Jolasaren askatasuna

‘Ke usted lo pase bien’ seriekoa (2013). Olioa oihalean. 200 x 200 cm.
‘Ke usted lo pase bien’ seriekoa (2013). Olioa oihalean. 200 x 200 cm.

Jaioterrira itzuli zen iaz, aldi baterako bederen, Santos Iñurrieta de la Fuente (Gasteiz, 1950eko uztailaren 8a), Artiumen erakusketa eduki baitzuen, pasa den urtarrilaren 7ra arte, ikusi nahi zuen ororen gozamenerako.

Mallorcan bizi da 90eko hamarkadaz geroztik. Nabari du argian, berotasunean, giroan. Inbidia ematen du. “Goizeko seiak inguruan jaiki ohi da. Kafe bat edan eta paseatzera ateratzen da Menutekin. Etxera itzultzean beste kafe bat hartzen du, oraingoan Joanarekin eta txakur-talde guztiarekin. Porrutxo bat erretzen du. Gero, aldi berean margotzen ari den bospasei koadroei begira egon ondoren bati heltzen dio. Hamar ordu baino gehiago ematen ditu horretan egunean”. Halaxe dio bere biografiak, Ke usted lo pase bien erakusketako katalogoan. Inbidia ematen du.

Festa bat zen bere erakusketa, jendez eta animaliaz eta pintorez eta komikietako pertsonaiez eta izaki bitxiz betea, denak formatu handiko lanetan barreiatuak, koadro bakoitza, eta are erakusketa osoa, inoiz ezagutu den matrioskarik handiena bailitzan, jendeen barruan jende gehiago, etxeen barruan etxe gehiago, paisaien barruan paisaia gehiago. Inoiz agortzen ez den mundu bat, inoiz agertzen ez den bezala emana.

“Maite dituen guztiak gonbidatu ditu artistak festara eta triptiko handi hauetan elkartu ditu”. Francisco Javier San Martinek idatzi du katalogorako testu nagusia. “Iñurrietaren festara gonbidatuta daudenak, alor kubista-fauvista-metafisikokoak dira gehienak, baina lotzen dituen elementu aglutinatzailea –bilbe narratiboa– gertuago dago itxuraz surrealismotik, ideia-asoziazio automatikotik eta oihaleko espazioaren okupazio irrazional eta elkar gurutzatutik”.

Artistaren jolaserako askatasun erabatekoak kaleidoskopio miragarria dakar. Eta argia, berotasuna, festa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-17 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Eguneraketa berriak daude