argia.eus
INPRIMATU
Presio taldeak kontrolatu
  • Izan estatubatuarra, txinatarra edo europarra, izan Espainiakoa, Frantziakoa edo Euskal Herrikoa, gobernu denak daude lobbyek edo presio taldeek inguratuta.

Juan Mari Arregi 2018ko otsailaren 06a

Kasu askotan, erabaki politiko handiak ez dira hartzen hemizikloetan mikro baten aurrean, baizik eta gelatxo, korridore, kirol klub eta jatetxeetan egiten diren ezkutuko bileretan. Talde antolatu horiek euren interesak soilik defendatu nahi dituzte itzaletik politika baldintzatuz; horiek dira lobbyak, ia gehienetan etekin ekonomikoen bila dabiltzanak.

Bada, Nafarroako Gobernua, arrazoiz, oso kezkatuta dago lobbyen funtzionamenduarekin, eta presio talde horiek kontrolatu eta kate motzean lotu nahian dabil. Nafarroako Parlamentuan lantzen ari diren proposamenak herrialde anglosaxoietan egiten dutena kopiatzea dakar: existitzen diren presio talde guztiak erregistratzea. Talde horiek publiko egin beharko dituzte zein bilera mantentzen duten ordezkari politikoekin. Eta alderantziz, politikariek ere euren agendak publikatu beharko dituzte jende guztiak jakin dezan zeinekin ari diren biltzen. Lobbyen presioa delitu izan daiteke influentzia-trafikoagatik. “Ate birakari” delakoak ere arriskutsu izan daitezke, politikari eta ordezkari ohiek hartzen baitute parte ia gehienetan, eta azken batean “diferituan” egindako eroskeriak baizik ez dira.

Ea Nafarroako Gobernuak lortzen duen lobbyen erregistro hori osatu eta agenda politiko publiko bat edukitzea, Gardentasun Legeak dioen bezala. Euren interes ekonomikoen mesedetan araudi eta legeak aldatzea bilatzen duten presio taldeak kontrolatzeko modu eraginkorra litzateke. Aurreko nafar foru gobernuak ez ziren preseski eredu izan arlo horretan… orduko lobbyek hitz egingo balute!