Gipuzkoako autobus zerbitzu publikoa

Zuk diozu aldaketa, nik diot murrizketa

  • Gipuzkoako zati handi bati autobus garraio publikoa eskaintzen dion Lurraldebus zerbitzuan lineak eta maiztasunak birmoldatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Debagoieneko, Buruntzaldeko eta Tolosaldeko herrietan kezka handia sortu du Diputazioaren egitasmoak, murrizketak dakartzalako haien esanetan.

Igor Agirre @igoragirre
2018ko otsailaren 11
Lurraldebusen autobusetako bat Donostian, unibertsitate parean. Ikasleek ere nozituko dute zerbitzuaren birmoldaketa, Tolosan esaterako, goizeko lehen orduan fakultateetara doazen autobusen bidaia kopurua erdira jaitsiko da (argazkia: Dani Blanco)
Lurraldebusen autobusetako bat Donostian, unibertsitate parean. Ikasleek ere nozituko dute zerbitzuaren birmoldaketa, Tolosan esaterako, goizeko lehen orduan fakultateetara doazen autobusen bidaia kopurua erdira jaitsiko da (argazkia: Dani Blanco)

2017an EAJ eta PSEren esku dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiak moldaketak egin ditu bertako herriak autobusez lotzen dituen Lurraldebus zerbitzuan. Debagoienan 2017ko urrian egin dira maiztasun eta ibilbide aldaketak; Tolosaldean eta Buruntzaldean berriz, aurreproiektua aurkeztu du Foru Aldundiak joan den udazkenean. Autobus zerbitzuak izango dituen aldaketek, ordea, arrakala sortu dute eta aurreproiektua ezagutu ostean, aldeko eta kontrako iritziek ezbaian jarri dute proposatutakoa.

Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu departamenduak zerbitzua “berrantolatzeko” beharra ikusi du Buruntzaldeko eta Tolosaldeko ibilbideetan, “mugikortasun iraunkorra” ziurtatu eta herritarren “benetako beharrei” erantzuteko. “Gure eginkizun nagusia zerbitzu publikoa hobetzea da” adierazi zuen PSEko batzarkide eta arlo horretako diputatu den Marisol Garmendiak Euskadi Irratiko Faktoria saioan. “Arrazionalizazioaz” ere mintzo da Garmendia, haren esanetan lineak “gaindimentsionatuta” baitaude.

30 urtez funtzionatu duen garraio zerbitzuaren emakida 2018ko lehen lau hilabeteen barruan lizitatu asmo dute beste hamar urterako, eta martxan izatea espero dute maiatzean edo ekainean. Diputazioak kontzesio bakarrean bildu nahi ditu orain arte hiru enpresen ardurapean egon den zerbitzua, horretarako EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak beste lizitazio batzuen inguruan 2015ean kaleratutako euren aldeko epai bat dauka esku artean: “Lizitatu gabe geratzen diren zonalde bakarrak dira”.

Debagoienan 2017ko urriaren 2an jarri ziren martxan Lurraldebuseko lineen aldaketak. Bereziki Oñatin ez daude gustura. Lehen zerbitzu zuzena zuten Aretxabaleta, Eskoriatza eta Bergarara eta berrantolaketarekin horrek okerrera egin duela diote, ez baitute herri horietara autobusez joateko aukerarik lineaz aldatu gabe. Beste adibide bat jarri du Mikel Biain alkateak: “Oñatiri dagokionean, Bergara eta Eibarren arteko linea zuzena ere galdu dugu”. Diputazioak dio autobus-aldaketarena ordu erdiko maiztasuna mantentzearen ordainetan jarritako baldintza izan dela; baina Oñatiko Hirigintza zinegotzi Irati Etxeberriak bestelako iritzia azaldu du Gipuzkoako Hitza-n: “Bi aukera eman zizkiguten oñatiarroi, eta guretzat biak ziren txarrak”.

Andoain, Hernani eta Usurbilgo udalek diote aurreproiektuak Lurraldebusen zerbitzuaren %35 desagertzea ekarriko duela euren eskualdean

Eskualdeko beste zenbait udalerritan ere kexu dira lineak kendu edo ordutegia murriztu dietelako. Bergarako kasuan, hango udalak –EAJ eta PSEren agintepean– inkesta bat jarri berri du martxan herritarren iritzia jakiteko autobus zerbitzu publikoari dagokionez, eta udalbatzak aho batez onartu zuen “azken murrizketak” salatzeko mozioa.

Parte-hartze prozesua alaalegazioen tramitea?

Tolosaldean eta Buruntzaldean ere autobus garraioan aldaketak ekarriko dituen aurreproiektuak hasieratik sortu du ezinegona. Proiektuaren edukiak soilik ez, hura garatzeko moduak ere kritika zorrotza izan du eta “udalekin eta herritarrekin ez kontatu izana” salatu dute hainbat hautetsik. Zerbitzuaren birmoldaketak izango duen eragina ikusita, udalerrietako ordezkariek ere alegazioak aurkeztu dizkiote egitasmoari. Andoain, Hernani eta Usurbilgo alkateek aurreproiektua bertan behera utzi eta herrietako ordezkariekin konponbide adostua bilatzea eskatu diote Foru Aldundiari. Diputazioa ostera, aldaketak egiteko prest azaldu da baina inolaz ere ez aurreproiektua alboratuz.

Murrizketez mintzo dira hiru udal horietako alkateak eta publikoki salatu dute aurreproiektuak Lurraldebusen zerbitzuaren %35 desagertzea ekarriko duela euren eskualdean. “Zerbitzu batzuk kendu egin dituzte eta hori oso larria da” dio Andoaingo alkate Ana Karrerek. Andoaindik Donostiako Ospitalera joateko autobusen maiztasuna jarri du adibidetzat. Astean zehar, ordu erdiro dagoen autobusa orduro izatea aurreikusten du proiektuak orain.

Mugikortasun sailak, besteak beste, zifra bat darabil zerbitzuak “bermatu eta indartu” egingo direla baieztatzeko: Tolosa eta Donostia arteko eremuan bidaiak 55etik 62ra gehituko dira egunero, haren esanetan, eta zuzenean hiriburura doazen autobusak ere izango dira asteburuan, lehen ez bezala… “Hori al da murrizketa?” erantzun zuen irratian Garmendiak, entzule batek azaldutako kexaren aurrean.

Baina azalpen horiek oso urrun daude herrietan sumatzen dutenarekiko. Usurbil, Eskoriatza, Oñati eta Arrasaten sinadura bilketak egin dituzte aurreikusten diren edo jada egindako “murrizketen” aurrean. Tolosaldearen kasuan, hainbat udaletatik alegazioak aurkeztu dituzte eta Diputazioaren aurreproiektuarekin desados agertu dira Villabonako eta Tolosako udalak.

Tolosatik Donostiarako ibilbidean aldaketa nabarmena aurreikusten da, ordu erditik ordubetera igaroko baita autobusen maiztasuna. Zehazki, Donostiara zuzentzen diren 33 autobus izatetik 18ra jaitsiko da kopurua eta goizeko lehen orduan unibertsitateetara joateko zerbitzua 8tik 4ra. Tolosako Udalak alegazioa aurkeztu du geraleku kopurua mantendu eta maiztasunak orain artekoa izaten jarrai dezan eskatuz. Horretaz gain, Udaleko alderdi guztiek zalantzan jarri dute horrelako prozesu bat herritarren parte-hartzea sustatu gabe egitearen egokitasuna.

Mugikortasun diputatuak parte-hartzea lotu du derrigorrezkoa den alegazioen legezko tramitea betetzearekin. Hala, Buruntzaldeko eta Tolosaldeko aurreproiektua “behin-behinekoa” dela dio eta jasotako alegazio guztiak aztertuko dituztela: “Maiztasunak, seguru asko, aldatu egingo ditugu azken proiektuan. Zubietako kasuan, adibidez, gure akatsa izan da eta ez da linea kenduko”. Denera, herritarrek 3.000 alegazio inguru aurkeztu dituztela diote oposizioko taldeek.

Andoain, Hernani eta Urnietatik Donostiako Ospitalera doan G3 lineako bidaiak astegunez %44 eta asteburuan %68 murriztuko direla salatu dute sindikatuek. Foru Aldundiaren esanetan, ordea, punta-puntako orduetan “indartu” egingo ditu birmoldaketak, “jendea lanera, ospitalera edo unibertsitatera eramateko”. (Argazkia: Dani Blanco)

Zifren eta datuen dantza

Lurraldebuseko erabiltzaileen kopurua hazten ari da bitartean: 2016ko datuekin alderatuz, 2017ko lehen sei hilabeteetan ia 4 puntu, eta ia linea guztietan izan da hazkundea. Erabakiak hartzerakoan datuek diotenari kasu egiten diotela azpimarratu du Garmendiak: “Badakigu zehazki jendeak noiz erabiltzen duen autobusa, nondik nora joateko eta zer ordutan”. Hori kontuan edukita, goizeko punta-puntako orduak, aldatu ez ezik, indartu egingo direla dio, “jendea lanera, ospitalera edota unibertsitatera eramateko”

EH Bilduko eta Ahal Duguko Batzar Nagusietako ordezkariek ere badituzte euren datuak ordea. Foru Aldundiak, gaur egun, urteko 3,5 milioi kilometroko zerbitzua esleitzen du haien esanetan. Aurreproiektuak berriz, urteko 2,7 milioi kilometro esleitzea aurreikusten du, %23 gutxiago. EH Bilduri “manipulazioa” eta gizartean “alarma” sortu nahia egotzi dio Garmendiak, bere esanetan, koalizio abertzaleak 2015ean aldaketa eta maiztasun berak proposatu baitzituen.

Bestalde, beste eskualde batzuetan egindako aldaketek emaitza onak eman dituztela argudiatzen dute Foru Aldunditik, horretarako erabiltzaile kopuruan jarri dute arreta: Goierrin 2016an, %38,8ko gehikuntza izan zen eta 2017ko lehen seihilekoan %12,4koa. Nolanahi ere, eskualde horretan autobus zerbitzua birmoldatu eta erabiltzeko parte hartze prozesuak eta kanpainak egin ditu Aldundiak herritarren artean azken bi legegintzalditan.

Proiektuaren edukiak soilik ez, hura garatzeko moduak ere kritika zorrotza izan du eta “udalekin eta herritarrekin ez kontatu izana” salatu dute hainbat hautetsik

Langileak ere kezkatuta

Proiektu proposamenak autobus zerbitzuko langileen artean ere harrotu ditu hautsak. Orain arte Buruntzaldeko eta Tolosaldeko ibilbidea kudeatu izan duten enpresetako langileek, UGT, ELA eta LABen babesarekin, agerraldia egin zuten azaroan. Haientzat ere “murrizketak” dira Aldundiak proposaturikoak eta zerbitzu publiko batez hitz egitean “gizartearen interes orokorra interes ekonomikoen gainetik” jarri behar dela diote.

30 langilek baino gehiagok lanpostua galdu dezaketela ohartarazi dute sindikatuek –100 lagun inguru ari dira orain lanean–. “Zerbitzuak kentzean, langile asko soberan egongo dira” ohartarazi dute. Kontrara, Mugikortasun Departamentuak dio enpresa esleipendunetan ari diren langileen subrogazioa jasotzen duela aurreproiektuak eta beraz lanpostua eta baldintzak mantenduko dituztela.


Zerbitzu publikoak kanaletik interesatuko zaizu...
2018-05-08 | Leire Txakartegi
Bizkaiko erresidentzien greba: Begirada berriak

Ez dakit jakingo duzuen baina Bizkaiko erresidentzietako emakumeak gonbidapen ugari jasotzen ari dira estatuko txoko ezberdinetatik beraien gatazkaren berri emateko. Madrilen, Bartzelonan, Logroñon... egon dira jada.


2018-04-01 | Igor Agirre
Pentsio duina: denon lanak, denon eskubidea

Euskal Herriko pentsionistak kalera irten dira pentsio duinak aldarrikatzera. Bosgarren urtez jarraian, Hego Euskal Herriko erretirodun eta alargunek %0,25eko igoera jasoko dute beren ordainsarietan. Gutxieneko pentsioa 1.080 euroan jartzearen beharra azpimarratu dute, pentsiodun askok –nagusiki 65 urtetik gorako emakumeek– bizi duten pobrezia egoera salatuz.


2018-03-22 | ARGIA
Garraio eta funtzionarioen greba Ipar Euskal Herrian: lur, itsaso eta aire

Sektoreko zazpi sindikatu nagusik greba deitu dute Frantziako Estatu osoan administrazio publikoko langileen artean ostegunerako. “Ostegun Beltza” deituriko honek hainbat protesta batuko ditu Emmanuel Macron-en exekutiboa hartzen ari den neurriei kontra egiteko: funtzionarioak, garraio publikoko langileak eta pentsionistak.


LKSek Arrasateko udalari gomendatu dio kale garbiketa ez munizipalizatzea

Orain Cespa konpainiarekin daukan kontratua balio gabe geratuta, Arrasateko udala aztertzen ari da zer egin kale garbiketa zerbitzuarekin. Berriro lehiaketa publikora atera dezake; iazkoan Cespa eta Zerbitzu aurkeztu ziren. Edo zerbitzua munizipalizatu. Udal gobernu taldeak (EAJ-PSE) bideragarritasun txostena eskaturik, LKS kooperatibak gomendatu dio ez hartzeko bere gain zerbitzu hori, dirua galduko lukeelako. Eztabaida dago Arrasaten.


Hernani Town Council takes on Cleaning itself

Over recent years the FCC company has been in charge of keeping the streets of Hernani (Gipuzkoa) clean, just as in many other Basque towns. But from May onwards Hernani's own Garbitania public service will be doing that. Votes from EH Bildu and Orain Hernani (Podemos) passed switching the service from the private sector back to the public sector.


2018-03-15 | ARGIA
Zahar etxeetako langileen greba Ipar Euskal Herrian, nahikoa baliabide ez dutela salatzeko

LAB, CFDT eta UNSA sindikatuek grebara deitu dituzte gaur Ipar Euskal Herriko zahar etxeetako langileak, euren lana behar bezala egiteko nahikoa baliabide ez dutela salatzeko. 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Baionako suprefetura aurrean.


Hernaniko Udalak maiatzean munizipalizatuko du kale garbiketa

Azken urteotan FCCk –euskal udal asko eta askotan bezala– kudeatu duen kale garbiketa zerbitzua maiatzetik aurrera hiru udalen enpresa publikoa den Garbitaniak hartuko du bere gain Hernanin. Martxoaren 7ko udal plenoan EHBildu eta Orain Hernani (Ahal Dugu-Podemos) taldeen botoekin eman zaio argi berdea aspaldi pribatizatutako zerbitzu publikoen munizipalizazioari.


2018-02-19 | Laborari
Maite Barberarena, erizainen grebaz: "Ez gara makina batekin ari, jendeak dira!"

Maite Barberarena erizain laguntzaile ari da Isturitzeko Pausa Leku zahar etxean. Menpekotasun egoeran diren zaharren zaintzan ari diren profesionalek urtarrilean greba handia egin zuten Frantziako Estatu osoan, beren eskuetan dauzkaten zaharrak hobeki zaintzeko lan baldintza egokiak eskatzeko.


EAEko 251 udaletako eta foru aldundietako langileek lanuzteak egingo dituzte

Otsailaren 28an 30.000 langile inguru lau orduko lanuztera deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek.


Argi dute: zahartzaroan, etxebizitza kooperatiba

Senideak edo profesionalak zaintzaile dituztela etxean jarraitzea, edo bestela zahar-etxera joatea. Horiek ohiko ereduak, zahartzaroa iristen denean. Aukera berriak zabaltzen ari dira ordea, elkarren arteko zaintza, izaera komunitarioa, autogestioa, bizi-kalitatea eta adinekoen autonomia helburu.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude