Greba mugagabean, Alfako sirena isildu ez dadin

  • “Badakigu itxi egingo dutela, baina duintasunagatik gaude hemen”. Unai Arosak 24 urte daramatza Eibarko Alfa enpresan lanean. Azken bi hilabetetan ez da lantokira joan, ez behintzat lanera, protesta egitera baizik. Bera bezala, enpresako langileen erdia baino gehiago greban da. Lan baldintzez eta enpresaren arduradunek hartutako erabaki jakin batzuez nazkatuta, planto egitea erabaki dute. Baina nola iritsi da herri baten oinarri eta sostengu izan den enpresa historikoa egoera horretara?

Miren Osa Galdona @Mirentx_U
2018ko otsailaren 25a
Kaleratze plana “diskriminatzailea” dela salatu dute langileek, hasiera batean botako dituzten 51 langileetatik 48 grebalariak dira. (Argazkia: Alfako langile grebalariak)
Kaleratze plana “diskriminatzailea” dela salatu dute langileek, hasiera batean botako dituzten 51 langileetatik 48 grebalariak dira. (Argazkia: Alfako langile grebalariak)

Musika bafleak, mahai luze bat, aulkiak eta pankartak baino ez daude Untzaga plaza erdian jarri duten informazio karpa gorriaren azpian. Hotza eta euria eginagatik ere, bertan biltzen dira astean hirutan greban dauden langileak. “Pertsonalki oso gogorra ari da izaten –dio Arosak–, apenas egiten dugu lo eta diru sarrerak geroz eta urriagoak dira”. Hala ere bai berak eta bai ondoan duen Joseba Apellaniz lankideak argi dute “kalean borrokatzen” jarraitu behar dutela. Greba egiten ari ez direnekin harremana erabat hoztu da ordea: “Amorru gehien ematen duena da gure borrokaren ondorioz zerbait lortzen badugu, guztion mesederako izango dela eta gu hemen gauden bitartean beraiek ez daudela gure ondoan”.

Duela bost urte 800 langile ziren, egun 200 inguru. Pertsonal murrizketaz gain, lan baldintzek ere beherantz egin dute Alfa Precision Casting (APC) enpresan. Alfa Taldeko lantoki handiena da eta langileen erdiak baino gehiagok egiten du lan hor.

Bilakaera hori ez da zoriz gertatu. Apellanizek 20 urte daramatza lantegian eta azken hamar urtetan Alfa indarrik gabe nola geratu den ikusi du: “Baldintza txarretan bada ere, isil-isilik aurrera egin izan dugu beti. Soldatak igotzeko dirurik ez dagoela esan digute eta hala ere lanean jarraitu dugu”. Arosak bat egin du lankidearekin: “Hamar urte daramatzagu soldata berarekin, hori gutxi ez eta %10 jaitsi ziguten, eta ez genuen ezer esan”.

Jon Baranguan LABeko bozeramailearen kalkuluen arabera, baina, langileen eros-ahalmena egiaz %23 gutxiago da egun. “2008tik soldata bera dute baina gizartean dena gorantz doa”. Horren aurrean hainbat proposamen eskaini izan dizkiote enpresari, baina “dirurik ez dagoela esan izan digute behin eta berriz, eta guztiok noranzko berdinean egin behar dugula arraun enpresa aurrera ateratzeko. Esandakoa egin dugu baina hala ere ez dugu etekinik jaso inoiz”, dio Arosak amorruari ezin eutsita.

Sindikatuko delegatuek enpresaren egoeraz informazioa eskatu izan dute behin baino gehiagotan: kontabilitatea, irabaziak, informazio orokorra...  Horretan ere enpresaren erantzuna ezezkoa izan da euren esanetan. Hala, “beste bide batzuk” hartu behar izan zituzten: “Merkataritza Erregistrora joan ginen sindikatu gisa laneko kontuak ateratzera –dio Baranguanek–. Hor hartu genuen lehen ezustekoa: ohartu ginen hiru zuzendarien artean 2.289.000 euro banatu zituztela”. Sindikatuek urteko 400.000 euroko inbertsioa eskatu izan dute langileen baldintzak hobetzeko, baina dirurik ez dagoela argudiatu duten bitartean, 800.000 euro “poltsikoratu” ditu bakoitzak.

Unai Arosa, grebalaria:
“Pertsonalki oso gogorra izaten ari da, apenas egiten dugu lo eta diru sarrerak gero eta urriagoak dira”

Horren berri izan bezain laster langileen batzarrean jakinarazi zuten. Albistea jasotzea “mugarria” izan da Arosa eta Apellanizen iritzian: “Guztioi esfortzua eskatu eta dirutza hori euren artean banatzen dute? Onartezina da. Greba egiteko gakoa izan da”.

Enpresako arduradunek bilera egiteko proposamena onartu zuten: bost urteren ostean izan zuten lehen hartu emana izan zen. “Elkarren artean diru kantitate hori banatu izana onartu zuten, inongo lotsarik gabe”. Enpresa mantentzeko inbertsioak egiteko prest agertu ziren enpresaburuak: lanpostu guztiei eutsi, pertsonala handitzeko kontratazio berriak egin eta baldintzak hobetzeko hitza eman zuten.

Aldiz, ekaitza berehala iritsi zen beste behin Eibarrera: hitzarmen berrirako 40 langile kaleratu eta mekanizazioko sekzio guztia ixteko asmoa izan zen enpresaren proposamena. “Nahikoa zela esan genuen. Plan industrial berri baterako prest daudela esan eta begira zein izan den beraien asmoa!”, dio Apellanizek.

Greba garaia

Bost greba egun adostu zituen langile batzordeak egoera salatzeko: azaroaren 27, 28 eta 29a, eta abenduaren 4 eta 5a. Lehen protesten ostean enpresa langileak mehatxatzen hasi zela ziurtatu du Baranguanek: “Abenduaren 11n langileak lanera ez bazihoazen, enpresa likidazioan sartuko zutela esan ziguten eta epailearen aurrean aurkeztuko zuten dokumentu bat filtratu ziguten”. Mehatxuak mehatxu, greba mugagabeari ekitea erabaki zuten.

Enpresak likidazio eskaera aurkeztu zuen Donostiako Epaitegian abenduaren 7an. Bi jai egunen artean egin izanak “argi uzten du enpresaren asmo txarra”, LABeko kidearen aburuz. Alfa Precision Casting behin behineko kudeatzaile berri batzuen esku geratu da eta inbertitzaile berriek hilabeteko epea dute beste proiektu bat aurkezteko. APCko langileek “gardentasuna” eskatu dute prozesu horretan.

Likidazio plana, ordea, ez da enpresaren azken jokaldia izan: lanpostuak behin betiko desagerrarazteko espedientea aurkeztu du. 131 langile kaleratzea ekarriko duen neurria da.  APC bi fasetan desegitea da enpresaburuen asmoa: lehenengoan 51 langile kaleratuko dituzte. Horietatik 48 grebalariak dira eta beste hiruei lana eskaini diete taldeko beste lantoki batean, sindikatuek jakinarazi dutenez. Kaleratze plana “diskriminatzailea” dela salatu dute langileek. Gainontzekoak uztailaren 31 bitartean botako dituzte euren lanpostuetatik.

Bestalde, LAB eta ELAko delegatuak kargugabetu egingo dituzte, erabaki horrek “zuzen-zuzenean” urratzen du askatasun sindikalerako eskubidea Baranguanen ustez. Enpresak greba eskubidea errespetatu ez izana ere salatu dute, beraiek greban egon diren bitartean beste langile batzuk kontratatu baitituzte produkzioarekin jarraitzeko.

Lerro hauek idazteko unean 80 greba egun beteko dituzte APCko langileek. Arduradunekin lehen hartu emana izan  dute, hasierako aldarrikapenak oinarri hartuta: lanpostuei eutsi, kalte-ordainak hobetu, kaleratze traumatikorik ez egin eta prozesu guztian irizpide objektiboak erabiltzea. Hori guztia lortzeko, ordea, ezinbestekoa iruditzen zaie herritarren babesa. Otsailaren 16an manifestazioa zuten egitekoa Eibarko Untzaga plazatik abiatuta. Karpa gorriak oraindik zutik zirauen haize eta euripean.

