Bibotea, osabaren armairutik berreskuratutako arropak, koreografia bitxiak, agertokian ikusleei bizkarra ematea, instrumenturik eta odol gabeko bideoklipa, diskoaren izenburua alemanez, arty kutsu handia... Zer da hau? Zahartzen ari naiz edo gazteriak bestelako oinarriak, erabat desberdinak, ditu? Biak! Bai, pose handiko garaiak bizi ditugu, tontakeria ere barra-barra batzuetan, baina badira horren guztiaren atzean gailentzen diren taldeak. Halakoa iruditu zait Vulk talde bilbotarra.
Taldekideek batez beste, 26 urte dituzte; dagoeneko hiruzpalau urte daramatzate proiektu honekin eta beraien gaztetasunari trufa eginez musika ezagutza handia erakusten dute. Lehen kolpean post-punk edo after-punk lerroburuan kokatu ahal dituzu, Joy Division ikur, baina azal azpian geruza gehiago agertzen dira eta emaitza oso-oso aberatsa da.
Beat Kamerlanden laukotearen lehen lan luzea da. Azala, kontrazala eta diskoaren galleta artista desberdinek eginak dira, jakina. Gainera, 80ko hamarkadako usadio bat gurera ekarriz, diskoak posterra dakar! Unique position hipnotikoa da tarteka, iluna eta pausatua. Andonik ingelesez abesterakoan duen dikzioa sinesgarria da eta kantuak magnetismoa dauka; sasi-elektronikarekin jostari ia espiralean doa. Something internal hit! nabarmena da: erlojuaren pareko erritmo zehatza, riff minimalista baina sarkorra, teklatu anbientalak eta melodia borobil bat, akaberan distortsionatuago, espazialago eta noise-ago bilakatu arte. A comtemporary statement-ek erritmo aldaketa handiak ditu eta The Fall, Fugazi eta The Ex-en arteko biderketa dirudi. Zaldia burning beste klasiko bat da: instrumentalki oso aberatsa eta indartsua; Pixies presente badute ere, New Order-ek agintzen du.
B aldea From found to stage pilula instrumental laburrak irekitzen du. Horri jarraitzen dio Sure drop post-hardcore zapalgailuak, hazten, hazten eta garatzen doana Sheelac eta Hammerhead ezagutu arte, eta ondoren psikodelia eta sasi-elektronikaren gauan galtzen dena. Hugo hall noise pop distiratsua da, itsaskorra eta dantzagarria. Brazil-ek ezinbestez mugiarazten zaituen erritmo eroa du eta harrapatzen zaituen melodia iluna baina kutsakorra. Disko ixteko ardura Slow attack on canvas, azidotan blaitutako Pixies.