Ezin izendatuzkoa

Egun hauetan, Garazi-Baigorri eskualdean ongietorria eginen diogu Adélaïde Mukantabana ruandarrari, hain zuzen ere Ruandako tutsien genozidiotik doi-doietatik eskapatu zen lekuko hunkigarriari. L’Innommable–Agahomamunwa (Ezin izendatuzkoa) autobiografian (L’Harmattan, Paris, 2016), bere ibilbidearen gorabeherak azaltzen ditu, baita bere bizipenetik at egin dituen ikerketa historikoak ere.

Adélaïde Mukantabanak esplikatzen du liburu horretan nola Belgikak 1916an kolonizatu zuen Ruanda, Afrikako herri ttiki-ttiki hori, alde batetik frantses hizkuntza eta katolizismoa inposatuz, eta bestaldetik gorrotoa sorraraziz ruandarren artean. Alabaina, indarrez sinetsarazi zioten biztanleei laborariak (%85) eta behi hazleak (%10) bi arraza ezberdinetatik heldu zirela; kolonizatzaile belgikarrek nortasun agiriak asmatu zituzten, laborariei “hutu” izena ezarriz, eta behi hazleei “tutsi”. Hastapenean, zernahi abantaila eskaini zizkieten tutsiei, hutuen herra elikatuz, eta 1950 hamarkadatik aitzina, hutuen “iraultza soziala” sustengatu zuten, 1994an tutsien deuseztatze “lana” planifikatu eta gauzatzeraino.

Adélaïde Mukantabanak ederki erakusten du nola Belgikaren kolonizazioak desagerrarazi zituen lehengo ohiturak, zenbateraino ustelduak ziren belgikar agintariak eta diktadore ruandarra. Agintariek insistitu zuten tokiko eliza-gizonen parte-hartze sutsu eraileen alde –apez batek Hitlerren Mein Kampf kinyaruandara itzuli omen zuen, genozidioa hobeki prestatzeko xedez–.

Idazleak salatzen du 1950-1994 garai arteko Frantziaren rol ahalkegarria genozidioaren garapenean. Berriki gutun irekia igorri dio Emmanuel Macron frantses lehendakariari, horrek armada buru izendatu berri duelako genozidioan parte hartu zuen ofizial bat, eta Frantziak Ruandari oraindik barkamenik ez diolako galdegin –Belgikak, Ameriketako Estatu Batuek, Nazio Batuen Erakundeak eta Vatikanoak egina dutelarik–.

Liburu hori irakurriz, harritu naiz bi izen euskaldun ikusteaz kontakizunean. Genozidioaren abiapuntua izan zen Habyarimana diktadorearen hegazkin leherketa, eta hegazkin hori François Mitterrand frantses lehendakariak zion adiskidetasunez eskaini, bi gidarirekin, horietan Jean-Pierre Minaberri koronela. Auskalo, izen euskalduna izanagatik, horrek ez zuen beharbada beste deus euskaldunik. Baina beste pertsonak bai baduela, hau da Roger Etxegarai kardinala, ezpeletarra, genozidioaren garaian kargu handia betetzen zuena Vatikanoan. Genozidioa doi-doia bukatua zela eta, Ruandako lurra oraino gorpuez estalia zela, Etxegarai kardinala joan zen Ruandara, han benedikatu “ezin izendatuzkoan” lagundu zuten soldadu frantsesak, eta galdatu salbu atera ziren tutsiei eta eskuak oraino odoleztatuak zituzten hutuei elkar barka zezaten –Bigarren Mundu Gerra ostean juduek eta naziek egin izan ahal balute bezala!–.  

Euskaldun eta ezpeletar gisa, xehetasun horiek irakurtzean lotsatu naiz: nolaz bere burua zapaldutzat daukan herri bateko semeak uka zezakeen atzerrian gertatu zuzengabekeria? Orokorkiago, zenbat euskaldunek parte hartu zuen kolonizazioan edo kolonizazioak eragin sarraskietan, historian zehar, esploratzaile, merkatari, soldadu edo apez gisa? Bake prozesua aitzina doan garai honetan, esperantza dut laster kolektiboki jakinen dugula galtzaile edo irabazle, biktima edo borrero, hobendun edo hobengabe posturetatik harago joaten, eta gure historiaren alor minbera guziak aztertzeko gai izanen garela, hurbilekoak zein urrunekoak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude