argia.eus
INPRIMATU
Hazkundea eta “sandwichak”
Endika Alabort Amundarain @autogestioa 2018ko otsailaren 07a

Zerga-bilketa arloan, hainbat ahotsek diote txarto eta baldar biltzen dela. Egia esan, legedia hainbat zirrikitu du zerga elusioa edo saihestea gauzatzeko. Zerga iruzurra beste gauza bat da, nahiz eta askotan bien arteko muga fin-fina izan. Horretan enpresa handiek, multinazionalek, enpresa taldeek abantaila dute. “Irlandar bikoitza” eta “Herbehereetako sandwicha” zerga gutxiago ordaintzeko estrategiak dira, oso erabiliak.

Adibidez, Herbehereetan enpresa bat sor daiteke, xede bakarra Irlandan egoitza duen enpresaren jabego intelektualari kobratzea izanik. Gero, Herbehereetako sozietateak jasotako %99 beste zerga paradisu batera bidera dezake. Guztia legezkoa, baina ez dago edozein enpresaren esku. Adibidez IKEAk horrela jokatzen du, beren egoitza Herbehereetan baitago, ez Suedian.

Irabaziak izatea eta egoera ekonomikoa txarra dela esatea ez dira kontraesankorrak,
erreminta zehatz batzuk erabiltzen badira

Hala ere, bertoko legediak enpresei beste erremintak eskaintzen die, lehen azaldutakoak erabiltzeko dirua eta egitura garrantzitsu bat behar baita. Ez da zerga kontua bakarrik, zenbait neurritan “arrazoi ekonomikoak” argudiatzeko oso erabiliak baitira. Irabaziak izatea eta egoera ekonomiko txarra dela esatea ez dira kontraesankorrak, erreminta zehatz batzuk erabiltzen badira.

Azken urteotan, ekonomista moduan, nire ibilbide profesionalean hurrengo lerroetan azalduko dudana sarritan ikusi dut. Itxurazko adibide bat erabiliko dut uler dadin. Demagun A enpresa txiki batek (25 langile), txikizkari merkataritza sektorekoa dela. Lokala, jabe berarena dela, beste enpresa baten izenean jartzen du (espresuki sortua, B). Hornidurei buruz jabe beraren beste enpresa bat arduratzen da (C), azken honek hasierako enpresariari (A) hornidura hauek salduz. Jabeak hiru sozietate ditu, baina ia kostu gehienak bakarrean bildu ditu, A delakoan.

Zein da beste bi enpresen helburua? B enpresaren kasuan, jabeak bere buruari alokairua kobratzea. Igo edo murriztu dezake, A enpresan irabaziak murrizteko. C enpresaren kasuan, prezioekin jolas dezake A enpresaren produktuen etekinak jasotzeko. A bankuekin zorpetu daiteke, B eta C enpresek A-tik dirua kostu barik eskuratuz. Azken finean, gastuak eta kostuak beti A sozietatean izango dira. Hau ez da “Irlandar bikoitza” eta “Herbehereetako sandwich” bat, baina Euskal Herri penintsularreko enpresetan joko handia ematen du. Legezkoa da.

Nortzuk dira jokaera hauen galtzaileak? Langileak, noski. “Arrazoi ekonomikoak” direla eta, soldaten murrizketak, lan hitzarmenen jaitsierak, kaleratzeak... aplikatzen dituzte. Gure lurraldean ekonomia hazkundea dago eta hazkunde hori kapital errentara (enpresarien patriketara) joaten ari da. Horrela ere gaur eguneko hazkundea azal daiteke.