Guadalupe txapeldun

  • Guadalupe Plataren kontzertuaren kronika. Gasteizko Hell Doradon, otsailaren 9an.


2018ko martxoaren 04an

Ez dut Hell Dorado moduko areto askorik ezagutzen. Rockari eskainitako tenplu bat da, estiloaren izkina guztiei begiratzen diena, asteburua joan asteburua etorri, 2001etik. Bertakoak eta kanpokoak. Gau hotz hartan, berta-bertatik eta Andaluzia urrunetik etorri ziren.

Arrasatetik, Screamers and Sinners. Duela urtebete inguru izan ziren areto honetan bertan, eta orduan ere eman nuen haien berri. Urtebetean askorik ez dute aldatu euren emanaldia, ez bada bateriajolea aldatu dutelako. Rock urduria, azkarra. Punkik azkarrenaren oinordekoa egiten dute, eta egiten dituzten bertsioetan ere keinu bat baino gehiago egiten diote (Ramones, RIP…). Gauaren abiorako, ezinhobea.

Ubedatik (Andaluzia), Guadalupe Plata. Joaquin Sabinaren herrikideak izanagatik, ez dute haren batere antzarik, zorionez. “Lokaztutako lurpeko blues narkotikoa” horrelaxe definituko nuke Rock de Luxe aldizkarirako idatzi beharko banu. Hirukotea dira: gitarrari eman eta kantatzen duena, bateria jotzen duena eta baxuarena egiten duena.

Gitarrari eman egiten dio Pedro de Diosek, jo baino gehiago. Maisuki ateratzen dio zukua Fender Telecasterrari. Inork gutxik (Joseba Irazokik, akaso) aterako lizkiokeen doinu eta zaratak sortzen ditu eta kanta bera jotzeaz aparte, atmosferak sortzen ere dotore aritzen da. Abestu, berriz, lurpetik ariko balitz bezala egiten du, mikrofono berezi baten laguntzaz. Beno, kantuak baino, lanturuak dira harenak, zorupean legokeen norbait hoska balego bezala.

Baterian, Carlos Jimenak oinarri erritmiko sendoa jartzen du, baina atmosferetarako esku eta eskumutur ezinhobeak dituela ere nabarmen da. Jazzetik gertu dago bere estiloa. Ematen dio halako kutsu narkotiko bat jotzeko modu honek.

Eta baxuarena egiten, Paco Luis Martos. Eta nahita diot “baxuarena egiten”, ez baitu baxu moduan ezagutzen dugun instrumenturik jotzen. Batzuetan gitarra batekin egiten du oinarri armonikoa, eta beste batzuetan Wikipedian “kontrabalde” esaten dioten soka bakarreko instrumentuarekin. Azken instrumentu honek merezi du azalpena: balde bat lurrean, makila bat eta soka bat hari lotuak makilari tirata soka tentsatzeko moduan, eta listo. Ezin oinarrizkoagoa. Eta, hala ere, kontrabaxu soinu dotorea ateratzen dio.

Hasi eta buka, emanaldi dotorea egin zuten jaendarrek. Euren bost lanetako kantuak jo zituzten ordu eta erdi pasatxoko emanaldian, eta entzuleok bigarren aldiz taula gainera aterarazi genituenean, sorpresaz, Jake Holmesen Dazed and Confused kantua jo zuten, Led Zeppelinek beraiek baino klase handiagoz, ia.

Kontzertu onenetan, Hell Doradoko liturgiak agintzen du bertako abade nagusi Juan Uriartek txapela mexikarra jantzi behar diela taldekideei. Txapeldun agurtu zen Pedro de Dios.


ASTEKARIA
2018ko martxoaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude