Etxeko lorategian zulo bat egin eta altxor arkeologiko bat topatzea tarteka betetzen den topikoa da. Abdelkarim al-Kafarna gazte palestinarrak zulorik egin beharrik ere ez zuen izan.
Bait Hanun-eko bere etxeko atzeko patioan, astebetez euria gogotik bota ondoren, ur guztia nora zihoan galdetu zion bere buruari. Harlauza bat altxa zuen eta eskailera batzuk topatu zituen, eta eskaileraren amaieran, bederatzi hilobi, lau metro inguruko sakoneran. Datazio zehatzagoaren zain, hilobiak erromatarrak dira, kristautasunaren hasierakoak eta, beraz, 2.000 urte inguru dituzte. Giza hezurrez gain, botozko lanparak eta zeramikazko pieza batzuk ere aurkitu dituzte Abdelkarimen patioan.