"Sindikatu ezin daitezkeenak defendatzen ditugu"

  • Iazko uztailaren amaieran Iruñean Koi Sushi jatetxeak zor zion guztia ordaindu zion Migueli, jatetxeko banatzaileetako bati. Garaipen hura ez zen lortuko Miguelek bere eskubideak aldarrikatzeko Langileon Autodefentsa Sarera jo izan ez balu, eta erakunde honek hilabete eta erdian emandako laguntzarik eta sustatutako kontzentraziorik gabe.


2018ko otsailaren 11n

Nola sortu zen Langileon Autodefentsa Sarea?

Kezka bera genuen hainbat pertsona bildu ginen: gazte mugimenduak lana urruneko kontutzat zeukala iruditzen zitzaigun. Hitzaldiak antolatzen hasi ginen, baina aldarrikapen hutsetik harago, lan baldintzak hobetzeko modu aktiboan borrokatu nahi genuen. Pixkana jende gehiago bildu zen, gure berri eman genien gizarte kolektiboei eta aurkezpena 2016ko azaroan egin genuen.

Baina bazenuten esperientzia…

2016ko Sanferminetan kanpaina batekin aurkeztu ginen jendaurrean; hiria papereztatu genuen “San Ferminek esplotatu egiten zaituzte. Zuk gozatzen duzu, haiek lan egiten dute” leloarekin. Elkartea eratu gabe zegoen oraindik, baina ikusi genuen festetan errespetua galtzen zaiela zerbitzari, saltzaile ibiltari eta kale-garbitzaile askori. Festen politizazioaren ikuspuntua aldatzea zen gure asmoa, festa eremuan pankartak jartzera mugatu gabe, gaizki ordaindutako eta ezkutuko enpleguaren baldintza geroz eta hedatuagoak salatzeko, maiz ahaztu ohi direnak. Kanpaina arrakastatsua izan zen eta iaz berriro egin genuen. Aurrerago enpresako afariei buruzko kanpaina egin genuen. Nagusiak gonbidatzen zaituela baina azken finean zuk ordaintzen duzula nabarmendu nahi genuen.

San Ferminetarako egin zuten kartela.

Gatazketan ere modu aktiboan parte hartzen duzue.

Jakina baietz. Hitzaldiak eta kanpainak antolatzeaz gain, praktikan gure lana da guregana jotzen duten pertsonen gatazkak konpontzen ahalegintzea edo beste borroka batzuetan laguntzea, informazioa zabalduz eta mobilizazioetan parte hartuz, Capraboko langileen greban egin genuen bezala.

Orduan aholkularitza zerbitzu baten antzera funtzionatzen duzue?

Ez, hasierako gure hausnarketa politikoaren parte da lan eremu hori arbuiatzea. Tresna praktikoa eta eraginkorra izan nahi dugu, langilea parte hartzera bultzatuko duena eta elkartasun sareak ehunduko dituena. Sindikatuak iristen ez diren tokietan jarduten dugu: sektorean interesik ez dutelako edo langileek defendatzeko ahalmenik izan ez dutelako. Ez diegu bide juridikoei lehentasuna eman nahi; gure lan egiteko modua gatazka nabarmentzea da, klase elkartasuna zabaltzeko ahaleginean. Gure ustez, metodo horren bidez, pertsona horri laguntza emateaz gain, borroka bakoitzarekin gizentzean doan kontzientzia sortzen da. Bereziki, eragindako pertsonak parte hartzea eta bere aldeko pertsonen sare bat dagoela jakitea nahi dugu.

Argazki oina

Zer egitura izango duzuen erabakitzen ari zarete oraindik…

Bai, deszentralizazio prozesuan gaude. Gure ekintza eremua Iruñerria da eta, urtebeteko ibilbidea egin ondoren, auzoetan lan egiten hasi nahi dugu. Auzoko batzorde txikiak eratu nahi ditugu propaganda lanetarako, gatazkak antzemateko eta gizarte egiturarekin harremanak izateko. Jendeak erantzun dezan auzoan antolatuta egon behar duzu, baina ez duzu egitura astuna behar. Eredu hau eraginkorra da zerbitzuen sektoreko proletalgo berriarekin jarduteko, baina iristea zailagoa den beste errealitate askoz ere handiago bat dago: industriako azpikontratazioa, behin-behinekotasunari eta aldi baterako lanerako enpresei lotua, gazte asko esplotatzen dituena.

Baina gazteak izan arren –21 eta 32 urte artean dituzue– ez duzue gazteen prekarietatera mugatu nahi…

Hasieratik uko egin genion horri. Gizarteak denei etiketak jartzeko eta talde txikietan zatitzeko joera dauka eta guk kontrakoa nahi genuen. Gazteak, etorkinak edo emakumeak bakoitza bere aldetik ari badira, azkenean langile klaseak indarra galtzen du. Nahiko bateratzaileak gara eta, gainera, inguru militantetik atera nahi dugu. Oharkabean pasatzen diren arazoak dituzten pertsonengana iritsi nahi dugu. Horregatik saiatu ginen estetika betikoa izan ez zedin, lehen begi kolpean gogaitzen gaituzten ohiko sinboloekin.

Zer diagnostiko egin zenuten lan merkatuaz, horrelako erakunde baten beharra ikusteko?

Ezegonkortasuna eta aldi baterako lana oso zabalduak daude eta horrek ez du lantokian modu iraunkorrean antolatzeko aukerarik ematen. Sindikatu ezin daitezkeenak defendatzeko sortu ginen, gizarte honetan ordu asko lan egiten dituen eta oso gutxi ordaintzen dioten pertsonak baitaude eta ezin dituzte hilean 60 euro ordaindu edo ez dute nork defendatu. Langile klasea eta antolatzeko moduak birmoldatzen ari dira. Sindikalismo sozialaren hainbat adibidetan ikusi dugu hori, hala nola Movistar edo Bershkaren grebatan, edo lantokian baino lurraldean oinarritutako erakundeak, esaterako Carabancheleko ADELA (Langileen Autodefentsa) edo Seattleko Elkartasun Sarea.

Eta zein izan da sindikatu tradizionalen erantzuna?

Ia denekin hitz egin dugu. Txikiekin kidetasun handiagoa izan genuen, eta handienekin mesfidantza gehixeago. Beste zerbait gara. Ez dugu sartu nahi izan “alderdikeria sindikal” horretan, egitura bateratzaile eta asanbleario bat eratu baizik. Behin, fabrika bateko gatazka batean, zer interes genituen galdetu ziguten. Nahi dugun gauza bakarra da jendea lanean antolatzea eta elkartasun loturak sortzea. Ez dugu afiliaziozko egitura bat nahi, militantziazkoa baizik.

Ondorengo bideoan ikus daiteke Koi Sushik dirua zor zion langilea, presioaren ondorioz ordaindu ziotela pozik ospatuz eta elkartasuna eskertuz.

Elkarrizketa hau Hordago - El Saltok argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu gurera euskaratuta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


Mecanerreko langileakaz batera mobilizatu dira Bizkaiko 60 enpresa inguru industria-politikan jarrera aldaketa bat eskatzeko

Gaur, apirilak 16, Eusko Jaurlaritzari eta Industria Sailari beren industria-politikan jarrera aldaketa bat exijitzeko manifestazioa egin dute Bizkaiko 60 industria-enpresa inguruk Mecaner enpresako langileakaz batera, Bilbon. Adierazi dute "hitzetatik ekintzetara"... [+]


Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek, mende erdia bete berri

Langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eraman, eta aldaketa soziopolitikoa lortzeko "eragile aktibo" izanen dela nabarmendu du LABek 50. urteurreneko ospakizunean.


Soldaten emendioa aldarrikatzeko greba eguna burutu dute Ipar Euskal Herriko sektore publikoan

500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.


Eguneraketa berriak daude