argia.eus
INPRIMATU
Joseba Eskubi
Izuaren balizko zientzia
Xabier Gantzarain @gantzarain 2018ko martxoaren 01
izenbururik gabe (2018). Irudi digitala.
izenbururik gabe (2018). Irudi digitala.

Arte Ederretako irakaslea izateaz gain, artista ere bada Joseba Eskubi Munitis (Bilbo, 1967ko apirilaren 10a). Forma organikoak pintatzeko joera izan du beti, bere eskutik bizia hartzen duten organismoak, izuaren balizko zientzia baterako partikulak, auskalo zein mundutako izakiak, gauzakiak, gizakiak, auskalo zein infernutakoak. Eguneroko horretakoak, beharbada. Atzizkia da gakoa: -kiak. Zerbaiten zati, zerbaiten hondar, zerbaitetik eratorriak. Saihets batetik datozen saiheskiak.

Belleza Infinita argitaletxeak kaleratu zuen Insomnia liburu zoragarriarekin liluratu gintuen 2014an. Hainbat arte katalogotako erreprodukzioen gainean hasi zen margotzen, leun, urtsu, materiaren eta keinuaren sentsualtasuna nabarmenduz, hartan atsegin hartuz eta emanez, baina ez atsegin gozo bat, arina, pisurik eta sakontasunik gabea, begiak eta bihotzak durduzaz eta dardaraz uzteko moduko atsegina baizik. Izuaren balizko zientzia baterako molekulak; eguneroko bizitzaren arroztasunari idatzitako ipuin baterako maiuskulak eta minuskulak.

Aurrez ere bai, ondoren akaso gehiago, sarean joaten da jartzen bere lana Joseba Eskubi, bere webgunean ez ezik baita sozialak esaten diegun beste sare pelagiko horietan ere. Eta askorentzat, niretzat bederen, sare sozialetan egunean ikusiko dudan gauzarik ederrena izan ohi da bere koadro bat, bere irudi bat, batek daki zerekin eta zeren gainean pintatua, batek daki irudi digitala baldin bada ere, hemengo irudi honen kasuan bezala. Zer axola du? Pintorea beti ari da pintatzen, baita pinturarik gabe ere.

Kultura palimpsesto erraldoi bat zela esan zuen norbaitek, behin eta berriz ezabatua, behin eta berriz gainetik idatzia. Halaxe izuaren balizko zientzia bat ere, egunerokoa: egunero hasi eta hasi, egunero hazi eta hazi.