Kanal hauetan artxibatua: Langile borroka  |  Industria  |  LAB  |  Eibar

Langile borroka kanaletik interesatuko zaizu...
2018-06-15 | Nahia Ibarzabal
Hazparnen bukatuko da kontsumo ereduaz eztabaidatzea xede duen Bizi egunak dinamika

Bilbo, Iruñea, Donostia eta Gasteiztik igaro ondoren, Hazparnen emango zaio amaiera LAB sindikatuak antolatutako dinamikari.


2018-06-14 | ARGIA
SAT sindikatuko buru Oscar Reina atxilotua, sare sozialetan espainiar erregea "iraintzeagatik"

Oscar Reina Sindicato Andaluz de Trabajadores-eko (SAT) idazkari nagusia atxilotu egin zuen asteazken arratsaldean Guardia Zibilak Gilena herrian, Sevillako 4. Instrukzio epaitegiaren aginduz, “Koroaren kontrako gorroto irainak” egotzita.


2018-06-12 | ESK sindikatua
Osakidetzako EPEa salatu dutenen komunikatua

Azken aste honetan hainbat kolektibok zalantzan jarri dute Osakidetzako EPE. Informatu genuen bezala, ESK-k espezialitate bateko emaitza posibleak notarioaren aurrean jarri zituen. Informazio hori eman zigun pertsonak, jasaten ari den presio dela eta, eskatu digu honako oharra hedatzen laguntzeko. Hau al da Darpon jaunak Eusko Legebiltzarrean zionean eskuak ez ziola dar-dar egingo?


2018-06-07 | Nahia Ibarzabal
Lau azterketa eten ditu Osakidetzak

Susmopean dauden espezialitateetako lau azterketak bertan behera geldituko direla jakinarazi du Osakidetzak. Gainerako espezialitateetako probak egiten jarraituko dute.


2018-06-06 | ARGIA
Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa eskatu du ESK sindikatuak

Osakidetzako oposizioen irregulartasunak direla-eta, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa eskatu du ESK sindikatuak.


2018-06-06 | ARGIA
Osakidetzako oposizioetan egindako tranpak fiskaltzaren esku jarriko dituzte sindikatuek

LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek fiskaltzara jo dute edo joko dutela iragarri dute, Osakidetzako oposizioetan izandako irregulartasunak ikertu ditzatela eskatzeko. Zenbait medikuri oposizioetako azterketak aldez aurretik pasa zizkietela pentsatzeko motibo asko daude, ezohiko emaitzak ikusita.


2018-06-05 | Arabako Alea
Gasteizko garbiketa langileek garbiketa greba deitu dute hilaren 20tik 26ra

Azkena Rock jaialdia eta Judimendiko jaiak izango dira egun horietan.


2018-05-31 | ARGIA
Garbińe Aranburu (LAB):
"Estatalizazioa hedatzen ari da olio orbanaren moduan"

Lanuzte eta mobilizazio eguna izan da asteazkena LABek deituta, estatalizazioak negoziazio kolektiboan duen eragina salatzeko. Hego Euskal Herriko hiriburu eta eskualdeetan 135 tokitan egin ditu halako ekimenak.


2018-05-30 | Miren Osa Galdona
Hegoaldeko emakumeek urtean ia 8.000 euro gutxiago kobratzen dute gizonezkoek baino

Batez beste, EAEko eta Nafarroako langileek 27.480, 71 eta 25.468,68 euro kobratzen dituzte urtean, hurrenez hurren. Aldiz, zifrok sexuaren arabera banatuz gero, emakumezkoek diru sarrera txikiagoak dituzte bi lurraldeetan, gutxi gorabehera, 7.863 euro gutxiago irabazten dute urtebetean Espainiako Estatistika Institutuak argitaratu berri dituen 2016ko datuen arabera.


Sindikatuen grebarako ultimatumak lan-hitzarmena blindatzera derrigortu du Gipuzkoako eraikuntzako patronala

Sektoreko 17.000 langilek 2009tik honako eros-ahalmena berreskuratu ahal izango dute eta lan-hitzarmenak ultraaktibitate mugagabea izango du. Betetzen ez den kasuetarako jarraipen batzordea eratuko dute langileei zuzenean ordaintzeko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude