Trantsizio garaiko komunikabideen esamolderik arrakastatsuena: “Gaur, hauteskunde egunean, demokraziaren festa handia”. Frankismo ondoren hautestontziak betetzeko ariketa berria zenez, festa handien pareko zerbait bihurtu zen bozka emateko aukera.
Handik omen dator hautestontzien beatifikazioa, demokraziaren ikonorik gorena bihurtzeraino. Denboraren poderioz, ikonoa lausotu da: sarritan egiten den edozerk bere distira galtzen du, ezinbestean.
Hala ere, erreferenduma aipatzen den bakoitzean, ahazturiko zirrara sentitzen dugu, demokraziaren festa gurean berpiztuko balitz bezala. Azkenaldian, gainera, “dena erabaki nahi dugu” esamoldea garaitu da, edozein ekimen publiko bozketa baten bidez guztiz zilegi bihurtuko delakoan, magiak ukiturik balego bezala.
Arrazoia daukagun ala ez jakiteko… galdeketa bat antola dezagun! Horren emaitza gure hauteskunde-programarekin bat ez badator, ba, tira, aske gara kanpainan agindutakoa ez betetzeko, “herriak hitz egin duelako” (geuk hitza eman diogulako, gainera). Bestalde, galdeketa gure alde ateratzen bada, erabakia lasai egin dezakegu, herriaren hitza errespetatuz. Herri-galdeketa formula magikoa da, beraz.
Agian, gure buruari galdetu behar diogu ea horrelako ekimenek ez ote dituzten demokrazia eta erreferendumak debaluatzen, “dena erabakitzeko eskubidea” bigantxen mailara jaitsaraziz
Orain gutxi, Burlatako udalak festetan bigantxak jarri ala ez erabakitzeko, galdeketa deitu zuen: erroldaren %5,7ren babesarekin, bigantxak egonen dira. Bigantxen aurkakoak %5,4 izan ziren: demokrazia gailendu zuen, burlatarren %89k parte hartu ez bazuen ere. “Herriak bigantxak nahi ditu”, eta kito. Antzeko galdeketak egin dira Iruñerrian, bigantxen aldeko (Burlata, Noain) ala aurkako (Uharte, Barañain) herriak sailkatuz. Denetan, %15eko parte-hartzea gainditu gabe. Demokraziaren festa izatekotan, oso txikia, txikiegia agian. Eta beti bigantxen inguruan, hau da, 3. edo 4. mailako gaiekin lotuta.
Agian, gure buruari galdetu behar diogu ea horrelako ekimenek ez ote dituzten demokrazia eta erreferendumak debaluatzen, “dena erabakitzeko eskubidea” bigantxen mailara jaitsaraziz.
Eta are larriago: udalek eguneroko erabaki bat hartzerakoan galdeketa antolatzen badute, ez ote ditugu banakako interesak eta gogoak lehenesten? Hurrengo urratsa izan daiteke umeentzako jolas-parkeak kentzea: seme-alabarik ez badut, zertarako parkea? Logika bera jarraituz, datozen galdeketak izan daitezke hiri-kontribuzioa ordaintzea derrigorrezkoa den ala ez; edo garraio publikoa kendu ala ez, berekoikeria indartuz eta ikuspegi publikoa ahultzen.
Begi-bistatik galdu behar ez duguna: eledunek erabakiak hartu behar dituzte, herria entzun ondoren, baina ardura delegatu gabe.