argia.eus
INPRIMATU
Zerutik, Miss Moztare
Jakoba Errekondo 2018ko otsailaren 23a
Nekazaritza biodinamikoak kontuan hartzen ditu zeruko gora-beherak ere.
Nekazaritza biodinamikoak kontuan hartzen ditu zeruko gora-beherak ere.

Nekazaritzaren zientzien munduan erredukzionismoa izan da nagusi, ikuspegi motza, motzarena, alegia. Erredukzionismo hitz itsusiak zera adierazi nahi du: sistema edo izakera konplexu bat, bera osatzen duten zatien bidez adieraz daitekeena. Adibidez, landarea pattal badago, ongarri jakin batzuk eman, eta suspertuko da; edo, izurrite bat bada, botika eman eta akabatuko dugu. Ar eta eme, agronomoen artean Miss Moztare diploma banatzeko zailtasun handirik ez litzateke izango.

Nekazaritza kapitalista edo industriala lantzen dutenak ere jabetzen ari dira. Gero eta begi bistakoagoa da: sistema osoetan pentsatu behar dugu. Lur baten analisi kimikoak neurri batzuk emango dizkigu, baina gero toki eta baldintza bakoitzera egokitzen jakin behar da. Erredukzionistentzat, bizitzako prozesu biologikoak kimika soilera eraman daitezke, eta kimika fisikak esplikatzen du. Iraultza berdea deitu zitzaion lehengo mendean: pestizida eta “ongarri” sintetiko kimikoak erabiliz munduko gosea amaituko zela zioten. Baina, irtenbide sinpleak erabiltzen direnean, ez dira lortzen bilatutako emaitzak, eta prozedura horrek berak garamatza gero eta baliabide konplexuagoak erabiltzera. Denbora.

Beste aldeko muturrean dago holistika: sistemek multzo gisara funtzionatzen dute, eta ez dira bere osagaien batuketa soila. Lurra ulertzeko izugarrizko urratsa da. Lurra sistema izugarri konplexua da, eta konplexutasun horrek berak ematen dion bizitza eta bizitasuna dira landareen eta gainontzeko bizidunon oinarria. Izan ere, Lurrean dago lurra, eta Lurra ez da planeta bakartu bat, sistema oso konplexu baten parte da. Landareek lurrean duten bizimodua sistema horretan garatzen da. Landareek lurra behar dute, baina baita zerua ere. Zeru guztia, atmosfera, eguzkia, ilargia, eta abar osoa. Horri deitzen zaio “biodinamika”.

Herenegun arte, iraultza berde haren babesle eta ekologikoaren aurkari itsu zen zientzialari mordoa, gaur dakitena jakinda, ekologikoaren kontsumitzaile dira. Horietako batzuk, gaur egun, nekazaritza biodinamikoa iraintzeraino lotsagabetzen dira. Eman eman denbora.