Udako asteazken bat

  • Nøgen taldearen kontzertu akustikoaren kronika. Iruñeko Herriko Tabernan, otsailaren 7an.


2018ko otsailaren 25an
Argazkia: Rubén García.
Argazkia: Rubén García.Argazkia: Rubén García.

Azkenaldian, asteazkenetan Iruñea izoztu egiten da. Beno, asteazkenetan, eta baita astelehenetik igandera doazen egun guztietan ere. Azken egunetan ere tenperaturak zerora heldu ezinik ibili dira, elurra egin nahi eta ezinean. Ez da, beraz, asteazkenero antolatzen diren HerrikON kontzertuen errua, Iruñea horren hotz egote hori.

Baina bai, asteazkenek badute xarma berezia Herriko Tabernan, nolabaiteko giro aurreikusezin bat. Astero-astero joanda ere, ez dago inoiz jakiterik esertzeko tokirik izanen duzun edota kontzertu pribatu batez gozatzeko aukera. Hala, hirian talde guztiz ezezaguna izanda ere, aurpegia gorrituriko entzule ausartez bete zen taberna. Elur xiri-miriarekin batera heldu zen Nøgen Karmen kalera.

Argazkia: Rubén García.

“Biluzik” omen da taldearen izenaren esanahia danieraz, eta biluzik agertu zen boskotea publikoaren aurrean. Utz nazazu ibiltzen arropa zaharretan, utz nazazu berpizten erreka estuetan aitortu ziguten lehen kantuan, haiek biluzten joan ahala gure gorputzetako hotza goxatu nahiko balute bezala. Eta hala izan zen, formatu akustikoan, folk-indie estiloko abesti alaiak goxotasunez aurkeztu baitzizkiguten entzuleoi. LYS, haien lehenengo EP laburraz gain, prestatzen dabiltzan diskoko kantuak entzun ahal izan genituen, baita jendaurrean lehen aldiz estreinatu zuten abestia ere. Bertsioak entzuteko aukera ere egon zen, Kansas City ederraren euskarazko aldaera, esaterako. Ez dut aurretik aipatu, baina Jone Laspiur izan zen abeslari Iruñeko kontzertuan. Aurreko abeslaria, Ane Negueruela, kanpoan da eta bitartean Jone taldera batu da. Harrituta utzi gintuen bere ahots sendoak, akustikoan goxo eta hurbil abestu arren, nahi duenean indarra soberan duela erakutsi baitzuen.

Argazkia: Rubén García.

Doinu arin eta alaiek uda girora eraman gintuzten oharkabean, otsaileko asteazken bat zela ahanzteraino. Kantuetan tartekatutako ingelesezko hitzek eta ukelelearen erritmoek beste leku eta garai bat gogorarazten zuten, Kaliforniako hondartza batean egonen bagina bezala, oinutsik eta axolagabe. Kanpoko hotzak ahaztuta, guztiz biluztu ziren donostiarrak gure aurrean, mikrofonorik erabili gabe ari baitziren kantuan konturatu ginenerako. Taldekide guztien ahotsen artean egiten zituzten jolasek haien arteko konplizitatea eta rollo ona transmititzen ziguten entzuleoi, estribilloak abesten saiatzen ginen bitartean. Amaierarako utzi zituzten taldearen abesti ezagunenak: Gertu, konposatu zuten lehenengo kanta, eta Nora, taldearen singlea.

Estribilloa oraindik airean zela hustu zuten oholtza eta, ez dut gezurrik esanen, berriz ere entzuteko gogoz geratu ginen. Nøgenek oparitutako udako arropa zaharrak jantzi eta kalera irten ginen gu, neguko asteazkenei apur bat alaiago aurre egitera.


ASTEKARIA
2018ko otsailaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude