Kakagaleaz nator

Honako hauek Txirri, Mirri eta Txiribiton-en disko batean grabatuak: “Kakagaleaz nator Errenteriatik, lau kuarto eman nituen egiteagatik. Horra bada, osaba, alegratu bedi, kaka galanki egin det, eder eta lodi”.

Bada, epelak entzun genituen. Beti izan naiz, baina, kontu marroi hauen zalea, agian umetan gure birramona Jenerosak, eguneroko txizontzi saioa amaituta, emaitza erakutsarazten zidalako eta, ongi miatu ondoren, iritzi zorrotzak plazaratzen zituelako: “Ederrak gaurko kaka hauek! Arin samar dabil mutila… Ea zizarerik dagoen…”. Hau ere harena da: “Aita Santuak ere puzkerrak merke-merke”.

Gaztetan txalupan itsasora ateratzen ginenean, kuadrilako batek, Hippiek, puzkerra botaz gero, denok uretara salto. Iraunkorrak atontzen zituen: puska batera txalupara itzuli nahi eta oraindik ere sekulako kiratsa. Jantzita harrapatuz gero, arropan itsatsita geratzen zen haren sustantzia ustez gaseosoa.

Mendira alabaren Gustabo zakurrak laguntzen nau. Behi gorotz ensaimadak maite ditu. Gainean etzan eta bueltaka, igurtzi egiten da. Etxerako itzulia, autoaren leihoak zabalik, hotzik handiena badago ere. Noizbait ertzainek gelditzen banaute, keru kontrol proba berriaren beharra ikusiko dute.

Kakapilari mesede handiak zor dizkiogu. Antzinako mitoak dioenez, Sanson indartsuak noizbait aranotarrak akabatu nahi izan zituen, festa handitan zebiltzala ikusi eta jelosiak jota. Harri handia hartu baina jaurtitzera zihoanean, gorotz handi batean irrist egin eta bakarrik Aballarriraino bota ahal izan zuen eta inor akabatu ez. Horrela deitzen zaio oraindik: Sanson harria. Inguruan maiz ibili da Gustabo nirekin, apika oraindik gorotz beraren gainean. Honek ikerketa antropologiko sakona behar du. Eta Jaurlaritzaren diru laguntza.

    *    *   *

Egungo higienearen ohiturak klasista, burges eta antiekologikoak dira. Askok egunero hartzen dute dutxa, batzuetan hainbat aldiz eta barruko arropak ere egunero aldatzen. Gure zaharrek astean behin muda eta dutxa… urtean behin, behar izanez gero noski. Horiek bai jakintsu, ekologiko eta berdintzaileak.

Ziur aski Trump tronpatzaile tronpatua orduro dutxatuko da, urrezko konketan eserita harrizko kakamokordoa atera ezinik ibili ondoren. Amona Jenerosak ere bazuen honelakoentzako izena: Ezinlibrategi. Odoluzki muturra ere gustatzen zitzaion.

Munduak irauteko aukerarik izatea nahi badugu, Gustabo bezain piztiak garela ezin ahaztu, tronpatzaileen eskolako lotsagabe ugariei zaunka eta ausiki egin ahal izateko.

Honela amaitzen dira bertsoak: “Jendeak egin arren irri-arra farra, fuera mokordoa eta biba kaka zaharra”. Horixe.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude