Bazkide batzarra, lantaldeak eta mendeurrena

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Otsailean egin zuten ARGIAren urteko bazkide-batzarra. Ezaguna da euskaldunok diruaz hitz egiten ez dugunaren kontu hori, baina azken urteetan modan jarri den gardentasun hitz potoloaren izenean, batzarraren berri emateko eskatu eta esan didaten lehen gauza izan da: “2017ko kontuak positiboak izan dira, eta 2018rako ere aurreikuspen baikorrak ditugu”. Komunitatea sendotzen jarraitzeko asmo eta gogoa dago taldean, eta indarra jarriko da ahalik eta jende gehien ARGIAkoa egin dadin.

Lehenago ere kontatua dugu ARGIAk lantaldeetan funtzionatzen duela. Astekariaren eta eguneroko sareko mugimenduez aparte, ARGIA aurrera ateratzeko beste hainbat proiektu eta ekintza antolatzen dira, eta horiei forma emateko sortuta daude lantaldeak. Ezaugarri garrantzitsu bat, lantalde bakoitzean ARGIAren sekzio bakoitzeko kide bat egoten dela, gutxienez; erredakzio, komertzial eta idazkaritza sailak nahastuta ikuspegi desberdinak izaten direlako eta aldi berean eguneroko martxatik atera eta betiko rolak aldatzeko aukera ematen duelako.

Mendeurrena ospatzeko lantaldea

Hiru urte dira modu honetan antolatzen hasi zirela, eta gustura daude martxarekin. Hiru urte hauetan sortutako lantaldeak, ordea, ez dira finkoak. Alegia, sortu eta desegin erreparo gehiegirik gabe egiten dituztela. Beharren arabera.
Esaterako, 2018ko berrikuntzetako bat da ARGIAren 100. urteurrena ospatzeko sortu berri den lantaldea. 2019an beteko ditu ARGIAk ehun urte, eta mendeurrena ospatzeko prestaketa lanetan murgiltzera doaz kide batzuk. Baina mendeurrenaren aitzakia gehiago bideratuko dute eduki aldetik arrastoa utziko duten ekarpenak egitera, festa egun batera baino. ARGIAren ale guztiak digitalizatzea da helburuetako bat, eta ohiko moduan lizentzia librearen aldeko apustua eginez, Interneten edonorentzat eskuragarri jarri nahi dute eduki hau guztia.

Bestalde, mendeurrenean indarrak zentratzeak berri txar bat ekarriko die nortasun agirien jaurtiketarako entrenatzen ari direnei: 2018an ez da Argia Egunik izango. Beraz, lantalde hori desagertu egin da. Hauek dira aurten egongo diren lantaldeak (oraingoz): Azoka, Bizi Baratzea, Proiektuak, Argia Sariak, Durangoko Azoka, Harpidetzak eta Formazioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA