Pekinek Mendebaldeari esan dio: "Ito zaitezkete zeuen plastiko zikinetan"

  • Urtarrilaren 1ean Txinak bete du 24 motatako hondakinen inportazioa debekatzeko erabakia. Biharamunetik Europan eta Ipar Ameriketan gainezka daude teorian birziklagarriak diren hondakinen biltegiak eta ez agintariek eta ez enpresek ez dute asmatzen epe laburrean zer egin, batik bat plastiko hondarrekin, mundu osoko zabor esportazioen erdia Txinak hartu baitu orain arte. Txinak ohartarazia zuen ez duela munduaren zabortegi izaten jarraitu nahi.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2018ko martxoaren 04a
‘China Plastics’ dokumentaletik ateratako irudian, protagonistetako bat den Ji-Jie neskatoak plastiko nahasien pila gainetik begiratzen die bere amari eta honi bularra hartzen dion ahizpa txikiari. 11 urterekin egunero ari dira lanean ama-alabak Txinako b
‘China Plastics’ dokumentaletik ateratako irudian, protagonistetako bat den Ji-Jie neskatoak plastiko nahasien pila gainetik begiratzen die bere amari eta honi bularra hartzen dion ahizpa txikiari. 11 urterekin egunero ari dira lanean ama-alabak Txinako bazter guztietan perretxikuak legez ugaritu diren azpikontrata txikietako batean. Horietan zahar, heldu eta gazte, inolako babesik gabe egiten dute lan. Probesteko modukoa bereizirik, azken hondarrak soroetan bertan uzten dituzte erretzen, inguruko lur, haize eta urak kutsatuz

Sundance eta beste zenbait zinemalditan arrakasta edukiagatik, film batek nekez alda lezake mundua. Baina China Plastics dokumentalak lortu du –internetez ikusteko debekua urratuta bertako herritar askori begiak irekiz– Pekingo agintariei presa sartzea. Filmak gordin erakusten ditu mundu osotik teorian birziklatzeko inportatutako plastikoek zein larri kaltetzen dituzten Txinako jendeen osasunak eta bizitzeko behar dituzten lur, haize eta urak.

Hogei urte baino gehiagoz Txina izan da munduko hondakin birziklagarrientzako biltegi eta fabrika nagusia. 2016an planeta osoan esportatzen ziren plastiko, paper eta metalezko hondakinen %56 Txinara zihoazen. AEBek urte horretan 16.000 milioi tona bidali zien, 5.200 milioi dolarren truke. Kanadako hiriek bere hondakin birziklagarri gehienak bidaltzen zizkieten.

Europatik berdintsu. Britainia Handiko birziklatze enpresen buruak kazetariei aitortu dienez, “20 urtez plastiko birziklagarriak Txinara esportatuz moldatu gara eta orain zer gertatuko den ez dakigu”. Irlandak ohartarazi du bere hondakin pilak laster “krisi mailara” iritsiko direla; plastikoen %95 Txinara bidaltzen zituzten irlandarrek.

Pacific Standard egunkariak “Nola Txinak birziklatze merkatu globalak inarrosi ditzakeen” dioenez, Txinari beren zakarrak bidaltzen dizkioten esportatzaile handienak dira AEB, Japonia eta Alemania. Ondoren datoz Britainia Handia eta Malasia, eta horien atzetik datozen zazpi herrialdeen artean daude Espainia eta Frantzia. Pentsatzekoa da, beraz, Txinak uretara jaurtitako harrikadaren uhinak Euskal Herriraino iritsiko direla.

2008rako Txinak irrikaz bilatzen zituen lehengaiak bere manufaktura industria, etxegintza eta azpiegituretarako. Materialak urri eta lanerako jendea soberan, metalak bezala papera eta plastikoa atzerritik ekarritako hondakinak birziklatzea merkeagoa zaio oraindik ere lehengai gordinetatik ekoiztea baino.

Ordainetan, herrialde aberatsei merkeago ateratzen zaie beren hondakin birziklagarriak horien gosez dagoen Txinari saltzea etxean tratatzea baino.  Adibide nabarmen bat motor elektrikoena da. Europako edo Ipar Ameriketako birziklatzaileei garestiegi zitzaien horien karkasak ireki eta barruko materialak eskuz bereiztea. Biltegietan pilatuz zihoazen alferrikako motorrok Txina hasi zen erosten 90eko hamarkadan.

Urteotan, eta gaur ere, Txinak aprobetxatzeko moduko zernahi erosi du mendebaldean. Hondakinen trafikoa ulertzeko, garraio merkeetan dago gakoa. Itsasontziak, Mendebaldeko portuetara mota guztietako produktuak eramandakoan, Txinara itzuli ohi dira hondakinez zamatuta. Plastikoei dagokienez, nagusiki portu handien inguruetan kokatuta dagoen manufaktura industria txinatarra bertan ekoizten ez den plastikoa erruz behar du, horregatik erosten ditu prezio onean urrutitik ekarritakoak.

Joan den uztailean WTO Munduko Garraio Erakundearen biltzarrean garbi ohartarazi zuten Pekingo ordezkariek: “Guk lehengaitzat erabiltzeko dakartzagun hondakinek nahastuta dakartzate zabor zikin asko eta baita hondakin arriskutsuak ere. Eta Txinako ingurumena larri kutsatzen dute”. Orain urtarrilaren 1ean 24 hondakin mota debekatuta oharra ulertzen hasi beharko dugu Mendebaldean, gogoz kontra bada ere.

Munduko fabrika eta zabortegi globala

Birziklagarrien inportazioetan ordena jartzeko ahaleginean 2013tik ari ziren agintari txinatarrak, Hesi Berdea operazioa abian jarri zutenetik. Motiboak badauzkate. Hasteko, urrutitik ekarritakoen birziklatzea ez da hasieran bezain negozio errentagarria, urteotan herrialdearen aberaste eta soldaten igoerarekin eskulana garestitu egin da.

Bestalde, lehengaitarako balio duten hondakinak ekartzeko aitzakiarekin nazioarteko zabor trafikoak zabor birziklaezin asko eraman ditu Txinaraino edozein bazterretan pilatu, lurperatu edo erre ditzaten. China Plasticsen irudietan ikus daiteke Txinako hiri inguruak bezala landa eremuetako soro eta errekak zenbateraino bilakatu diren urrutiko zaborren biltegi kutsakor, bertako biztanleen bizimodua pozoituz. Filmak erakusten du eskuzko birziklatze lanetan osasuna galtzen duten helduen eta haurren bizimodu latza ere.

Eta zer egingo dute hondakinen esportatzaileek? Urte hasieran Europa eta AEBetako agintari askok ez zekiten nola erreakzionatu. Britainia Handiko Ingurumen ministro Michael Govek aitortu zuenez, “ez dakit zein ondorio ekarriko dituen, argi eta garbi aitortzen dizuet”. Badirudi plastikoz gainezka daudenen adabaki bat izango dela Txinak baino are kontrol arinagoak dauzkaten herrialdeetara bidaltzea: Vietnam, Malaisia, Thailandia...

Ez dute aski izanen gero eta plastikoa gehiago kontsumitzen dutenek. Birziklatzeko azpiegituretan aspaldi oso gutxi inbertitu duten agintari eta industrialek erreakzionatu beharko dute. Eta saiatu beharko dute hemengo birziklatzeko sistemak Txinak ezarritako estandar berrietara egokitzen: orain arte plastiko birziklagarrietan %1,5eko kutsadura onartzen bazuen, %0,5era estutu du muga, hori baino zikinagorik ez du onartuko. Gure artean birziklapena edozeri deitzen diotenek garaiz ikasiko ote dute hondakinen gaikako bilketaren  kalitate onaren garrantzia?

Litekeena da, ordea, Mendebaldeak are gehiago jotzea erraustera, #breakfreefromplastic [Aska zaitez plastikotatik] kanpainako arduradunek ohartarazi dutenez: “Hondakinen arazoari kutsadura arazo berria gehitzea litzateke, negutegi eragineko gasak eta minbiziak sortzen dituzten dioxinak isuriz”.

GAIA Errausketaren Aurkako Nazioarteko Mugimenduak oroitarazi du birziklatzea ez dela aski, plastiko hondarren krisiarekin ikasi beharra daukagula: “Bizi dugun kutsadura krisitik ateratzeko ez dago beste biderik plastiko gutxiago ekoitzi eta kontsumitzea baizik”. Baina industria ez dago horretan. Berrikitan jakin denez, azken urteotan 146.000 milioi euro inbertitu ditu industria petrokimikoak datorren hamarkadan plastiko produkzioa %40 handitzeko. Norbaitek nozituko du.

China Plastics dokumentalak baditu pasarte gogoangarriak. Batean, birziklatze lantegi bateko ugazaba eta beste herritar bat entzuten dira eztabaidan: “Zergatik datoz beste herrialdeak beren zaborrak Txinan lurperatzera?”. “Ezin dutelako beren hondakina ondo sailkatu”. “Mesedez... arma nuklearrak ekoiztu ditzakete eta ezin dute hondakina sailkatu? Bidaltzen diguten hau kaltegarria da, toxikoa ere izan daiteke. Nori ardura dio besteei eragindako kaltea etekinak ematen dituen bitartean?”.


Hondakinen kudeaketa kanaletik interesatuko zaizu...
2018-06-21 | Usurbilgo Noaua
GuraSOSek aurkeztu ditu hondakinen plan herritarraren nondik norakoak

Gipuzkoarrei hondakinen kudeaketaren inguruan hitz egin, eztabaidatzea ahalbidetuko dien Hitzartu parte hartze prozesua abian da. Urte bukaeran borobilduko da, prozesu honetan landuko den hiri hondakinen kudeaketaren plana gizarteratu eta agintarien esku uztearekin batera. Plan honen gaineko xehetasunak aurreratu ditu gaur GuraSOSek, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian.


2018-06-20 | Zero Zabor
Hobeki Elkartea sortu dute hondakinen kudeaketan aitzindari diren udalek

Hernanin Orona koperatibak duen 0 eraikinean aurkeztu dute Hobeki Elkartea hondakinen kudeaketa jasangarri eta arduratsuarekin konprometitutako zenbait udalek. Tartean dira Hernani, Larrabetzu, Gaintz-Gatzaga eta Donemiliagakoak, sortzaileak, eta bilgune horretara batu diren Segura, Zaldibia, Berriatua, Berastegi eta Usurbil.


2018-06-19 | Usurbilgo Noaua
GuraSOSek Zero Zona Kanala, telebista kate propioa estreinatu du Youtuben

“Batzuk nahi dutena soilik kontatzen dute. Zero Zonan herriak du hitza”. Horiexek GuraSOSek abian duen Hitzartu prozesuaren baitan, ostiral arratsalde honetan bertan martxan jarri berri duten Zero Zona kanalean entzun ahal izan ditugun lehen hitzak. Aurrerantzean, Youtubeko kate honen baitan, astero albistegi bat eskainiko dute.


2018-06-18 | Zero Zabor
Erraustegien Europako patronalak Bilbon egingo du biltzarra irailaren 19-21ean

"Errausketa: Ekonomia Zirkularra egia bilakatuz" [Waste to Energy: Making Circular Economy Happen] goiburua edukiko du Bilbon CEWEP Europako errauste planten patronalak irailaren 19tik eta 21era artean egingo duen biltzarrak. Zabalgarbi erraustegiak antolatu duen ekitaldia Guggenheim museoan irekiko da afari batez, Euskalduna jauregian burutu eta Loiuko Aspaldiko jatetxean beste afari batez amaitzeko.


2018-06-15 | Zero Zabor
Gloucesterreko gose greba amaitu da: agintariek erraustegiaren kontratua erakutsi beharko dute

Hamaseigarrenean hasi da berriro jaten: asteazken, 13, iluntzean eman du bukatutatzat ekintza Gloucesterreko eskualdeko gobernuaren egoitzan hasi eta Londresko Saint Paul katedralean burutu duen Sid Saundersek. Bere eskakizunetako bat betetzea lortu du: Informaziorako Komisionatuaren aginduz, Gloucestershireko agintariek 35 eguneko epea daukate Urbaserrekin Javeli Park erraustegia egin eta kudeatzeko sinatuta daukaten 500 milioi librako kontratua osorik erakusteko.


2018-06-13 | Zero Zabor
Atzerapena Zubietan: FCC eta Urbaserren artean Cespak ere muturra sartu nahi du

Zubietako erraustegiaren obrek erritmo onean jarraitzen duten arren, 300 metro urrunago biometanizazio eta eskorien tratamendurako eraiki beharreko azpiegiturak hasi barik egongo dira ondoko hiru hilabeetetan gutxienez: FCC eta bere taldeari GHK-k 20 urterako egindako esleipenari helegitea jarri dio orain arte Zubietako opilaren banaketan esku hartzen ez duen taldeak, barnean Cespa eta Campezo dituenak.


2018-06-12 | Usurbilgo Noaua
Erraustegiaren kolapsoa ekar dezaketen ekimen juridikoak aurkeztu ditu GuraSOSek Europan

Zubietako erraustegia ez da atzera bueltarik gabeko proiektua. “Bere etorkizuna ez dago guztiz erabakia”, nabarmendu du GuraSOSek astelehen goiz honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019ko udazkenerako martxan izatea aurreikusten duen Zubieta gaineko plantaren eta haren finantza ereduaren kolapsoa ekar dezaketen ekimen juridikoak aurkeztu zituen joan den astean GuraSOSek, Europako erakundeetan


2018-06-11 | Usurbilgo Noaua
Usurbilgo Udarregi Ikastolatik, erraustegia begi bistan

Ikastola Egun honetan, nahi izan gabe ere begirada Zubieta gainera zuzentzea ia saihestezina zen. Ondoko argazkietan ikus dezakezue, Ikastolako kideak, 50. urtemugako mosaiko erraldoia osatzera zihoazela, atzean zuten panorama. Begi bistakoak dira jada, urtebete barru amaitua eta martxan izatea aurreikusten duten erraustegiko lanak.


2018-06-08 | Zero Zabor
GHKk asteartean, 12an, bozkatuko du Gipuzkoako zaborrak Zabalgarbira eramatea

Gipuzkoako mankomunitate guztiak biltzen dituen GHK partzuergoak ekainaren 12an 11:00etan Foru Aldundiaren egoitza nagusian burutuko duen batzarrean eztabaidatu eta erabakiko du lurralde honetako hondakinak Bizkaian tratatu, erre eta lurperatzeko berrikitan bi aldundiek itxitako akordioa.


2018-06-08 | Xabier Letona
Errausketa baztertzen duen Hondakinen Legea onartu du Nafarroako Legebiltzarrak

Nafarroako Legebiltzarrak ekainaren 7an onartu du Hondakinen eta haien Fiskalitatearen Legea, Nafarroako 2017-2027 Hondakinen Plana osatu eta garatzera datorrena.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude