Telesail elkarreragileak

Iritsi dira eta geratzeko asmoz

  • Ikus-entzunezko produktuen arteko lehia geroz eta bortitzagoa izanik, oso konplikatua bilakatzen ari da azken urteotan zinema, telebista edo Interneteko edukiekin jendea harrapatu, harritu eta fidelizatzea. Formatu eta plataforma berriek leihoak ireki dituztenetik, ordea, telebista eta telesailak kontsumitzeko modua eta arauak aldatu dira. Formatu berriak sartu dira pixkanaka gure etxeetan eta, horien artean, azken hilabeteetan geroz eta indar handiagoa hartzen ari den bat. Gu geu fikzioaren protagonista zuzen bilakatzen gaituzten “telesail elkarreragileak”.

Gaizka Izagirre
2018ko otsailaren 11
'Skam' telesail norvegiarra aitzindaira izan da mota honetako ekoizpenen artean.
'Skam' telesail norvegiarra aitzindaira izan da mota honetako ekoizpenen artean.

Ideia hau, formatuaren barruan berritzailea izan arren, Gamebook moduan ezagutzen ditugun liburuetan ikusi genuen lehen aldiz, “aukeratu zure abentura” ezagunetan adibidez. Irakurleak, eleberriaren barruan zeuden tramen arteko aukeraketa egin zezakeen, harturiko erabakiaren arabera amaiera batera edo bestera iritsiz. Pantaila txikian, izen ofizialik ezean, telesail interaktibo edo elkarreragile bezala ezagutzen dira. Paperezko istorio horiekin alderatuz, diferentzia nagusiena da liburuetan trama guztiak aldez aurretik idatzita daudela, mugiezinak dira nolabait. Serieetan ordea, audientziaren parte-hartze, arrakasta eta erantzunaren arabera aldatzen joan daitekeen zerbait izaten da. Honek, telebistaren arau klasikoen aldaketa erradikala dakar. Lehen, igorlearen eskutik, hartzaileak norabide bakarrean eta era itxian jasotzen zuen mezu bat (telesaila) izaten zen; orain, erreminta berri honek ahalbidetzen du gustu eta lehentasunen arabera, erabiltzaileak bere ibilbidea diseinatu dezakeen joan-etorriko bide bat.

'Skam' telesailak ezarri du mugarria Europa iparraldean: telebistaz gain sareetan ere kontsumitzeko sortua izan da eta fikziotik errealitatera eraman dute

Ekoizpen berri hauekin batera eskutik doazen ezinbesteko tresnak Internet eta sare sozialak izanik, target konkretu bati egokitzen jakitea ere ezinbestekoa bilakatu da. Adin guztietarako moldatzen den formatua izan arren, nerabeen artean ari da izaten arrakasta handiena. Horren adibide nabarmenena Norvegian sekulako zalaparta sortu duen Skam telesaila. 2015 urtean NRK telebista publikoak mugarria ezarri zuen ekoizpen honekin. Zein izaten ari da nerabeei zuzenduriko ekoizpen honen arrakastaren funtsa? Lehenik, telebistaz gain, sareetan ere kontsumitzeko sortua izan dela. Bata bestearen euskarri bilakatu dute. Bata, bestearen laguntzarik gabe, herren geratzen da. Eta bigarren, fikzioak errealitatera salto egiten duela. Istorioko pertsonaiek, fikziotik kanpo, audientziarekin elkarreragiten dute; sare sozial propioak dituzte, tramaren barruko bideo eta argazkiak errealitatean txertatzen dituzte. Audientzia gazte hori istorioaren barruan sartzen jakin izan dute, azken finean. Sorturiko zarata hain handia izan da, nazioartean sei remake prestatzen ari direla une honetan. Nordikoek transmedia narrazioaren olatu hori aprobetxatu nahian, 2017. urtearen amaieran, Hvor er Thea? ere estreinatu zuten.

Herrialde nordikoetatik kanpo ere adibide ugari topatu daiteke. Urtarrilaren 22an HBO telebista kateak, adibidez, bere azken miniseriea estreinatu zuen, eta hemen ere badirudi ez dutela atzean geratzeko intentziorik. Ekoizpenaren izenburua: Mosaic. Steven Soderbergh zuzendari ezagunaren lan berria. Doako aplikazio bat deskargatuz, ikusleak tramaren barruko hainbat erabaki hartzeko ahalmena izango du.

Interneteko munduak gaur egungo ekoizpenetan duen garrantzia eta indarra Stranger Things telesail ezagunaren lehen denboraldian ere antzeman daiteke. Sare sozialetan #JusticeForBarb (justizia Barb izeneko pertsonaiarentzat) traola mundu mailako Trending Topic bilakatu ostean, ikusleek pertsonaia honekiko tratu duina eskatu zuten. Sortzaileak, iritzi guzti horiek kontuan hartu, eta saiatu dira pertsonaia horren etorkizunari beste ikuspuntu bat ematen. Twitter sare sozialak behartu du kasu honetan telebista elkarreragilea izatea.

Netflix eta HBO ere hasi dira mota honetako telesailak ekoizten: ikusleek tramaren garapenari buruzko erabakiak hartzea
erraztu dute

Adibide konkretuez gain, plataforma digitalak ere hasi dira pixkanaka egokitzen. Netflix-ek, adibidez, umeei zuzenduriko lehen serie elkarreragileak sortu zituen iaz, Buddy Thunderstruck eta Puss in Book: Trapped in an Epic Tale. Etxeko txikiek ikusitako abenturei buruzko iritziak partekatu ditzakete, zer gustatu zaien gehien, gutxien eta abar. Ez pentsa, dena den, eduki berezi hauek sortzea erraza denik. Gidoia lantzerako orduan korapilatsuagoa bilakatu baitaiteke lana; eta produkzio aldetik erronka handiagoa planteatu dezake. Dena garestiagoa bihurtzen dela, alegia.

Garaiak aldatzen ari dira, eta nazioarteko belarriek entzuten jakin izan dute “mugimendu” berri hau eragiten ari den zarata. Pentsa noraino heltzen ari den: normalean, pantaila txikiko fikzioan nahiko atzean ibiltzen den Espainiako Estatuan ere, hasi direla gauzak astintzen. Si fueras tú izan da transmedia narrazioa erabiltzen duen Espainiako lehen telesail interaktiboa. Astero telesailaren ikusleek hautatzen dute bozketa baten bitartez saioaren zenbait tramak nola jarraitu behar duten.

Eta hemen aldiz, betiko moduan, beste alde batera begira gaudela dirudi. Noizko Euskal Herrian garai berriei egokitzen diren euskarazko telesailak?

Kanal hauetan artxibatua: Telesailak  |  Norvegia  |  Teknologia berriak

Telesailak kanaletik interesatuko zaizu...
Zinema eta telebista
Noiz aukeratu batua eta noiz euskalkiak?

Abenduak 8, Durangoko Azokan, Irudienean, lau mahaikide bildu dira galdera horri erantzutera. Olatz Beobidek, Jon Garañok, Patxo Telleriak eta Paul Urkijok ikus-entzunezkoetan bataren edo bestearen alde egiteko hainbat arrazoi azaldu dituzte. Egia esan, euskararen molde bat eta bestea ez dituzte mutur banatan jarri, borrokan, nahasian ere erabiltzen dituzte haien lanetan, eta batik bat fikziozko lanetan, jolas egiteko erreminta bikaintzat dituzte.


2017-11-12 | Gaizka Izagirre
Zergatik den astakeria hutsa espainiar kateetan atzerriko telesailak ikustea

Askotan galdetu izan dute AEBetan sekulako arrakasta izan duten telesailak Espainiako telebista kateetan ematen dituztenean, zergatik egiten ote duten porrot. Argudio ugari okurritzen zaizkit egia esan. Baina labainketa horien kontrako kasuak topatzen ditudanean, The Big Bang Theory, CSI, House edo Bones adibidez, alegia, arrakasta izaten jarraitzen dutenak urtetan parrila horren barruan igerian dabiltzan arren, nire buruan galdera bat pizten da: zergatik hauek bai eta besteak ez?


2017-09-17 | Lander Arretxea
Telesailak idatzi egiten dira

Berez da bulegokoa eta itzalpekoa gidoilariaren lana. Zuzendariak emango ditu elkarrizketak; aktoreek beteko dituzte pantaila eta –halakorik balego– alfonbra gorriak; eta gidoilaria –beste asko bezala– bigarren planoan geratuko da, kredituetako izen-abizen erdi ezezagun, beste ideia bat garatzen, argia ikusiko duen jakin gabe. Dena ez da ilun, hala ere: zirrara berezia sortzen du telebista piztu eta norberak idatzi edo irudikatutakoa pantailan ikusteak. Halakorik... [+]


2017-09-07 | Gaizka Izagirre
Matxismoa 'The Big Bang Theory' telesailean?

Youtube-ko Pop Culture Detective kanalak, estereotipo frikien azpian topiko sexistak erabiltzen dituzten lau tipo ezkutatzen direla frogatu nahi izan du bideo baten bidez.


2017-09-01 | Gaizka Izagirre
Denboraldi berriko telesailen gida

2017/2018 denboraldia hastear da pantaila txikian. Telesailen arloan (turismoarekin gertatzen denaren kontrakoa) udazkena izaten da, goi-denboraldiarekin lotzen den urtaroa. Irailetik aurrera datozkigun telesail guzti horiek, Estatu Batuetan, high season garaia deiturikoaren barruan kokatzen dira.


2017-07-13 | Gaizka Izagirre
#30egun30film erronka: emaitzak eta ondorioak

Euskal zinezale komunitatearen tamaina ezagutu eta hura iratzartzeko bokazioz bota nuen orain hilabete  #30egun30film erronka.  Traola horren magalean, hilabete batez 30 film eta aktore, zuzendari...— proposatzea zen helburua.


2017-07-09 | Gaizka Izagirre
The Handmaid's Tale
Aske izan nahi dut, ez ausart

The Handmaid’s Tale telesailak, Margaret Atwood idazlearen eleberrian oinarrituta, etorkizun distopiko batean kokatzen gaitu. Diktadura fundamentalista moduko bat ezarri da eta emakume gazteak ohelagun gisa bizitzera behartuak izan dira, beraien jaunari seme-alabak “emateko”. AEBetako presidentea eta kongresukide gehienak hil ostean, erregimen teokratiko bat ezarri da, hau da, buruzagi politikoak eta erlijiosoak bat datozen eta bertako erlijioak gobernuaren politikan eragin... [+]


2017-07-07 | Gaizka Izagirre
Oporretan ikusteko, mundu osoko telesail motzak

Oporrak hastear edo jada hasita izango dituzue zuetariko askok. Hegazkina, autoa ala trena hartzeko prest. Ordu asko igaro beharko duzuela eta, entretenitzeko zer egin dezakezuen buruari bueltaka ariko zarete.


2017-06-28 | Gaizka Izagirre
Udako telesailen gida

Udara ez da urteko garai onena telesailak estreinatzeko eta are gutxiago hauek goraipatzeko. Baina badira oso gertaturik jarraitu beharreko ekoizpen batzuk.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude