Glifosatoa eta ni

Gure harremanaren kronologia laburra egingo dut soilik oroimena erabiliz, hau da, sarean gaiaz ikertu gabe. Hitz berria 2017ko udaberrian agertu zen nire bizitzan, gure etxean: Glifosatoa. Erabateko intrusioaren bidetik, produktu ekologikoz osatutako erosketa baten gehigarri eskatu-gabean aurkeztu zen. Gainbegiratu baino ez nuen egin. Ez nintzen gaizki sentitu gaiaz ezer ez jakiteagatik. Gai pila pasatzen dira ohartu gabe. Trenean eserita doan bidaiariari paisaiaren zati handiena leihotik kanpo geratzen den ingurutik pasatzen zaio. Akorduan dut inprimakiak nire arreta finkatzeko gakoa izan zela sinadura bilketa Europa mailakoa izatea. Pestizida toxiko bat Europan debekatzeko eskaera hartatik ulertu nuen: gizakientzat minbizi-sortzailea izan zitekeela eta, hau ziur, ondorio larriak zituela biodibertsitatean. Eta beti indargabe sentiarazten nauen zerbait gehiago: pestiziden gaineko ikerketak ez dituela pestizida industriak agindu eta finantzatu behar, baizik eta instantzia erregulatzaileak berak. “Ejem, kontu ezaguna!”. Lau sinadurarako lekua zegoen, eta herri-ekimen europarra zenez, bisitan etorriko ziren gurasoei ere sinadurak eskatzea otu zitzaidan. Inprimakia sukaldean zintzilik izan nuen haiek etorri ziren arte.

Sinatu zuten. Baina, dena esan behar badut, mesfidantzaz. Ea zer zen glifosato hori. Beraiek ez zekitela ezer horretaz, eta ea zer ote nekien nik. Ez baita nire arloa, benetan. Bidali genituen sinadurak, beste milioitik gora europarrenekin batera. Haurtzaindegiko ama bati entzun nion inprimakiaz, nirekin Yogara doan bati... Antza, zarata handirik egin gabe, baina ahoz-aho, bazebilen ibili, glifosatoa.

Urte erdira edo izan nituen haren hurrengo berriak. Noren eta Alemaniako nekazaritza ministro kontserbadorearen baiezko botoari esker (sorpresaz!), glifosatoa erabiltzeko baimena hurrengo bost urtetarako luzatuko zela Europan. Nola eta sozialista deituriko alderdiak daraman ingurugiro ministerioaren betoaren kontra, artean bi alderdi handien koalizioa indarrean zegoela, eta alta, koalizio horren araudia urratuz. Noiz eta Merkelen alderdiak, Jamaikaren koloreak lituzkeen gobernu alemaniar batera heltzeko negoziazioek porrot egin zutenez, sozialista traizionatu horiexekin zundaketetan hasi behar zuenean. “Amatxo maitea, benetan?”. Deskalabru hau guztia prentsan agertu zenean glifosatoaren kontrako jarreran argumentu bat nagusitzen zen argi eta garbi: espezien suntsipena. Adituak izan gabe ere, kontzeptu batzuk serio hartzen hasi behar dugu.

Gabonak tartean, aste batzuk pasa dira ostera ere glifosatoaz entzun orduko. Koalizio berririk gabe jarraitzen du Alemaniak (agian ez du BEHAR) eta lagun batek esnatu nau goizean, telefonoz, 300 bat traktore pasa direla bere etxe aurretik. Bere umea entzuten dut atzetik, asaldatuta “Traktor! Traktor!” esaten. Dinosauroak zer diren dakien ume batek leihotik dinosauroak ikusi izan balitu bezain aztoraturik. Nire laguna ere, umearen ama, hunkituta dago, ez zuela gogoan manifestazioa zegoela, elkarrekin joango ahal ginen. Nik ez nekien ezer delako manifestazioaz, beste laborantza baten eta glifosatoaren debekuaren aldekoaz, baina ezin izan dut berarekin joan, umeen gripeak aginduta.

Lagunaren balantzea jaso dut mezu bidez: “160 traktore! Bat Augsburg-etik. Asko hegoaldetik etorriak. Erleen kontuarekin hasi behar dugu”. Badaude bere bidea egiten duten aferak. Baietz erantzun diot, kontatzeko nirekin.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude