Eukaliptoa eta pinua kaltegarriak ote anfibioentzat?

  • Santa Ageda bezperako makiladek esnatu izan balute bezala, negua igarotzeko erabili duen gordelekua utzi eta inguruko hezeguneetara joaten da uhandre palmatua ugaltzera. Orain du garaia. Han izango da putzuaren hondoko hostoen azpian ezkutatua, edo agian bista-bistan, bere kolore arreak hura ikustea zailduko dizun arren. Ugaltzea eta osasun ona izatea, ordea, ez dago soilik uhandrearen esku. Izan ere, Aranzadi Zientzia Elkartearen azken ikerketen arabera, pinu eta batez ere eukalipto landaketak, uhandreen osasunarentzako eta ugalketarako kaltegarriak dira.


2018ko martxoaren 04an
Uhandre palmatu arra. Bere ezaugarri nabarmenena atzeko hanketako hatzen artean garatzen den mintza fina (palmatura izenekoa) da. Horrez gain, ugal garaian isatsaren amaieran harizpi fin eta luze bat ateratzen zaie, eta bizkarraldean gandor txikia. Argazk
Uhandre palmatu arra. Bere ezaugarri nabarmenena atzeko hanketako hatzen artean garatzen den mintza fina (palmatura izenekoa) da. Horrez gain, ugal garaian isatsaren amaieran harizpi fin eta luze bat ateratzen zaie, eta bizkarraldean gandor txikia. Argazkia: Egoitz Alkorta Miranda.

Uhandre palmatua Europa mendebaldeko espeziea da, eta Euskal Herrian nahiko animalia arrunta; Nafarroa hegoaldean izan ezik, gainontzeko guneetan topatu ahal izango dugu. Arrunta izateak, ordea, ez du ezagun bihurtzen, eta oraindik ere asko dira gure artean anfibio txiki eta berezi hau sekula ikusi ez dutenak. Ezagutzen dutenen artean, badira “lauhankakoa” deitzen diotenak. Izan ere, adineko askok uhandre palmatua lau hankako zapaburua dela uste du. Usteak, ordea, erdia ustel. Uhandre palmatua, igel eta apoak ez bezala, heldua denean izango duen forma berarekin jaiotzen da. Emeak uretako belar finetan uzten dituen arrautzetatik aterako dira uhandre jaioberriak.

Arrautza horiek jarri eta euren bizi-zikloa bete ahal izateko lurraren eta uraren beharra dute. Horregatik uhandreek ugaltzeko erabiltzen duten hezegunea ez ezik, hori inguratzen duen lur-eremua ere oso garrantzitsua da. Anfibioak bizirik jarraitu behar badu, biak behar ditu egoera onean.

Hori kontuan izanik, eta putzuek eta euren inguruneek Euskal Herrian izan duten bilakaera ikusita, Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak hainbat ikerketa burutu du azken urteetan. Esaterako, gure putzuen inguruko baso mota eta zuhaitz landaketek bertako faunaren osasunean eraginik baduten edo ez ikusi nahi izan dute. Baso horien artean daude, hariztia bezalako bertako basoak, eta landaketen artean, pinuarenak eta azken urteetan gurean asko ugaritu diren eta eztabaida handia sortu duten eukalipto-landaketak. Azterketa horiek egiteko, Aranzadikoek espezie bioadierazle bat aukeratu dute. Inguruneari buruzko informazioa emango dien animalia; zein, eta uhandre palmatua.

Maider Iglesias-Carrasco eta Carlos Cabido herpetologian doktoreen lan-taldeak ondorioztatutakoaren arabera, bizilekuak, hots, putzua kokatua dagoen inguruneak eragin zuzena eduki dezake uhandre palmatuen osasunean eta emeak arra aukeratzeko prozesuan. Izan ere, hainbat ikerketaren arabera, eukaliptoek lurrera isurtzen dituzten substantziek uhandreen osasunean eta gorputzen ezaugarrietan eragina izan dezakete.

Bi uhandre: goikoa emea da, borobilxeagoa, eta behekoa arra, atzeko hankak palmatuak dituela.
Argazkia: Iñaki Sanz Azkue.

Aranzadiko lan-taldeak Euskal Herriko eukalipto-landaketetan, pinu-landaketetan eta hariztietan harturiko uhandre palmatuak aztertuta ondorioztatu ahal izan duenaren arabera, bertako basoetako banakoek ezaugarri sexualak –hanketako palmaturak, gandor kaudala eta buztaneko harizpia– beharko luketen tamainakoak dituzte. Eukalipto landaketetan, ordea, arrek palmatura, gandorra eta harizpia txikituak dituzte.  Pinudietan, tarteko tamainak agertzen dira, nahiz eta eukaliptoen kasuan bezala kalte egiten dutela ondorioztatu duten.

Hori gutxi balitz, ateratako emaitzen arabera, pinudietako eta, batez ere, eukaliptadietako uhandreek erantzun immunologiko eskasagoa dute, eta beraz, osasun egoera makalagoa, hariztietakoek baino. Ikerlarien arabera, osasun egoera txar horrek eragin zuzena du emeak arra aukeratzerakoan. Egindako azterketen arabera, eukalipto landaketetako emeek duten osasun egoera makala dela medio, ez dute energia askorik xahutzen arra aukeratzen. Beraz, baso-motak eragin zuzena edukiko du uhandre palmatuaren etorkizuneko belaunaldietan, ez baitute arrik onena aukeratzeko nahikoa indar.

Ateratako emaitzek ez dituzte leku onean jartzen gero eta ugariagoak diren eukalipto-landaketak, eta aldiz, dagoeneko gure artean hain urriak diren hariztiek emaitzarik onenak eman dituzte. Autoreen arabera, gainera, oso litekeena da ikerturiko landaketak basoan bizi diren beste anfibioentzako ere kaltegarriak izatea. Nork esango luke horrelako animalia txiki eta sentikor baten azterketatik horrelako ondorio garrantzitsuak aterako zirenik? Gauza txikiek ere asko baitute esateko ingurumenean…

 

Eztei-dantzak ur azpian

Uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) animalia ornoduna da; anfibioa. Igelen eta apoen talde berean sartuko genuke, beraz. Horiekin alderatuta, ordea, badu ezberdintasun nabari bat: buztana. Eta isatsa da, hain zuzen, arrak emea gorteiatzeko, eztei-dantza egiteko erabiliko duena. Otsailetik aurrera, udaberriaren etorrerarekin hasten dira putzuen barruan ur-azpiko dantza egiten. Arra eta emea elkarren aldamenean jarri, eta lehenak isatsa erditik tolestu eta mugitu egiten du, uhin formako mugimendu azkarrak eginez. Emea izango da ondoren arrarekin elkartu ala ez erabakiko duena.

Ugal garaian arrak eta emeak ezberdintzea ez da oso nekeza izaten. Izan ere, garai honetarako arrak bere ezaugarri sexualak garatuta izan ohi ditu. Arra ezberdintzeko ezaugarri nabarmenena atzeko hanketako hatzen artean garatzen den mintza fina (palmatura izenekoa) izaten da. Horrez gain, garai beretsuan, arrei isatsaren amaieran harizpi fin eta luze bat ateratzen zaie, eta bizkarraldean gandor txikia. Emeak arrak baino gorputz lodixeagokoak eta borobilagoak izaten dira, eta ez dute palmaturarik izaten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ibaiak
Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


2023-02-12 | Estitxu Eizagirre
“Ta argiya iñ zan” emanaldia
Energiaren dilemak Urumea ibai barrutik

Ibai ondoan bizi dira Ainhoa Gutiérrez del Pozo eta Eli Pagola Apezetxea. Zentral hidroelektrikoekiko jakinminari tiraka hasita ikerketa eta zinema uztartzen dituen arte esperientzia prestatzen ari dira, Hernaniko Sormen Bekari esker: arte ikerketa honetan, harremanetan... [+]


Eguneraketa berriak daude