argia.eus
INPRIMATU
Nola kontatu “ni”-a
Amaia Alvarez Uria 2018ko otsailaren 07a
Hodien metafisika. Amelie Nothomb. Itzultzailea: Garazi Arrula Ruiz. Igela, 2017

Hiru ikuspegietatik begiratuko diogu Garazi Arrula Ruizek berriki euskarara ekarri duen Amelie Nothomben Hodien metafisika liburuari: idazlearena, irakurlearena eta pertsonarena.

Idazlearen ikuspegitik, nola osatuko zenukete zuen autobiografia? Pil-pilean dagoen eta gure literatur sisteman aldekoak zein kontrakoak dituen autofikzioa erabiliko zenukete? Noiztik aurrera hasiko zinatekete zuen bizitzari buruzkoak aletzen?  

Liburu honetan egileak bere bizitzaren lehen hiru urteak kontatzen dizkigu, autofikzioa erabilita. Hodi bat izatetik (likidoen iragazle hutsa izatetik) pertsona baten hastapenetarako garaia ekartzen digu orriotara (zentzumenen eta gorputzaren esnaera eta lehen aurkikuntza eta pentsamenduak). Hori hirugarren pertsonatik lehen pertsonarako saltoa emanez egiten du eta gertaera eta gogoeta esanguratsuak tartekatuz.

Irakurlearen ikuspegitik, zer eskatzen diogu liburu bati? Beste ikuskera eta bizimodu batzuk ezagutzeko aukera? Gure gogo eta gorputzak astintzea? Egunerokotik ihes egiteko bide bat?   

Japonian jaio den kontsul belgikar baten alaba da protagonista eta bi herri hauetako kultura agertzen da elkarrekin lehian: Tintin-en komikiak, No kantariak, historiako zenbait pasartek ere haien tartea izango dute edo jaioberri baten begiradak urtaroak nola hautematen dituen, umorea baliabide nagusi izanda.

Pertsonaren ikuspegitik, hiritar edo herritar deituko geniokeen rol sozialetik, zerk bihurtzen gaitu “ni”? Nola heltzen gara “ni” izatera? Eta nola uzten diogu “ni” izateari?

Bere lehen urratsak ematen ari den pertsonaia nagusiak bizitza eta heriotza ezagutuko ditu eta bere hitzekin azalduko dizkigu. Deskubritzen dituen gauzek sortzen dioten lilura kutsatuko digu erlijio kristaua edo mendebaldeko eta ekialdeko filosofiak bitarteko. Bere burua jainkotzat duen umegorri batek Unibertsoaren Lege nagusien berri emango digu.

Ipuin klasikoen jatorrizko bertsioen gordintasunez agertzen zaizkigu Oteizarenak izan zitezkeen arima, hutsunea eta tunelaren ideiak izaki baten existentziaren hasieran. Era berean, haurtzaroaren desmitifikazioa egingo digu ahots narratiboak. Azkenik, egile honen lana euskaraz irakurtzeko hirugarren aukera hau ez galtzeko gomendatzen dizuegu.