argia.eus
INPRIMATU
Kosmopoliten mikronazionalismoak
Edu Zelaieta Anta 2018ko otsailaren 14a

Madrilen bizi diren jendakien bisita izan zuen lehengoan Sofiak, aspaldiko partez. Lehen platera bukatu aurretik jadanik ari ziren Kataluniako egoeraren ziurgabetasunaz. Bigarren platerarekin batean, Kataluniatik Euskal Herrira egin zuten bazkaltiarrek. Klasiko bat. Postreek ekarri zioten berari esklusiban bere ikuspegia azaldu beharra. Kafeari lehen zurrupada kentzerako, barrena deseroso sentitzen hasia zen. Katilua pausatu eta ondoan egin zuen galdera, bisitarien diskurtso neutroa uxatu nahian: zergatik diozue neu naizela nazionalista?

Inork ez zuen erantzunik eman. Kafearen mingotsa atxiki zitzaion familia giroari. Isiltasuna etorri zen geroago. Harik eta izeba batek, ez trebetasun gutxirekin, ikusitako azken filma aipatu zuen arte. Zinematik literaturara egin zuten ondotik. Hala ailegatu ziren On Kixote-ren handitasunaz mintzatzera, batez ere Cervantesen lana irakurria ez zutenen aldetik. Klasiko bat.

Izan ere, halakoxeak dira kosmopoliten mikronazionalismoak: mikromatxismoen pare, oharkabean joaten dira, eguneroko harremanetan ezin erosoago etzaten diren arren. Beste batzuen gainean etzan ere.