Erritmoa eta emozioa

Haydn, Takemitsu eta Lutoslawskiren obrak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria eta bakarlaria: Håkan Hardenberger (tronpeta-jolea). Gasteizko Principal Antzokia. Otsailaren 5a.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ekarri digu nortasun handiko eta karisma berezia duen musikari bat, Håkan Hardenberger tronpeta- jole suediarra hain zuzen ere. Eta, aldi honetan artista honen bi ikuspegi disfrutatzeko aukera izan genuen. Alde batetik bakarlari bezala, eta bestetik zuzendariaren lanetan. Bietan, distiratsua, nahiz eta, egia esan, bakarlariaren rola hobeto egokitzen zen haren ezaugarrietara. Teknika doi-doia dauka tronpeta-joleak, oso adierazkor eta gertua da publikoarekiko, eta freskotasun aparta du estilo guztietan. Osagai hauekin guztekin izar bat egiten da, eta batzuetan horrelako izarrek gidari bat behar dute enpastea lortzeko orkestrarekin. Hardenbergerrek lan bikaina egin zuen orkestrarekin, egia da, baina agian suediarrak duen indarrak eta orkestraren kalitateak emaitza doi eta eleganteagoa lortuko zuten beste zuzendari batekin. Hau da nire hausnarketa guztiz pertsonala.

Estilo desberdinen paseoa egin genuen, ederra. Hasteko, Haydnen inozotasun faltsuaz gozatu genuen. Kreazioaren Preludioa: kaosaren irudikapena doi eta delikatua iritsi zitzaigun. Jarraian, Tronpeta eta sokazko orkestrarako kontzertua mi bemol maiorrean sendo eta adierazkorra entzun genuen. Hemen bai luzitu zen Hardenberger jauna. Garbitasunez jo zuen uneoro eta txunditu egin zuen publikoa hain famatua den hirugarren mugimenduarekin. Saioaren lehenengo zatia amaitzeko, konpositore beraren 22. Sinfonia, mi bemol maiorrean; Filosofoa jo zuten, estilo garbi eta purua mantenduz.

Bigarren zatian, beste usain bateko musika entzun genuen. Töru Takemitsu konpositore japoniarrak Paths obra egin zuen Witold Lutoslawskiren omenez. Elkarrizketa berezi bat lantzen du Takemitsuk obra honetan. Tronpeta sordinarekin eta sordinarik gabe tartekatzen dira ariketa melodiko iradokitzailea eginez. Hardenbergerrek, bere teknika izugarriari esker, interpretazio bikaina egin zuen. Lutoslawskiren Orkestrarako kontzertua-rekin amaitu zen emanaldia. Folklore, ehundurak, tinbre jokoak, klasizismoa eta abangoardia nahasten dira lan efektudun eta erakargarri honetan. Euskadiko Orkestrak, Håkan Hardenbergeren batutapean, irakurketa zinez kanporakoi eta distiratsua egin zuen. Oso ona.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude