya kazikea eta haren emazte Mencia de Guevarak konkistatzaileen aurka altxa ziren eta 11 urtez borrokan aritu ondoren bertakoen eta konkistatzaileen arteko lehen hitzarmena sinatzea lortu zuten. Menciak aita Hernando de Guevara euskal itsasgizona zuen, Kolonen lehen espediziotan uhartera iritsitakoa; ama, berriz, Higuemota printzesa, Jaraguako Anacaona buruzagiaren alaba.

Jodocus van Winghe-ren 1598ko grabatua. 1503an konkistatzaileek Jaraguako Anacaona erregina, Higuemotaren ama, eta Hispaniola uharteko beste 80 buruzagi sarraskitu zituzten.
Jodocus van Winghe-ren 1598ko grabatua. 1503an konkistatzaileek Jaraguako Anacaona erregina, Higuemotaren ama, eta Hispaniola uharteko beste 80 buruzagi sarraskitu zituzten (arg: Sevillako Unibertsitatea).

Guevara eta Higuemota 1500. urtean “maitemindu” eta ezkondu ziren. Handik aurrera Ana de Guevara izena hartu zuen –edo hartu arazi zioten–. Amerindiar eta europar baten arteko lehen ezkontza izan zen. Kolon anaiek ez omen zuten ezkontza begi onez ikusi eta Guevara atxilotu zuten. Haserre, euskal jatorriko itsasgizonak kolondarren aurka altxa ziren, Guevararen lehengusu Adrian de Muxika buru zutela. Matxinada gogor itzali zuten, Muxika atxilotuta eta exekutatuta.

Baina ez dirudi Muxikak bizia soilik lehengusuaren maitasun harremana defendatzeagatik eman zuenik. Bigarren espedizioan, 1497an, Muxika eta beste batzuk Bartolome Kolonen aurka matxinatu ziren eta, ez zen hura urte haietan konkistatzaileen buruzagiek izan zuten barne oposizio bakarra.

Higuemotaren ama Anacaonak ezkontzaz zeukan iritzia ere ez dago garbi. Zenbait iturrik diote berak bultzatu zuela ezkontza, konkistatzaileek zuten jakinduria miresten baitzuen. Hasieran hori hala izan balitz ere, europarren gehiegikeriaren aurka egiten ahaleginduko zen gero erregina –baita larrutik ordaindu ere–.

Beraz, badakigu Higuemotaren ama eta alaba konkistatzaileen aurka borrokatu zirela, baina ezer gutxi dakigu printzesaren beraren jarreraz.

Donald Trumpek Elizabeth Warren senatari demokrataren aurka “Pocahontas” ezizena irain gisa erabiltzeko ohitura itsusia du eta, berriki, Warrenek benetako Pocahontas nor izan zen gogoraraziz erantzun dio AEBetako presidenteari Amerikako Indiarren Kongresu Nazionalean. Pocahontas bahitu, espetxeratu eta bortxatu zutela aipatu du eta haren bizitza “ausardiaz eta minez” beteta egon zela.

Kronikalariek –beti ere konkistatzaileen aldekoek– Higuemotaz aipatzen duten kontu urrietako bat da printzesa “minak hil” zuela 1509an, sei urte lehenago senarraren heriotzak eragindako minak. Baina ez dute esaten haren ama urte berean urkatu izanak eragina izan zuela. Eta pentsatzekoa da Higuemotak bizitakoa gertuago dagoela Pocahontasen benetako bizitzatik Disneyko printzesaren maitasun istoriotik baino.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Denboraren makina
Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


Yale: prestigioa esklaboen truke

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte... [+]


Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude